Peru Azpillaga Diez
Gerrak utzi zituenak “ahaztu ez daitezen”, Galdakaoko Udalak memoria historikoa “berreskuratu, gogoratu eta aintzat hartzeko” lanean dihardu. Izan ere, 1936ko gerraren hasi zenetik, gune estrategikoa izan zen Galdakao ikuspuntu militarretik, bere kokapen eta industria zirela eta. Horregatik, udalak hainbat proiektu jarri ditu martxan bertan jazotakoak bildu ahal izateko. Azkena, gerraren aztarnak ezagutzera emateko sortu duten memoriaren ibilbidea.
Iñigo Hernando alkateak azaldu duenez, udalak memoria historikoa “berreskuratzeko” apustua egin du; burdinazko hesiari lotutako hiru ibilbide osatzeaz gain, hiri ibilbide bat ere estreinatu berri du: 1936ko gerran “oso esanguratsuak” izan ziren herriko bost gunetan plaka bana jarri du. Gainera, udalaren webgunean, orain arte osatu dituzten ibilbideak batzen dituen bannerra ireki dute. Era berean, asmoa dute lurpean ezkutatuta jarraitzen duten galdakaoztarren gorpuzkiak desobiratzeko.
“Ibilbide deitu zaio, baina gaur-gaurkoz ez dauka ibilbide formarik. Ikasturte honetan, bost panel jarri dira, eta asmoa da etorkizunean panel gehiago jartzea”, ekin dio ibilbidearen azalpena emateari Ander Aperribai historialariak. Gerraren inguruan hitz egitean, Galdakaoko gune esanguratsuena burdinazko hesia dela azaldu du. Hala ere, herrigunean bertan “balio handiko” lekuak daudela azpimarratu du.
Ibilbidearen lehenbiziko geralekua Kurtzeko plaza da. Aperribaik kontatu duenez, 1937ko martxoaren 31n Bizkaiaren kontrako ofentsiba hasi zen, eta, apirilean, euskal armada dibisioka berrantolatu ostean, Galdakaon ezarri zen 2. dibisioaren aginte postua. Joaquin Vidal Munarriz koronel nafarra izan zen dibisioko burua eta Bizkaiko defentsaren arduraduna. Plaza alboko txaletean, George L. Steer kazetariarekin eta Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariarekin elkarrizketatu zen, besteak beste.
Hala, gerra garaian, eraikin askok ordura arte izan gabeko funtzioak hartu zituztela esplikatu du Aperribaik. Esate baterako, plazan bertan dagoen Gandasegiko eskola kuartel gisa erabili zen, eta, horregatik beste plaka informatibo bat kokatu dute han, bigarrena.
Hurrengo panelera iritsita, kontaketaren haria berreskuratu du Aperribaik. “Tropa nazionalek ekainaren 1an eraso zioten burdinazko hesiari, eta hurrengo egunean defentsa sistema igarotzea lortu zuten. Hori igaro ostean, ekainaren 15ean Galdakaon sartu ziren. Behin-behineko kartzela gisa erabili zuten gaur egungo Iturrondo plazaren eta Juan Bautista Uriarte kaleen artean zegoen Inuntziaga txaleta, eta, Bilbo hartu arte, aginte postu moduan ere erabili zuten”.
Bonbak eta babeslekuak
Azkenik, Plazakoetxen bi plaka daude jarrita. Lehenbizikoa Basabe erreka igarotzeko erabiltzen zen tunela zegoen lekuan dago. Bertan, bonbardaketaren inguruko informazioa dago idatzita. “Xabier Irujo historialariaren arabera, Galdakaok 28 aire bonbardaketa jasan zituen, eta odoltsuena 1937ko maiatzaren 19koa izan zen”, nabarmendu du Aperribaik. “Egun hartan, Alemaniako hegazkin batek hainbat bonba jaurti zituen, eta batek babesleku bilakatutako tunelaren sarreran jo zuen. Bizilagunak zaurituak artatzera joan zirenean, hegazkinak berriz ekin zion erasoari. Operazio horren ondorioz, hamasei galdakoztar hil ziren”, erantsi du. Aperribaik jakinarazi duenez, Galdakaoko bonbardaketetan 37 pertsona hil ziren, gutxienez.
Bigarren panela gorago dago jarrita, bonbardaketei aurre egiteko eraiki ziren Tximiolarreko babeslekuetan. Berriki berreskuratu den babeslekuaren inguruko informazioa ematen du panelak. Egun, mendixka baten barruan eraikitako babeslekuaren bi ateak egokitu dira. Aperribaik azaldu du bigarren fasean babeslekua interpretazio zentro gisa egokituko dutela.
Hain zuzen ere, Hernando alkateak jakinarazi du hildakoen senideei omenaldia egingo zaiela maiatzaren 19an, Galdakao bonbardatu zuteneko urteurrenean. Era berean, Tximiolarreko lanak egun horretarako amaituko dituztela erantsi du, eta lehen ikustaldia senideekin egingo dutela. Memoriaren Astea egingo dute maiatzaren 17ko astean. Ekainaren 15ean faxistak herrira sartu zireneko urteurrena ere gogoratuko dutela aipatu du, eta, data horren bueltan, Galdakao Gogora-ren eskutik egun antolatuta dauden ibilbideetan bisitak egingo direla esplikatu du.