Natalia Salazar Orbe
Francesco Tonucci pentsalari eta psikopedagogo italiarrak esana du herri edo hiri bat umeentzat eta adinekoentzat segurua eta irisgarria bada bestelako herritar guztientzat ere egokia izango dela, eta herria bera askoz aberasgarriagoa izango dela. Tonuccik La Cita dei Bambini lana ondu zuen. Bide teoriko hori praktikara ere eraman zuten Fano (Italia) bere jaioterrian, 1991n. Helburu zehatza du proiektuak: hiriko gobernuaren parametroen aldaketa sustatzea, haurren ikuspegia zabaltzeko. Administrazio publikoek hiria eta bertako espazioak eraikitzeko ikuspegia eta moduak aldatu behar dituztela uste du. Aldaketa prozesu horretan, umeek modu aktiboan hartzen dute parte. Haurren Hiria izenarekin iritsi da egitasmoa Euskal Herrira, eta hemezortzi herri batu zaizkio sarera —hamalau, Bizkaikoak—. Galdakao izan da azkena: osoko bilkurak atzo onartu zuen. Otsailean, berriz, Gatika sartu zen.
Hainbat erakundek eratzen dute Haurren Hiria sarea. Tartean daude Innobasque berrikuntzarako euskal agentzia, konfiantzazko harremanak berreskuratzeko lanean jarduten den Solasgune taldea, EHU, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia. Gotzon Bernaola Ariño Innobasqueko Berrikuntza Publikoko zuzendariak azaldu du haurren hiri bat “berrikuntza politikoan ari den herri bat” dela, “herritar guztien eta komunitatearen hazkundeari —hazkunde osasuntsuari— bidea eskaini nahi dion herri bat. Baina nondik hasi aldaketa hori? Haurren Hiria lanketa horretarako abiapuntu bat da, haurrekin lan eginez eraldaketa prozesu hori hasteko bide bat”.
Bernaolak esan du ez dela ahaztu behar haurrek parte hartzeko eskubidea dutela, “herritarrak direla. Herritarrak dira gaur, eta orain”. Hala ere, uste du esparru publikoan “sistematikoki” urratzen zaiela parte hartzeko eskubidea. “Hitza eta iritzia ukatzen dizkiegu, ez ditugulako gai ikusten. Baina badira gai, herritar guztiak gara gai. Parte hartzeko baldintzak aldatu behar ditugu, eta denon neurrira moldatu. Horregatik esaten dugu begirada metro eta erdira jaitsi behar dugula, gure herriari umeen lekutik, altueratik begiratu behar diogula, inor kanpoan ez uzteko”.
Umeen Kontseilua Gatikan
Lan horretan hasi dira Gatikan. Modu ofizialean sarean otsailean sartu baziren ere, aurreko hilak ere proiektua lantzen eman zituzten. Herriko ikastetxeko guraso elkartearen ekimenez sortu zen egitasmoa, eta osoko bilkurak onartu zuen. Sortu duten Umeen Kontseilua bi arlo lantzen ari da: eskola bideak eta eskola atzeko patioa eraberritzeko proiektua.
Eskola bideei dagokienez, Leixuri Arrizabalaga Arruza alkateak azaldu du Gatika herri “sakabanatua” dela. Bederatzi auzotan banatuta dago. “Herrigunetik gertu bizi diren ume asko oinez etorri ahal dira eskolara, baina urrunago dauden auzoetan bizi diren ume askok gaitzago daukate”. Garraioa doan duten arren ikastetxera oinez joateko eskubidea bermatu behar zaiela deritzo: “Esperientzia polita da, eta gauza asko ikasten dituzte horrela”.
Helburu hori lortzeko herri bideak berreskuratzeko proiektua lantzen ari dira umeekin: “Identifikatu egin nahi ditugu zeintzuk izango liratekeen ibilbiderik egokienak auzoetatik eskolara oinez etortzeko, eta zer-nolako arazoak dauden: zebra bide bat beharrezkoa den, edo semaforo bat edo bestelakorik; eta arriskuak identifikatu”. Lanketa hori egin ostean, umeek udalari helaraziko dizkiote proposamenak.
Bestalde, Arrizabalagak azaldu du zaharkituta geratu den eskola atzeko patioa berritzeko proiektuari buruz ere hausnartzen ari dela Umeen Kontseilua. “Udalak eremua erabilgarriago, erakargarriago eta denon gustukoa egiteko bideak aztertzen ari dira”.
Bernaolak azaldu du hiru ardatz dituela Haurren Hiriak: parte hartzea, autonomia eta jolasa. Ardatz horietako bakoitza lantzeko tresna bat proposatzen diete udalei: “Parte hartzea lantzeko, Umeen Kontseilua. Autonomia lantzeko, eskolara lagunekin joateko bideak. Hirugarren lan ildoa, jolasarena, lantzeko, Kaleak Jolastu izeneko tresna diseinatzen ari gara orain sareko udalekin elkarlanean”. Dena den, uste du tresnak baino gehiago, lan ildoa bera dela garrantzitsua.
Arrizabalagak azaldu du Gatikako Udala haurren ekarpenen edo proposamenen “jasotzailea” dela. Eta konpromisoa ere hartu dute: “Maiatzean amaituko dute hausnarketa prozesua, eta udalak ideiak jasoko ditu. Gure konpromisoa da egingarriak diren egitasmo horiek guztiak gauzatzea datorren ikasturtean jada martxan egon daitezen”.
Proposamen “errealistak”
Arrizabalagak adierazi du umeak oso modu errealistan ari direla lantzen prozesua. “Solasguneren laguntzarekin, hankak lurrean dituzte. Oso hausnarketa errealistak egiten ari dira”.
Galdakaon, hasi berri dute bidea. Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak uste du herriak eta hiriak ezin direla eraiki soilik erabakiak hartzen dituzten belaunaldiak kontuan hartuta. “Espazio publikoen erabilgarritasuna eta erakargarritasuna adin tarte guztiek sumatu behar dute”, adierazi du. Horretarako, haurren begirada ere kontuan hartzeko konpromisoa hartu du: “Prozesu parte hartzaile berezituak antolatuko ditugu horretarako, herriko haurrak hirigintza antolaketan eragile aktibo izan daitezen aurrerantzean”. Bide hori denentzako onuragarria izango dela sinetsita dago: “Umeen ekarpenei esker helduen begirada ere zabalduko dela espero dugu. Gizarte osoarentzat onuragarria izango da”.
Bernaolaren ustez, garrantzitsua da herri eta hirietan haurren ikuspegia txertatzea: “Haurrek gure ereduak eta erantzunak zalantzan jartzeko gaitasuna dutelako. Haurrek ikuspegi berri eta eraldatzaile hori erdigunera ekartzen lagun diezagukete, oraindik ez dutelako erantzun zuzena —onartua, sistema zalantzan jartzen ez duena— ikasi”.
Innobasqueko arduradunak gogora ekarri du askotan esaten dela “gure herriak, gure hirigintza eredua, gure espazioaren konfigurazioa eta harremanak izateko moduak adin ertaineko gizon zuri langile eta autoa duenaren ikuspegitik eraiki ditugula: elkargunerako, elkarbizitzarako, elkarrengandik ikasteko, hazteko aukera gutxi eskaintzen dizkiguten herriak eraiki ditugu —arlo fisikoan eta egitura sozialean—. Joera hori aldatu egin behar dela esan du: “Eredu horri buelta eman behar diogu”.