Bilboko itsasadarra, mundura

Bilboko itsasadarra, mundura

Zihara Jainaga Larrinaga

Bilboko itsasadarrean, Parisko Senan ibiltzen diren itsasontziak. Erromako Fontana di Trevi, Bilboko Moyua plazaren erdian. Kale Nagusia, urez gainezka, Veneziako kanalei eta bertako gondolei erreferentzia eginez. Istanbulgo (Turkia) Bosforo itsasartea, Bilbon barrena, atzeko aldean meskita bat duela. Bilbo hiria munduko hainbat hiritan eraldatua, baina bere esentzia galdu gabe irudikatu nahi izan du Pablo Ugartetxea artistak Bizkaiko hiriburuko Itsasmuseumen ipini duen margolanen erakusketan. Itsasadar aparta jarri dio izenburua, eta bertan Bilbosforo, Ria Gauche, Ria Doitre, Fontana de TreBil, Carola Hill eta Riviera de Deusto izeneko koadroak ikus daitezke. “Munduko hainbat hiri birsortu ditut, baina Bilboko arkitektura erabiliz. Oso arkitektura aberatsa, eklektikoa eta askotarikoa da”, azaldu du Ugartetxeak. Erakusketa ikusgai dago museoko Carol Iglesias espazioan, datorren ekainaren 29ra arte.

Erakusketa osatzen duten hamahiru lanak itsasoak batzen ditu. Hain zuzen, Bilboko zeru grisa eta itsasoko kolore urdina uztartzen dira. Halaber, euri asko egin ostean eguzki izpiek uzten duten argitasuna nabarmendu nahi izan du egileak. Baina, batik bat, Bilboko eraikin ezberdinen nahasketa da protagonista Itsasadar aparta erakusketan, batzuk lekuz aldatuta eta beste batzuk jatorrizko lekuan, baina munduko hiriak birsortuz. Hiri erakargarri eta erromantikoak sortu ditu artistak, erakusketara biltzen dena bidaia batean murgiltzeko asmoz.

ITSASADAR APARTA

Itsasoa eta arkitektura dira Ugartetxearen inspirazio iturri. Betidanik interesatu izan zaizkio eraikinak. “Asko gustatzen zait arkitekturarekin jolastea, berreraikitzea. Beldurgarria dena ezabatzen saiatzen naiz, eta beste zerbaitekin ordezkatzen edo konbinatzen dut”. Adierazi duenez, asko gustatzen zaio bidaiatzea, eta erakusketek aukera ematen diote munduko hainbat lekutan lan egiteko eta, aldi berean, etorkizuneko erakusketetarako informazioa hartzeko. Baina, kasu honetan, Bilbon barrena bidaiatu behar izan du. Konfinamendu eta itxialdi perimetralen ondorioz, hilabete asko igaro ditu sorterriko eraikinei begira. Aitortu duenez, hiria ondo ezagutzen eta arkitektura mailan aztertua badu ere, eraikin berriak aurkitu ditu. “Hiri txikia da, baina arkitektura aldetik, garai ezberdinetan eraikiz joan denez, bitxikeria asko ditu, munduko beste hiri batzuk birsortzeko balio dutenak”. Hala, ikerketa arkitektoniko bat egin du dozena bat Bilbo sortzeko. “Badirudi eraikin horiek betidanik egon direla hor”, gaineratu du. Horrez gain, hiriaren garbitasunak harritu du. “Eraikin ia guztiak garbi daude, margotuta. Hiria oso egokia da argazkiak ateratzeko. Jada ez da ikusten 1980ko hamarkadako kedarra”.

ITSASADAR APARTA

Inspirazioari jarraika, itsasoaren eta arkitekturaren arteko nahasketa gailentzen da Ugartetxearen lanetan. “Oso garrantzitsua zen niretzat itsasoa itsasadarraren bidez sartzea. Itsasadarra egitura moduko bat da, eta egitura horren bidez egituratzen da dena hirian”. Bilboko itsasadarrak arteria nagusi gisa, komunikatzeko bide gisa eta, aldi berean, espazio ludiko gisa duen eginkizuna errebelatu nahi izan du artistak. Hala, Bilboko itsas eta industria ingurunearen errealitatea erakusteko fantasia, umorea eta kolorea erabili ditu kasu honetan.

ITSASADAR APARTA

Egoerak baldintzatua

Ugartetxeak bere koadroetan beti egiten du munduko hirietako arkitektura ezberdinen nahasketa bat, baina azken hamarkadan katastrofismoaren osagai bat zuten denek: tsunami asko, lurrikarak… “Azken urtea hain izan da izugarria, nire iragarpen katastrofista guztiak gainditu egin dira, eta nahikoa zela iruditu zitzaidan”. Hala, kontatu du bere lanek katastrofismoan parentesia egin behar zutela iritzita sortu zuela Itsasadar aparta erakusketa. Nabarmendu du, baina, koadro katastrofikoetan umorea egon izan dela moduren batean. “Beti egon da ironia bat atzean, eta puntu atsegin, ironiko eta zalantzati bat izuaren barruan”.

“Lan honetan, nire helburua izan da artearen bidez gainditzea azken urte honetan bizi izan dugun errealitate guztia. Artearen bidez, antidepresibo bat sortzen saiatzen naiz. Arteak badu puntu magiko bat zorigaitza gainditzeko, eta horixe ematen saiatzen naiz erakusketarekin”, azaldu du. Hori gauzatu ahal izateko, ideia oso garrantzitsua dela azpimarratu du Ugartetxeak. Hala, ikerketa prozesua argazkiak atera eta Photoshopean probak egitean oinarritu dela azaldu du. Estudioan arduratzen da ateratako argazkiak erabiliz hiri artifizialak sortzeaz, irudimenezkoak, bere erara. Paper edo zur gainean jarri eta argazkiak mozten ditu, eta osatzeko oihal zaharrak, kolore horixkako paperezko koaderno zaharrak, lihoak, akuarela papera… erabiltzen ditu. “Dena modu kaotiko samarrean banatzen dut, baina benetan oso pentsatua, apur bat solte geratzeko moduan, perspektiba zoro bat, baina erraz egin dela pentsatzekoa, eta ez nekagarria ikuslearentzat”.

Elementu guztiak jarri eta ondo geratzen dela dirudienean, itsatsi eta tintaz, arkatzez edota lumaz bukatzen du lana. Horrez gain, olio pintura gehitzen die. “Interesatzen zait koadroa hurbiletik ikustean dauden gauzak azpimarratzea eta, aldiz, urruntzean, pintura abstraktu baten moduan funtzionatzea”.

PABLO UGARTETXEA

Non. Bilboko Itsasmuseum Euskal Itsas Museoko Carol iglesias espazioan. Itsasadarraren lehen lerroan.

Noiz. 2021eko apirilaren 29tik ekainaren 29ra.

Ordutegia. Asteartetik igandera 11:00etatik 19:00etara. Astelehenetan itxita egongo da.

Artista. Pablo Ugartetxea, margolari bilbotarra, da eta nazioarte mailan erakutsi izan ditu bere lanak: Tokion, Los Angelesen (AEB), Rio de Janeiron eta Sao Paulon (Brasil), besteak beste.