%5 murriztu zen iaz hiri hondakinen sorrera Bizkaian

Iaz, 618.609 tona hondakin bildu ziren Bizkaian, 2019an baino 29.555 tona gutxiago, aldundiak jakinarazi duenez. Jaitsiera etxeko eta merkataritzako hondakinetan jazo da: %4 eta %6, hurrenez hurren. Azken sail horretan nabarmenagoa izan da, batez ere, aldi baterako itxieragatik eta COVID-19ak sortutako jarduera murrizketa orokorragatik.

Pandemiak hondakinak sortzen dituzten ohituretan eta jardueretan izan duen eragina agerian geratzen da etxeko konfinamendua indarrean egon zen hiruhilekoaren datuak aztertzen badira. 2020ko apiriletik ekainera hondakin sorreraren murrizketa %13koa izan zen, batez ere merkataritzako hondakinen bilketaren beherakadak bultzatuta, sektore horretan jaitsiera %20,26koa izan baitzen.

Gaikako bilketaren tasa %49,48koa izan zen; 2019an baino %0,95 txikiagoa. Organikoaren bilketa %2,37raino handitu da, azken urteetako goranzko joera berretsiz. Ontzi arinenak %10,2 egin du gora.