Bizkaiko baso motak, eskala txikian jarrita

Bizkaiko baso motak, eskala txikian jarrita

Maialen Arteaga

Bizkaian dauden arbola espezie autoktonoak bildu, landatu eta ikusgai jarri: hori egin egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak Erandioko Akarlanda parkean. Baso ondarea ezagutzeko helburua duen ibilbide didaktiko bat sortuko du. Bertoko hamabi zuhaitz espezie landatuko dituzte. 1,5 kilometroko ibilbide zirkularra izango da, Martintxuneko foru mintegian hasi eta bukatuko dena. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak azaldu duenez, mintegi horretatik bildu da azken urteotako landare materiala: bertatik jaso dira landatzen diren 106 espezie autoktono, eta horietatik hamabi espezie landatu dira ibilbiderako. Txango horretan, zuhaitz espezie nagusiak eta horien ondoan hazten diren beste batzuk ikusi ahal izango dira.

Ibilbidea parte hartzailea izango da. Bukaeran, ikusleek tailer bat egiteko aukera izango dute, Martintxuneko mintegian. Sasoiaren araberakoak izango dira jarduera horiek; hau da, urtaroaren arabera, dagokion jarduera egingo da: erein, aldaxkatu, inaustu, transplantatu…

Proiektu honek bi helburu nagusi dituela kontatu du Amaia Antxustegi Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak: ezagutza eta zaintza.”Egitasmo honen helburua bikoitza da: batetik, herritarrek baso honetako espezie autoktonoak ezagutzea, eta, bestetik, horiek zaindu eta babestea”. Ekosistema naturalak ugaltzeko modu bat dela esan du Antxustegik, eta herritarrak horietara “hurbiltzeko eta basoei balioa emateko” modu bat. Akarlandako ibilbidea ingurumenarentzako “beste pauso bat” dela azaldu du: “Erabilera eta kudeaketa jasangarria bultzatzen du”.

Bertoko landaredi sistemak birsortuko dira: hainbat motatako pagadiak, hariztiak eta artadiak, haltzadi kantauriarrak eta gatzaga zuriak erreproduzituko dituzte. Bizkaian ohikoak diren beste espezie batzuk ere ikusgai izango dira.

Zuhaitzen ezaugarriak

Landare sailak Akarlandako atsedenlekuaren hegoaldean eta ekialdean landatuko dituzte, Bizkaiko ingurumenaren baso egitura simulatuz, eta zuhaitz talde bakoitzerako 200 metro karratuko azalera erabiliz. Dena dela, aldez aurretik inguruan dauden zuhaitzek baldintzatuko dituzte zuhaizti horien azalerak eta formak, landaredi horren zati handi bat bere horretan mantenduko baita, eta sortuko den baso unitatera egokitu. Sail bakoitzean zuhaitz nagusi bat egongo da, eta, harekin batera, bigarren mailako zuhaixka espezieak tartekatuko dituzte.