Ibai Maruri Bilbao
2007an sortu zen Durangoko Jesuiten Etxea, herrian paperik gabeko pertsonen errealitateari eta beharrizanei erantzuteko asmoz. Herriko komentuan bizi ziren jesuitek euren artean hartu zituzten migratzaileak, euren etxean, eta, orain, geratzen ziren azken erlijiosoek herria utzi duten arren, euren etxe izandakoa migratzaileentzat utzi dute.
Jesuiten Elkarteko kideek erabaki zuten Jesuiten Etxea ez zela aterpetxe edo egoitza bat izango, “familia bat” baizik. Horregatik, gazteei eskainitako harreraz gain, inklusioa ere izan du helburu sorreratik. Orain beste pauso bat eman dute, eta zubi lana egiten ari dira gazteen eta gizartearen artean. Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxean eman zuten horren berri, martitzenean.
Berez, iaz eman zuten jauzi berria. Izan ere, 2020ko ekainean Jesusen Lagundiak Durangoko komunitatea itxi zuen, eta han bizi izan ziren jesuitak ordenaren beste egoitza batzuetara joan ziren. Elkartea ixterakoan, jesuitek adierazi zuten ez zutela Durangon egiten zuten lana alde batera utziko. Jose Javier Pardo Izan jesuita eta Loiola plataformako ordezkariak esan du hitza bete dutela: “Gaur pozik eta esker onez esan dezakegu Jesuiten Etxeak aurrera jarraitzen duela”.
Gaur egun, hamasei gazte bizi dira Jesuiten Etxean, eta guztiek dituzte banakako planak, eta eguneroko prestakuntzan ari dira, bai gaztelaniaren ezagutza hobetzeko, bai etorkizuneko bizitza autonomorako giltza izango duten lanbidea ikasteko. Gazteentzat ere zerbitzu bat baino gehiago da proiektua. Ayou Ait Tougha: “Familia bat gara”. Yousef Chalh: “Lagun onen artean gaude; anai-arrebak bezalakoak gara”. Mohamed Atmart: “Familia bat topatu dut etxe honetan”. Gazteekin batera, proiektuan parte hartzen dute Jesusen Lagundiak, Ellacuria fundazioak, San Jose Jesuitak ikastetxeak eta eskolako Hiritartasun Taldeak, eta CVX Arrupe elkarteko boluntario sareak.
Karmele Villarroel Labanda Ellacuria fundazioko gizarte langileak azaldu duenez, egungo proiektua Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortu zen, 2020ko ekainean, egoera zaurgarrian eta egoitza aukerarik gabe dauden gazte migratzaileei gizarteratze prozesuak eskaintzeko, pandemiaren testuinguruan. Era berean, adierazi du hilabete hauetan Durango Merinaldearen Amankomunazgoarekin eta udalarekin harremanetan ipini direla: “Helburua izan da etxe hori sortzen diren beharrei erantzungo dien gune bihurtzea, eta Durangaldeko herritarrak askotarikoak eta konprometituak izateko bidean laguntzea”.
Gazteak “protagonista”
Ia urtebete honetan 24 gazteri lagundu dietela zehaztu du Villarroelek. “Gazte horiek beren jatorrizko herrialdeetatik irten dira, eta, familia atzean utzita, aurreiritzien eta mugen Europa honi aurre egin behar izan diote”. Esan du Jesuiten Etxearen moduko harrera espazio batean “protagonista” izatea lortu dutela gazteok. “Durangoko herritar ere bihurtu dira, eta herri honek harrerarako gaitasuna duela erakusten ari dira”.
Gizarteratzeko prozesu horretan, San Jose Jesuitak ikastetxeak badu zer esana. Hezkuntza da inklusiorako gakoetako bat, eta, horregatik, Jesuiten Etxeko gazteek ikastetxeko hainbat ekintzatan hartzen dute parte. Besteak beste, mantentze lanetako taldearekin batera, etorkizunean baliagarriak izango zaizkien jakintzak jaso dituzte, eta ikasleei beren bizipenak eta errealitatea azaldu dizkiete. Eva Rodriguez Salcedo ikastetxeko zuzendariaren esanetan, sorreratik Durangoko gizartean “agente aktibo” izateko asmoa izan dute. “Ikuspuntu horretatik, immigrazioa lehen lerroan kokatzen da gaur egun”. Rodriguezek garbi dauka “migrazioa erronka bat” dela, eta gizarteak “erantzun egokia” eman behar diola. “Guretzat, kulturartekotasuna eta aberastasuna da aniztasuna, eta behar duen erantzuna ematea da gure betebeharra. Migrazioa ez da egoeraren araberako fenomeno bat: errealitate estruktural bat da”. Migrazioaren erronkak ikastetxeko Hiritartasun Taldean dauka isla: proiektu horren bidez, herritartasun globalaren ikuspegia eta justizia soziala txertatu nahi dituzte eskualdean.
Boluntarioen lana
Proiektuan boluntarioak daude, eta, aisialdiko jardueretan parte hartzeaz gain, zubi lana egiten dute gizartearen eta gazteen artean. Hiritartasun Taldeko Alaia Berganza Gangoitiak azaldu du euren zeregina: “Arratsaldeetan, ikastetxeko hainbat irakaslek, gurasok eta hezitzailek gaztelaniazko, ingelesezko eta matematikako klaseak ematen ditugu modu boluntarioan. Ez dira soilik klaseak; horrela hasi ziren, baina harremanak sortu dira, bizikidetza nukleoak. Herrikide eta lagun bihurtu gara”.
Proiektuaren arduradunen ustetan, lotura komunitario horrek harrera testigantza positiboak ere sortzen ditu, biztanleriak migratzaileen inguruan sortzen dituen aurreiritziak ezabatzeko. Dimentsio pertsonaletik globaltasun horretarako jauzia erakundeetaraino ere heldu dela azpimarratu du Pardok: “Aukera bat da hainbat erakunde jesuitak, Durangoko ikastetxetik hasi eta Ellacuria fundazioan eta Deustuko Unibertsitatean, adibidez, erronka sozial horietan arreta jartzen hasteko”.