Justiziak baliogabetu egin ditu ITP Aero Castingen 87 kaleratzeak

P. Azpillaga Diez

ITP Aero Castingek berriz hartu beharko ditu abenduko lan erregulazioan kaleraturiko 87 langileak. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du enpresak hartutako erabakia, eta neurrian atzera egiteko obligazioa du enpresak. Epaileen arabera, enpresaren argudio ekonomiko eta produktiboek harreman zuzena dute COVID-19arekin, eta gogoratu dute ezin dela kaleratzerik egin pandemiak eragindako arrazoiengatik. Hiru epaileetako batek, baina, boz partikularra eman du. Haren ustez, kaleratze bidegabeak behar lukete. Horrek hauspotu egiten du enpresak helegitea jartzeko duen eskubidea. Hala, zuzendaritzak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenera joko du helegitea jartzera.

ITP Aero Castingeko erregulazioaren hurrengo partida, beraz, Auzitegi Gorenean jokatuko da. Bitartean, kaleraturiko 87 langileak eta diziplina arrazoiengatik behin-behinean kaleraturik zeuden beste hiru Sestao eta Barakaldoko plantetara itzuliko dira laster. Horretaz gain, urtarrilaren 7az geroztik kobratu gabe dituzten soldatak jasoko dituzte.

Azken hiruhilekoa, hobea

Epaileen iritziz, ITP Aero Castingek erregulazioa egiteko arrazoien oinarria “ez da ekonomiko-produktibo-estrukturala”, pandemiak eragindako behin-behineko egoerarena baizik. Hortaz, 2020ko azken hiruhilekoa aurrekoak baino hobea izan zela kontuan izanda, epaileek ondorioztatu dute “harturiko neurriak neurrigabeak” direla, eta lantaldearen bosten bat kaleratzea salmenta datu horiekin “onargarria ez dela” ebatzi dute.