Peru Azpillaga Diez
Bizkaiko autoeskoletako langileek 11 urte daramatzate sektoreko lan hitzarmena berritu gabe. Azken urtean sektoreko ordezkaritza osoa duten bi sindikatuak negoziatzen saiatu badira ere —ELA eta CCOO—, akordiotik urrun daudela jakinarazi dute, eta grebarako deia egin dute ekainaren 8rako eta 10erako.
“Argi geratu da patronalak ez duela egungo hitzarmenean aldaketa nabarmenik negoziatu nahi, sektoreko langileen baldintza kaskarrak hobetzeko eta genero arrakala gainditzeko”, salatu dute ELAk eta CCOOk, ohar bateratuan. “Beraz, patronalak ez digu beste aukerarik eman: Bizkaiko autoeskoletako beharginok mobilizazioei ekingo diegu”, erantsi dute.
“Autoeskolen sektorean oso ohikoa da akordio pertsonalak egitea; bakoitza ahal duen moduan eta bere gaitasunen arabera negoziatzera behartuta dago, eta, beraz, sekulako desberdintasunak daude langileon artean”, azaldu du Ana Alonso Bizkaiko autoeskola bateko irakasleak. “Arrakala jada ez da soilik autoeskola batetik bestera gertatzen; autoeskola berean ere, desberdintasun handiak daude”, gehitu du.
Alonsok dioenez, izan duten hitzarmen bakarra 2009an sinatu eta 2010eko abenduan amaitu zen. “Geroztik, blokeatuta dago, eta ez da berritu”. Hala ere, kontatu duenez, “halamoduz” egindako hitzarmen bat izan zen, “taberna batean sinatu izan balute bezalakoa”. Ordutik, 11 urte igaro dira, eta langileak orduko baldintzekin jarraitzen duela esan du Alonsok: “Gure lan baldintzak izoztuta daude. Irakasleek lan egindako ordu bakoitzaren araberako soldata dute, eta administrazioko langileak ez dira lanbide arteko gutxieneko soldatara heltzen asteko 40 orduko lanaldiarekin”.
“Batez ere, soldatak erregulatzea eskatzen dugu, diru asko era irregularrean ordaintzen delako”, esplikatu du. Alonsok dioenez, hitzarmenean agertzen diren soldatak errealak ez direlako gertatzen da arazo hori. Horrekin batera, azken urteetan, enpresen arteko “prezio guda” egon dela ere aipatu du: “Gaur egun, gida baimena ateratzea lehen baino merkeagoa da. Jaitsiera hori, azkenean, langileak ordaindu du, gainera, gasigo egin direlako”.
Miren Zubizarreta ELA sindikatuko arduradunak deritzo sektorea ez dela egokitu azken urteetako aldaketetara: “Matrikulen prezioak jaisten joan dira, autoeskoletako lan baldintzen kaltetan; hitzarmenik egon ez denez, banakako negoziazioak egin dira, negoziazio kolektiboa indibidualizatuz eta atomizatuz”. Hala, irakasle askok, hitzarmenaren araberako soldata “ofizial” bat jasotzen dutela dio, eta, gero, “modu irregularrean”, bakoitzak negoziatutakoa. Gainera, lanorduetan ere “irregulartasunak” daudela jakinarazi du Zubizarretak.
Enpresa txiki asko daudenez sektorean, langileak “oso atomizatuta” daudela deritzo Alonsok, eta horregatik uste du egon dela “indibidualizaziorako” joera: “Ez dago enpresa handi bat, autoeskoletan langile gutxi egon ohi gara, eta delegatuak lortzea ere prozesu zaila izan da, enpresa gutxi daudelako sei langile edo gehiago dituztenak”. Guztira Bizkaiko autoeskoletan 350 langiletik gora daudela jakinarazi du Alonsok, 80 autoeskola baino gehiagoren artean banatuta.
Genero arrakala
Sektorean egin behar diren aldaketen artean, autoeskoletako irakasleen egoera “irregularraz” gain, administrazioko langileek pairatzen duten “sexu arrakala” ere aipatu du Zubizarreta ELAko kideak. “Gehienak emakumezkoak dira, sektoreko lanposturik feminizatuena da, eta oso soldata baxuak dituzte”. Lan hitzarmenaren arabera, kategoria altuena ozta-ozta 1.000 eurora heltzen dela esan du, lanbide arteko gutxieneko soldataren pare. “Gainera, haien lanaldia 40 ordukoa da, eta irakasleena, berriz, 35ekoa”, zehaztu du.
Langileek egoerari “buelta eman” nahi ziotela ikusita, ELA eta CCOO sindikatuek patronalarekin negoziazio mahai bat martxan jarri zutela kontatu du Zubizarretak. “2020ko urrian abiatu genuen prozesua, zazpi hilabete igaro dira geroztik, baina patronal funtzioa betetzen duen APAVI Bizkaiko Autoeskolen Probintzia Elkarteak ez du pisuzko ezer onartu nahi izan; horregatik erabaki dugu grebara jotzea”.