“Kultura herrikoiaren aldeko taldeek gero eta oztopo gehiago dituzte”

[Jaurlaritzak dantza taldeen emanaldiak baimendu aurretik bidali zen 'Bizkaiko Hitza' errotatibara] Itzubaltzetako Zasi Eskolako kideak esan du pandemia "egoera latza" eragiten ari dela euskal dantzen taldeetan. Hala ere, ez du pentsatu nahi haria etengo denik, eta uste du suspertuko direla. Erakunde publikoen laguntza eskatu du.

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko dute etzi. Getxon egin behar zuten, baina sare sozialen bidez egingo dute. Itzubaltzetako Zasi Eskola eta Algortako Agurra dantza taldeek kultura herrikoiaren aldeko manifestaziora deitu dute egun bererako, Getxon. 12:00etan aterako dira, Kasune kaletik. Aitor Bravo Encinas (Getxo, 1972) Zasi Eskola taldeko kideak dio dantzaldiak kalean egin nahi dituztela.

Dantzari Eguna Bai leloarekin aterako zarete kalera, etzi. Zer aldarrikatuko duzue?

Kultura herrikoiaren eta euskaldunaren alde borondatezko lana egiten dugunok ditugun oztopoak eta neurriak bertan behera uztea nahi dugu. Erakunde publikoei protokolo bideragarriak eta dugun egoera honi aurre egiteko laguntzak eskatzen dizkiegu.

Zailtasun berezirik ba al duzue zuen jarduera gauzatzeko?

Gurean, kale gorrian egiten ditugu entseguak. Bestalde, guretzako hain garrantzitsuak diren dantzaldiak —finantzaketa apur bat lortzeko ere baliagarriak dira—, eten egin dira, eta, nahiz eta neurri guztiak bete, ezin ditugu egin. Entseguak musukoa jantzita, distantziak gordeta eta elkar ukitu gabe egiten ari gara. Hala ere, kale gorrian egin behar ditugu.

Eskakizu nagusia entseguak areto batean egiteko baimena da?

Batetik, entseguak egiteko lekua eta, bestetik, erakunde publikoek agertokietan edo kalean bertan dantzaldiak antolatzeko aukera ematea; neurri guztiak beteta, noski. Gure borondatezko lana plazaratu nahi dugu, eta erakunde publikoek gure lana plazaratzen laguntzea. Hori, oraingoz, ez dugu sumatzen.

Manifestazioa Bizkaiko Dantzari egunean bertan egingo duzue. Ez da kasualitatea, ezta?

Egun hori aprobetxatu gura dugu gure lana plazaratzeko, eta kaleko jendeak ikus dezan guk lanean jarraitzen dugula; asko kostatuta, baina lanean jarraitzen dugula.

Aurten ere Bizkaiko Dantzari Eguna sare sozialen bidez egingo da. Zer-nola egingo duzue?

Iaz sareen bidez egin genuen. Bideoak aurkeztu genituen Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren bidez. Talde bakoitzak egin zuen bere bideoa. Oraingoz, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak ez dio babesa eskaini manifestazioari, eta uste dut Dantzari Eguna iaz bezala egin beharko dugula, gure lana nolabait plazaratzeko.

Zuek nahiko zenukete erakustaldia elkarrekin eta kalean egin ahal izatea?

Noski. Uste dugu badaudela aukerak, segurtasun neurriak beteta, gure lana kalean edo agertokietan plazaratzeko.

Pandemia zer-nola ari zaizue eragiten euskal dantzak egiten dituzuen taldeei?

Benetan eragin gogorra izaten ari da. Batetik, ez daukagu aukerarik udal aretoetan entseguak egiteko. Bestetik, sumatzen ari gara jende asko atzera egiten ari dela. Euskal dantzek jendea behar dute, eta talde asko jendea galtzen ari dira. Ez dut esan nahi galtzeko zorian dagoenik, baina dantza talde batzuk larri ibiliko dira jendeagaz.

Uste duzu egoera honek katea eten dezakeela?

Ez, ez dut hori pentsatu gura. Pentsatzen dut etenaldia izango dela, baina suspertuko garela. Kolpea latza da, jendea galtzen ari gara. Ikusten da gure entseguetara jende gutxiago datorrela, baina pentsatu gura dut gure lana plazaratuta, eta jendeak ikusten bagaitu ostera ere kalean, suspertu egingo garela.

Nortzuk eman dizuete manifestaziorako babesa?

Antolatzaileak Agurra dantza taldea eta Zasi Eskola dantza eskola dira. Horiez gain, Areetako Berantzagi dantza taldea, Getxoko Itxas Argia dantza taldea, Urdulizko Iratxo Gorria dantza taldea, Derioko Lainomendi dantza taldea, Ekhi Produkzioak, Getxoko EH Bildu, Hezetasuneko Jai Batzordea, Erromo Jai Batzordea, Algortako Jai Batzordea, Getxo Kultura plataforma eta Algortarrak Bat taldea daude. Espero dugu herritarrak eta kultura herrikoiaren aldeko eragileak ere batuko zaizkigula.

Talde batzuk entseguetan ari zarete, kalean bada ere. Baina badago jarduera bertan behar utzi duenik ere. Zer-nola ikusten duzu egoera hori?

Egoera latza da, eta, behin etenda, kostatu egiten da martxan jartzea. Guk iazko martxoan eten genuen, eta duela bi hilabete berreskuratu dugu martxa. Hausnarketa egin genuen, eta erabaki genuen aurrera jarraitzea; bestela, etenaldi luzea edo betiko etenaldia izateko arriskua zegoen.

Kultura herrikoiaren aldeko manifestazio gisa aurkeztu duzue etzikoa. Kultura herrikoia jomugan jarri dutela uste duzue?

Bai. Azkenaldian, kultura herrikoiaren aldeko taldeek gero eta oztopo gehiago aurkitzen dituzte erakunde publikoen aldetik. Horri aurre egiteko asmoa du manifestazio honek.