Ibai Maruri Bilbao
Bilbok itsasadarra aztertu du, hobeto ezagutu eta hiriaren dinamizatzaile berria izateko zein aukera dauden jakiteko. Besteak beste, jakin dute San Antongo zubiraino nabigagarria dela zortzi metro luzeko itsasontzientzat eta txikiagoentzat. Hori horrela, mugikortasun berriaren ardatzetako bat bihurtu nahi du udalak itsasadarra. Azterketaren emaitzak ezagutarazi ditu orain. Hurrengo pausoa Itsasadarraren Erabileraren Plan Berezia ontzea izango da.
Urpean dagoena neurtuta, ondorioztatu dute itsasadarrean itsasontziak ibil daitezkeela, aspaldi bezala. Eta ikusi dute garraiorako erabilgarriak izan daitezkeen sei gune daudela. Gaur egun dabiltzan itsasontziak aisialdiari lotutakoak dira. Udalak pertsonen garraiorako ere erabili nahi du, ordea. Bilbo berriro portu izango litzateke. Eta baita hiri hondartzaduna ere, baina, oraingoan, Areatzan barik Zorrotzaurren legoke, uhartearen iparraldeko muturrean. Itsasadarraren ondo-ondoan igerileku handi bat egitea da udalaren proposamena.
Bilbotarren gozagarri gisa ez ezik, turistak erakartzeko elementu moduan ere planteatu dute. Hala, inguruan ostalaritza negozioak, kirol guneak eta aisialdi guneak jartzea litzateke asmoa. Baita Euskaldunako ontziola zeneko dikeetarako ere. Hartara, Itsasmuseum dagoen ingurua dinamizatu nahi du udalak. Itsasadarreko beste toki batzuetan ere topatu ditu jarduera ekonomikoa martxan jartzeko aukerak.
Edozelan ere, bilbotarrei eskainiko dien jarduera nagusia paseoan edo korrika ibiltzeko aukera izango da. Horregatik, sortuko diren jarduera berri horiek guztiek debekatua izango dute jendearen joan-etorria oztopatzea. Are gehiago: gaur egun paseatzeko edo korrika egiteko dagoen eremua %20 handitu nahi du udalak, guztira 23 kilometroko ibilbide sorta bat sortuz. Najan eta Atxuriko tren geltokiaren inguruan eratuko dituzte tarte berriak, baita Zorrotzaurren, Zorrotza muturrean eta Cadagua ibaiaren ertzetan ere.
Ingurumena lehentasun izango dute egitasmo guztietan, itsasadarraren bioaniztasuna babestea. Arlo horretan indarra egingo dute Zorrotza muturrean eta La Peña inguruan. Parke handi bi egiteko asmoa daukate, eta begiratokiak ere ipiniko dizkiote fauna begiratzeko. Izan ere, azken urteetan lan handia egin da itsasadarrean animalien presentzia berreskuratzeko; esaterako, La Peña inguruan igarabak bizi dira berriro. Arrainetan, itsasadarrera itzuli den azkena kalaka izan da.
Parte hartzea nahi dute
Bilboko oposizioko taldeek zuhurtziaz hartu dituzte udalaren asmoak. EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek herritarren parte hartzea eskatu du, eta horretarako mahai urdin bat sortzea proposatu du: han emango lukete iritzia herritarrek eta zer esana duten eragileek. Elkarrekin Podemoseko Ana Viñalsek interes publikoak lehenesteko eskatu du, pribatuen gainetik. PPko Carlos Garciak gogoratu du La Peñatik Olabeagara joan beharko luketen tunelak egiteke daudela.