Ibai Maruri Bilbao
Izenak berak adierazten du zein den egitasmoaren helburua: Landue; hau da, Durangaldean Lana Euskaraz. Durangoko Merindadearen Mankomunitateak ipini du martxan. Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkeus proiektuaren abaroan sortu da. “Aurrea egiteko lan eta enpresaren munduan ere arnasa behar du euskarak; hauspoa behar du”, esan du Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatuak.
Mankomunitateak emandako datuak dira hurrengoak. Durangaldean 3.901 enpresa edo establezimendu daude. Horien artean 250 langiletik gorako hamar enpresa daude; 50 langile edo gehiago dituztenak, berriz, 79 dira. Eskualdean behar egiten duten langileen ia erdiek —%45,6k— aipatutako enpresa horietan egiten dute lan. Era berean, eskualdeko herritarren %52,28 euskaldunak dira. Beraz, uste dute Durangaldearen ezaugarriek aukera handiak ematen dituztela lan munduan euskararen kudeaketan eragiteko, baita oraindik eremu honetako hizkuntza harremanak lantzeko ere.
Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribek azpimarratu duenez, Durangaldean euskararen ezagutzak “asko” egin du aurrera azken urteetan. “Euskararen erabilera, aldiz, ahul dago aisialdian, kirol arloan eta eremu sozioekonomikoan. Horregatik, mankomunitateak arlo hauetan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu zuen legealdia hastearekin batera”. Gaineratu du, Landue egitasmoaren bidez, Durangaldeko enpresei “hurbileko zerbitzua eta laguntza” eman gura dietela, erakunde publikoen eta enpresen arteko elkarlanarekin, lan munduan euskararen erabilera areagotzeko.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak esan du gizarte eleaniztunean euskarak lekua izateko “ezinbestekoa” dela lehentasunak finkatzea: “Lehentasunetan egon beharko lukete beti lankideen arteko harremanei eragiten dieten ekimenak, eta bezero euskaldunekiko harremanei eragiten dietenak ere bai”.
Etapakako egitasmoa
Datozen hiru urteetan Durangaldeko hamabi enpresa handik euskararen erabileran aurrerapausoak ematea lortu nahi da; hau da, Durangaldean dauden enpresa handien %13k. Lehenengo urte honetan bost enpresarekin egingo dute lan, eta urtez urte gehituko dira gehiago, hamabirekin lan egitera iritsi arte. Enpresa bakoitzarekin hitz eginda zehaztuko dituzte bakoitzaren lehentasunak, baina, besteak beste, diagnostiko orokor bat egingo diete, gero lehentasunezko atalak zehazteko. Lehentasun horiek enpresaren ezaugarrien araberakoak izango dira, eta haiekin adostuta emango dituzte aurrera egiteko pausoak. Kasu guztietan metodologia “arina eta eraginkorra erabiliko” da. Lau etapa ditu egitasmoak: diagnostikoa egin, helburuak zehaztu, esku hartzea egin eta lortutakoa errotu.
Enpresa txikien kasuan, hiru urtean 50 langile baino gutxiago dituzten 30 espresarengana iristea dute helburua. Urtean sektore zehatz bateko hamar enpresatan eragingo da. Aurten, batez ere, automozio sektorearekin egingo dute lan, Durangaldean sektore honek duen garrantzi eta pisuagatik. Enpresei zerbitzu eta euskarri zehatzak eskainiko dizkiete herritarrentzako zerbitzuak euskaraz bermatzeko. Asmoa bikoitza izango da: batetik, enpresen lan hizkuntzan eragitea, eta, bestetik, herritarrengan eragin handia duten hiru sektore landuz zerbitzuan euskara bermatzea.