Peru Azpillaga Diez
Orain dela lau urte, 2017ko apirilaren 1ean, Bilboko San Ignazio auzoko hainbat auzokidek Errondoko Auzo Etxea proiektua jarri zuten martxan. Hamazazpi urte itxita zeramatzan supermerkatu zahar baten lokala okupatu, eta “auzoari bideratutako” espazio berri bat zabaldu zuten. Proiektuak bidea egitea lortu du, eta, laugarren urteurrena “arrakastaz” ospatu berri duten arren, espazioa “arriskuan” dagoela salatu dute bertako kideek. Izan ere, espazioaren jabea den Eroski kooperatibak jarritako salaketaren ondorioz, maiatzaren 5ean auzo etxea husteko agindua jaso dute.
“Alderatzen baduzu nolakoa zen auzoaren egoera duela lau urte, auzo etxea sortu baino lehenago, eta, gaur egun, argi geratzen da Errondokok auzoan izan duen garrantzia”, nabarmendu dute Errondoko Auzo Etxeko taldeko kideek. “Talde berriak sortu dira, harremana garatu dute… Errondoko behar duenarentzat espazio seguru bat izan da, bilerak egiteko tokia, biltegia; auzoan izan dugun dinamizatzaile nagusia”, erantsi dute.
Azaldu dutenez, hainbat izan dira lau urtean auzo etxea erabili dutenak eta “askatutako espazioari esker” sortu diren taldeak: “Mugimendu feminista, etxebizitza sindikatua, boxeo, eskalada eta zirku taldeak, aisialdi taldea, gazte biltzarra, jai batzordea, ortuen defentsarako taldea… Denek erabili dute espazio hau. Auzoaren saretze bat ekarri du Errondokok, eragile aktibo bat izan da auzoaren eraldaketan”.
Horregatik, maiatzaren 5ean espaziotik “botako” dituzten arren, lanean jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu dute: “Motor horrek martxan jarraituko du, auzoan eta auzoarentzat lanean jarraituko dugu, eta Errondokon ez bada, beste nonbait izango da”. Hala ere, orain “espazioa defenditzeko” unea dela azpimarratu dute: “Auzo guztiarentzat gune bat da, eta denen inplikazioa beharrezkoa izango dugu bizirik mantentzeko”.
Abandonatutako espazioa
“Batzuek interpretatu dute orain etorri dela huste agindua Eroskik espazioan proiekturen bat garatzeko intentzioa duelako. Baina ez da horrela”, salatu dute kideek. Diotenez, Errondoko Auzo Etxea okupatu zenean, Eroskiren lokalak hamazazpi urte zeramatzan hutsik. “2017ko apirilaren 1ean, lokala okupatu zenean, poliziak identifikazio batzuk egin zituen, eta Eroskik salaketa jartzea erabaki zuen. Kaleratze agindua egun hartan martxan jarritako prozesu judizialaren emaitza da”, argitu dute.
Azpimarratu dutenez, prozesu judiziala “hainbeste” luzatu bada, Eroskik izandako “ardura eta interes faltaren ondorioz” izan da. “Ez dute espazio hau erabiltzeko inolako asmorik. Okupatu zenean, erabat abandonatuta zegoen, ez zegoen ez salgai, ezta alokairuan ere, haiei ez zitzaien eta ez zaie batere axola. Hau hustu eta beste hamazazpi urtez horrela mantentzea da jabeek duten asmo bakarra”.
Hori dela eta, Eroskik “bere jabetza pribatukoa” delako baino ez duela bereganatu nahi deritzote: “Sekulako irabaziak dituen enpresa bat da, Mondragon kooperatiba taldearen parte. Haien web orrian gizarte guztiarentzat onura ekarri nahi dutela diote… Bada, argi dago itxurakeria hutsa dela, Errondoko hustuz gero, auzoko eragile askoren lana oztopatuko dutelako”, deitoratu dute taldeko kideek.
Horregatik, auzo etxeko taldetik Eroskirekin harremanetan jartzen saiatu dira, “negoziazio mahai bat” sortzeko helburuarekin. “Ez digute inolako jaramonik egin; haiekin hitz egiten saiatu gara, gutxienez, esateko duguna entzun dezaten eta maiatzaren 5eko agindua gelditzeko eskatzeko, baina ez digute erantzun ere egin. Egia esan, ulergaitza da halako kooperatiba batek gurea bezalako herri proiektu bat hustu nahi izatea, bertan inolako alternatibarik garatzeko asmorik gabe eta hitz egiteko inolako aukerarik eskaini gabe”, azaldu dute atsekabetuta.
Azken unera arte
Espazioa husteko epea asteazkenean amaituko den arren, oraindik ere auzo etxea mantentzeko “esperantza” dute biltzarreko kideek. “Oraindik denbora dago. Lan handia egiten ari gara auzokideen babesa jasotzeko, eta Bilboko eragile askoren partetik ere elkartasun handia jaso dugu”. Gaurko batzar ireki batera deitu dute: “Azkenean, laguntzeko era asko daude; horregatik, auzokideei zer egingo dugun azaldu eta bakoitzak zer eratan lagundu dezakeen esplikatzea da asmoa”.
Auzoko “indar guztiak” batuz, auzo etxea mantentzeko aukerak dituztela argudiatu dute. Hala, “indar erakustaldi” modura, manifestaziora deitu dute: igandean izango da, 12:00etan, Sarrikotik abiatuta. “Espero dugu jende asko agertzea eta proiektuak babes handia jasotzea, Eroskik ere argi ikus dezan ez zaiola komeni jende hori guztia haren kontra jartzea”. Lehenago gelditzea lortzen ez badin badute, 5ean bertan ere auzo etxera bertaratzeko deia luzatuko dutela aurreratu dute, espazioa “ahal duten bezala” babesteko: “Eroskiri erakutsi nahi diogu auzoak espazio hau behar duela, eta, horregatik, nola edo hala defendatu egingo duela”.
Espazioa galduta ere, bertan antolatzen diren kolektiboek lanean jarraitu dutela berretsi dute: “Auzoa dinamizatzen eta saretzen jarraituko dugu. Eta beste espazio bat behar badugu, lortuko dugu. Orain dela lau urte ia hutsetik abiatuta hau lortu bagenuen, orain, proiektua martxan egonda eta auzoaren babesarekin, ez dugu amore emango”.