Peru Azpillaga Diez
Bilboko Argiak aldi baterako enpresa elkarteko (ABEE) langileek hiru asteko grebari ekin diote martitzen honetan. Hala, Bilboko argiztapen zerbitzuaz arduratzen diren beharginek maiatzaren 25era arte luzatuko dituzte joan den martxoan lankide baten kaleratzea salatzeko abiatu zituzten protestak.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuak kide dituen langile batzordetik jakinarazi dute Electricidad Martinek eta Citelun konpainia katalanak osatzen duten ABEEak negoziazioari uko egin eta langileen aldarrikapenak baztertu dituela. Langileen eskaerak honako hauek dira: martxoan kaleratutako lankidea berriro hartzea, langileentzako etorkizunerako bermeak ezartzea, eta enpresako hitzarmena zehaztea, langileen soldata eta lan baldintzak “nabarmen” hobetuz.
“Lehenengo bi puntuei dagokienez, ez dute ezer jakin nahi, eta hirugarrenean eskaintzen digutena lotsagarria da”, salatu Mikel Aingeru Ruiz ELA sindikatuko ordezkariak. Kontatu duenez, enpresak lankidea kaleratu baino lehen, langileek asanblada bat egin zuten, eta enpresari jakinarazi zioten negoziazioak abiatu nahi zituztela, baldintzak “hobetzeko” asmoz. Handik gutxira, bat-batean haien lankidea kaleratu zuten.
“Berez, falta larriengatik kaleratu zutela esan zuten, baina, gero, kontziliazio bilera egin zutenean, bidegabeko kaleratzea eskaini zioten. Ez du zentzurik”, ohartarazi du Ruizek. Axier Novo LABeko ordezkaria ere bat etorri da: “Susmoak ditugu, eta beldurtuta gaude. Uste dugu gure baldintzak hobetu nahi genituelako bota dutela, eta ez gaude onartzeko prest”. Dioenez, hitzarmenean protokoloak daude falta larriak egiten direnerako: “Gauza bat da egun batzuetan lanik eta soldatarik gabe uztea, eta beste bat bat-batean kaleratzea”.
Hortaz, hori ikusita, euren lankidearen kaleratzea bertan behera utzi eta lehenagotik prestatzen ari ziren hobekuntzak aldarrikatzeko ekin diote mobilizatzeari. “Harekin egin badute, edozein egunetan gutako beste edozeinekin egin dezakete. Gure lanpostuak babestu behar ditugu; ezin dugu hau onartu”, nabarmendu du Ruizek. “Bilboko Udalarentzat lan egiten duten ABEE guztiek hitzarmen propioa dute, guk izan ezik. Eskatzen dugun bakarra baldintzak berdintzea da”, erantsi du. “Udaleko gainerako langileekin alderatuta, oso urrun gaude”, gehitu du Novok haserre.
Esplikatu duenez, gainera, kaleratutako langilea Bilboko argi sistema publikora adskribitutako langile bat da. “Urte asko daramatzagu lan honetan, orain, ABEE honek lehen Tecunik kudeatzen zuen zerbitzua ordezkatu du. Ezin dugu baimendu zerbitzu hau kudeatzen urtebete eskas daraman enpresa batek, gauetik egunera, gure lanpostutik inolako pisuzko arrazoirik gabe kaleratu ahal izatea”.
Udalaren erantzukizuna
Beste udal zerbitzu askotan bezala, argiztapen zerbitzuaren kudeaketa ere lizitazio bidez hautatutako enpresen esku dago. Bai Novok eta bai Ruizek salatu dutenez, Bilboko Argiak ABEE berriak aurkeztutako proiektua beste enpresena baino bi milioi eta erdi merkeagoa zen. “Udalak duen ardura nabarmendu nahi dugu”, adierazi du Ruizek. “Azkenean, arazoak ekiditeko zerbitzuak azpikontratatu egiten dituzte. Prezioak lurretik jartzen dituen enpresa bat heltzen da, eta hari ematen diote kudeaketa egiteko ardura”, esan du, lehenik. “Konturatu behar dira enpresa horiei berme ekonomikoak bai, baina pertsonalak ere eskatu behar zaizkiela, azkenean gu baikara beherapen hori ordaintzen dugunak, gure baldintza eta lanpostuekin”.
“Enpresak ez du negoziatzeko borondaterik, eta udala ez da oraindik gurekin batu. Hori bai, jakin badakigu enpresarekin bildu dela”, kontatu du Novok. Grebak langile guztien babesa duela esan du, eta, beraz, lankidea lanera itzuli eta baldintzak onartu arte udaletxe aurrean protesta egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute biek. Lankidea berriz kontratatzea “marra gorri bat” dela ohartarazi dute, ezinbestean lortu beharrekoa: “Guztion lanpostuak daude jokoan: babesa behar dugu, familiak ditugu, eta, gauetik egunera kalean geratzen bagara, galduta gaude”.