P. Azpillaga Diez
Gaur egungo gazteriak, agian, ez du ezagutzen gure borrokaren iragana, eta merkataritza gune eta lan prekarioen artean bizi dira. Baina langile borroka Ezkerraldeko historiaren ildo nagusia da, eta horrela izan behar du aurrerantzean ere, kapitalismoak borrokaren bitartez lortutakoa ezabatu ez dezan”. Hala aurkeztu dituzte Sestaoko Txirbilinea kulturguneko kideek maiatzerako antolatu dituzten Langile Borroka Gara jardunaldiak. Eskualdeko memoria bizirik mantentzea dute helburua, baina, iraganean iltzatuta geratzetik urrun, langile borroka gaurkotasunera ekarri eta egun martxan dauden erronka eta auzien berri emateko gune bat ere eskaini nahi izan dute.
“2013an jarri zen Txirbilinea martxan, eta jardunaldi hauek izan ziren kulturgune gisa antolatu genuen lehen ekintza. Labe Garaietako eskola zaharra okupatu genuenean, helburu bat herri gisa genuen herentzia berreskuratzea zen”, esan du Isabel Tomas jardunaldien antolatzaileetako batek. Hark dioenez, jardunaldiak “ardura historiko” bat izango dira haientzat, herriak eta eskualdeak duen iragan langileari dagokion balioa emateko modu bat.
“Egun, hemen lortu diren langileen garaipen guztiak desagerrarazten ari dira; urteetako borrokaren bidez lortutako aberastasuna kendu nahi digute”. Azaldu duenez, prekaritatea ez da fenomeno berria Ezkerraldean: belaunaldiz belaunaldi bertako familiek pairatu behar izan duten egoera bat izan dela dio. Nabarmendu du “soilik langile elkartasunaren bidez” egin izan zaiola aurre.
Tomasek azpimarratu duenez, desindustrializazio prozesua hasi zenetik asko aldatu da eskualdeko errealitatea, eta belaunaldi gazteenek ez dute borroken transmisiorik jaso: “1970eko hamarkadatik krisi amaiezin batean murgilduta gaude Ezkerraldean. Erakundeek zerbitzuen sektorearen aldeko apustua egin dute, langileon eskubideak murriztuz, lan prekarioa sustatuz eta langile klasea gehiago zatituz”. Esan du lehen milaka langile batzen zituzten fabrikak zeuden tokietan orain hogeiko taldeak daudela, eta horrek langileen antolakuntza eta eskubideen defentsa “oztopatzen” duela. “Ke gutxiago egongo da, baina porlan mordoa dago oraindik, eta baita gero eta lan gutxiago ere. Gu herritik kanpo joan behar izan gara lana topatzera. Ikusten dugun etorkizun bakarra esklabotza da: Amazon edo Glovo bezalako enpresentzat edota merkataritza gune handietan lan egitea”, ohartarazi du.
Horregatik, “klase kontzientzia” bereganatzearen garrantziaz mintzatu da Tomas: “Langile borroka askotarikoa eta zabala dela uste dugu, eta guztiok batera lan eginez eta kaleak hartuz soilik lortuko dugu hau aldatzea. [Eduardo] Galeanok zioenez, jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Hori da gure filosofia. Klase kontzientzia bereganatu, eta elkar laguntzea: ez dago beste biderik”.
Atzoko eta gaurko borrokak
Jardunaldiak antolatzeko orduan, haien helburua da gaurkotasuna daukaten lan gatazken inguruan hitz egitea: “Zoritxarrez, urtero dugu eskualdean gatazkan dagoen enpresaren bat, eta beti saiatzen gara borroka horien topagune bat izaten”.
Horregatik, oraingoan, Novaltia, Estiba, PCB, Mediapost eta Tubacexeko langileak gonbidatu dituzte jardunaldien irekierako hitzaldira: “Aurreko astean egon ginen haiekin, eta oso aberasgarria izan zen. Uste dugu halako esperientziak funtsezkoak direla borrokan hari diren horientzat”. Askotan “terapeutikoa ere” badela deritzo Sestaoko saioen antolatzaileetakoak: “Haien egoera azaldu eta haiekin bat egiten duen jendea dagoela ikusteak indarra ematen du. Borroka horietako batzuk, gainera, ez dira hedabideetan behin ere agertu, eta gu oihartzuna ematen saiatzen gara”.
Esplikatu du, esaterako, urtero feminismoarekin lotutako borrokak jasotzen dituztela. Horretarako, gaur bertan, autodefentsa komunitario feministaren inguruko hitzaldi bat izango dute: “Gure ikuspuntutik langileen borroka historikoa ez litzateke posible izango emakumeek egindako lan guztia gabe. Hori dela eta, marko akademikoa eta esperientzia kolektiboak uztartuz, lekua egiten diegu beti feminismoarekin lotutako langile borrokei”. Hala, Yolanda Jubeto ekonomialari feministaren hitzaldia izango dute, batetik, eta Langile Autodefentsa Sarea, Harian Sarea eta Trabajadoras No Domesticadas taldeen mahai ingurua, bestetik.
Azkenik, nazioarteko ikuspuntuari eutsiz, Birazapatistaren aurkezpena egingo dute bihar. Jardunaldiei amaiera emateko, Ekainak 28 koordinakundearen hitzaldia antolatu dute: “LGTB mugimendua ere klase borroka dela defendatzen dugu, eta, horregatik, guretzat ezinbestekoa da jardunaldietan izatea”.
Egitaraua
Maiatzaren 12an hasi ziren 9. Langile Borroka Gara jardunaldiak Sestaon, Txirbilenea kulturgunean. Hona falta diren ekitaldiak.
Gaur
18:30. Yolanda Jubeto ekonomialariaren hitzaldia: Frente a la precariedad vital, autodefensa comunitaria feminista.
Ondoren. Mahai ingurua: Bilboko Langile Autodefentsa Sarea, Harian Sarea etaTrabajadoras No Domesticadas.
Bihar
11:00. Topaketa eta vermuta: Bira zapatista, Sestaon.
Ondoren. Film labur baten emanaldia eta Euskal Herriko Biza zapatistaren aurkezpena.
Maiatzak 29
12:00. Ekainak 28 koordinadoraren hitzaldia: Fuego amigo en la lucha obrera.