Maialen Arteaga
Maiatzaren 9an izango da aurten Bizkargi Eguna. Hainbat herrik inguratutako mendia da Bizkargi, baina ingurukoentzat mendi bat baino gehiago da: Euskal Herriko memoriaren lekuko. “Garai desberdinak lotzen dituen askatasunaren aldeko erresistentzia ikur bat da”, adierazi du Etxahun Artetxe Larrabetzuko Ernai gazte antolakundeko kideak. 1937an, Euskal Herriko beste hainbat txoko bezala, Espainiako tropa frankistek mendiari eraso zioten. Bizkargi mendi baliagarria zitzaien gudarako. “Burdinazko Hesiaren aurretik zegoen kokatua, eta, duen estrategikotasunagatik, maiatzaren 8an tropa faxistek airez eta lurrez eraso egin zioten. 11 egunez gudu gogorrak bizi izan ziren bertan, tontorra behin eta berriro galdu eta irabaziz”, zehaztu du Artetxek. Azkenik, 11 egunen ostean, faxistek tontorra bereganatzea lortu zuten.
Ordutik, efemeridea sinbolotzat hartu, eta “eroritakoen memoria borrokatzeko”, urtero-urtero mendi igoera eta egitaraua antolatzen dutela azaldu du Artetxek: “Gerra aurretik ere, maiatzaren 3aren osteko domekan Santa Kruz Eguna ospatzen zen, jai katoliko bat [ermita dago tontorrean]. Gerora, 1960ko hamarkadaren bueltan bestelako kutsu bat ere ematen hasi ziren egunari, eduki politikoak gehituta, adierazpen abertzale eta antifrankisten bitartez”. Bizkaiko hainbat udalerritako lurretan dago mendia: Larrabetzun, Zornotzan, Muxikan eta Morgan, hain zuzen. Gertutasunagatik, Gernika-Lumoko eta Mungiako herritarrek ere bere dute egun hori.
Pandemiaren eraginez, ezingo dute Bizkargiko Egunaren bezperako gazte egitaraua eta akanpada antolatu, baina egoerara egokitutako eskaintza ondu dute maiatzaren 2rako Gernika-Lumoko, Larrabetzuko, Zornotzako eta Mungiako Ernaiko kideek. Maiatzaren 8ko Sare plataformaren mendi martxekin bat ez etortzeko, domeka honetan egitea erabaki zuten. “Goizean herri bakoitzetik igoerak lotu ditugu; behin iritsita, belaunaldien arteko mahai inguru bat prestatu dugu. Ostean, ekitaldia, bazkaria, bertso saioa eta kantaldia”, dio Artetxek. Egoera berrira egokitzeak ahalegina eskatzen badu ere, beharrezkoa iruditzen zaie Bizkargi Egunean azpimarra jartzea. “Uste dugu garrantzitsua dela, eskaintza politikoaz gain, gazteontzat aisialdirako espazio alternatiboak sortzea”.
Memoria josten jarraitzeko
Ernaiko kideentzat memoriak eta kontakizunak pisu handia dute efemeride honetan. Ildo horretatik, Gazteok memoriaren haria da aurtengo gazte egitarauaren lema. Baina, zer da memoria? “Historia da iraganean gertatu zenaren inguruko informazio bilketa, metodo zientifikoaren bitartez egiten dena. Memoria, ordea, gertatutakoaren inguruan egiten den kontakizuna da, subjektiboagoa”. Subjektibotasun horretan jarri du begirada Artetxek: “Guztiz beharrezkoa da Bizkargiren inguruko ariketa historiko bat egitea, eta bertan gertatutako guztia jakitea: gure herria urte luzez ukatua izan dela ikusteko, militanteen konpromisoari eta eskuzabaltasunari balioa emateko, eta aurrera begirako borrokarako irakaspenak ateratzeko”.
Memoriaren transmisioa edo “haria” ere aldarrikatu dute gazteek. “Gure herriaren askatasunaren aldeko borroka desberdinak lotzen ditu hariak, garai desberdinetan, modu desberdinetan egindako borrokak, baina erro komun berbera dutenak: askatasuna”. Borroka galduen haria jaso, eta erronka berrian eroale izateko konpromisoa dutela uste du Artetxek: “Egun, belaunaldi berriok esku artean dugun hari luze honek hamaika bizipen biltzen ditu. Ez dute moztea lortu. Hari honetatik etorri zaizkigu konpromisoa eta antolakuntzaren beharra, baita haria ez etetearen erantzukizuna ere”. Bizkargik iraganeko memoria eta etorkizuneko borrokak josten dituela uste du: “Aurrera begirako borrokei heltzeko espazioa da. Borroka horietan gazteria izan da motorra, eta guk borroka horien eroale izan nahi dugu, eta izango gara”.