Koldo Zabarte: “Ondo aparkatuta bagaude, non dago arazoa?”

Koldo Zabarte: “Ondo aparkatuta bagaude, non dago arazoa?”

N. S. O.

350 kide ditu Sorbeltz autokarabana erabiltzaileen elkarteak; horien herena, bizkaitarrak dira. Hala azaldu du Koldo Zabarte Perez (Gasteiz, 1967) elkarteko kideak. Uste du autokarabanentzako egokitutako eremu gehiago behar direla.

Azken urteetan asko ugaritu dira autokarabanak eta horien erabiltzaileak. Zer gertatu da?

Europan betidanik egon da turismo ibiltariaren ohitura. [Espainiako] Estatuan, azken bi urteetan, ia urtero %20ko igoera egon da salmentatan. Batez ere iaz, pandemia izan zela eta, igoera handitu egin da. Guk uste dugu, Europan bezala, hemen ere turismo ibiltaria areagotzen ari dela.

Bizkaiko zenbat erabiltzaile dituzue elkartean?

Gaur egun, 350 kide ditugu. Horien herena bizkaitarrak dira. Euskal Herriko erabiltzaileez gain, Huescako eta Asturiaskoak [Espainia] ere baditugu.

Autokarabanen erabiltzaileak baino ez zarete zuek, ezta?

Bai, karabanen kontua guztiz desberdina da araudiari dagokionez.

Erabiltzaileek sarri salatu dute ez dagoela autokarabanentzako egokitutako nahikoa lekurik. Hala uste duzu?

Bai. Lehen esan dugun bezala, erabiltzaileen hazkundea oso handia izan da azken bi urteetan, eta ez dago guretzako egokitutako lekurik. Politikariek Frantzian edota Alemanian jarraitzen duten ereduari erreparatu beharko liokete, hemen ere beste turismo era bat bezala ikus dezaten.

Zer eredu da hori?

Frantziako eta Alemaniako edozein lekutan daude autokarabanentzako egokitutako guneak. Han ez dago arazorik. Hemen, ordea, kanpinen presioagatik, agian, ez da erraza era horretako guneak lortzea.

Autokarabanen erabilera arautzen duen araudi orokorraz gain, herriz herri ere arauak aldatu egin daitezke. Orokorrean, zer araudi bete behar duzue?

Kalean aparka dezakegu. Gu ibilgailuak gara, eta guk ere ordaintzen ditugu gure zergak eta edozein lekutan aparka dezakegu. Hori teoria da. Baina praktikan, leku askotan hesiak edo oztopoak jartzen dizkigute ezin sartu ahal izateko edo ikurrak ez aparkatzeko. Baina, teorian, ez dira zilegiak. Azken batean, handiagoak bai, baina ibilgailuak dira gureak. Debekatuta dagoena da aulkiak, mahaiak, toldoak eta antzekoak ateratzea. Teorian, aparkatzeko ez daukagu debekurik. Hala ere, herri bakoitzak mugatu egiten du ahal duenean.

Herrietan jartzen dizkizueten debeku horiek legezkoak izango dira, ordea.

Bai, legezkoak dira. Baina arraroa da zeren ordenantzak lege nagusiek baino balio handiagoa dute. Hori zaila da ulertzen. Estatuko legeek ez badigute debekatzen, ez dut ulertzen zergatik gero udalerrietan debekatzen diguten.

Zenbait herritan, hondartza inguruetako aparkalekuetan batez ere, autokarabanek eta antzeko ibilgailuek leku asko hartu dituztelako kexak egon dira. Zer iruditzen zaizkizu kexa horiek?

Guk ere aparkatzeko eskubidea daukagu. Guk ere ordaintzen dugu. Badakit handiagoak garela eta gehiago ikusten zaigula. Baina guk ere zergak ordaintzen ditugu. Beste kontu bat da aulkiak, mahaiak eta bestelakoak ateratzen baditugu. Hori zigortu egin behar da. Baina, bestela, ez dakit non dagoen arazoa.

Aparkatzeagatik zuek ez duzue ikusten arazorik?

Ez. Ondo aparkatuta baldin bagaude, non dago arazoa?

Autokarabanentzako egokitutako lekuak zer dira, zehazki?

Ur garbia hartzeko txorrota eta ur zikinak botatzeko lekua duten eremuak dira. Guri berdin zaigu ordaindu behar bada. Ez dugu eskatzen doan izatea.

Bizkaian era horretako zenbat gune daude?

Hamabost inguru egongo dira. Duela gutxi Larrabetzun ireki dute beste gune bat.

Gehiago beharko lirateke?

Nik uste dut baietz. Sorbeltz elkartetik udalekin harremanetan ari gara horretarako. Leku askotan ikusi da, batez ere, herri txikietan, turismoa bultzatzeko edo indartzeko beste bide bat izan daitekeela. Hego Euskal Herrian gutxi gorabehera 60 autokarabana gune daude. Landetan [Okzitania], berriz, 50.

Eskubideak aldarrikatzen dituzuen moduan, betebeharrak ere izango dituzue, besteak beste, ingurua zaintzekoak. Horrelakoak nabarmentzen al dituzue zuek?

Bai, noski. Beste edozein ibilgailuk bezala. Sorbeltz.org gure atarian dekalogo bat daukagu gure erabiltzaileek gauzak behar bezala egin ditzaten; batez ere, erabiltzaile berriek gauzak zer-nola egin behar dituzten azaltzeko. Izan ere, iragarkietan sarri agertzen da autokarabana bat hondartzan, dena kanpora aterata… Hori oso polita da, baina jendeak jakin behar du hori debekatuta dagoela. Eta zaborra ezin duzu bota nahi duzun lekuan. Horretarako ere eskatzen dugu egokitutako gune gehiago.