Maialen Arteaga
Bilboko Deustuko ikastolako —ikastola izena duen arren, eskola publikoa da— jangela ixteko arriskuan izan da. Jangelaren itxierak 28 langile kaleratze ekarriko lituzke, eta 374 ume jantokiko zerbitzurik gabe geratuko lirateke. Janaria han bertan egin izan da orain arte, eta jangelaren baldintza desegokiak salatu izan dituzte aurreko urteetan. Joan den astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken abisua eman zien ikastolako kideei: “Erreformak egiten ez badira, jangela itxi egin beharko da”. Arazo horren erantzukizuna Bilboko Udalarena eta Eusko Jaurlaritzarena dela diote ikastetxeko kideek, eta egoeraren jakitun izanik, “pilota elkarri pasatzen” ibili direla.
Auzia ulertzeko hainbat gako argitu ditu Meritxell Itza jangelako langileak: “1993an ikastola publiko bilakatu zen. Horrek esan du jantoki publikoen arautegia jarraitu behar duela; hau da, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, kudeaketa zuzena izan beharko luke”. Deustuko ikastolaren kasuan, ez zen horrela izan. “Gure ikastola, beste batzuekin batera, hortik kanpo gelditu zen”. Kudeaketa zuzenetik kanpo gelditu zirenez, beste eragile batek hartu behar izan zuen jangelaren ardura. Deustun, guraso elkarteak.
Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza egoeraz jakitun zirela nabarmendu du Itzak: “Bazekiten berritze sakon bat behar zuela. Baina orain arte gurasoek kudeatzen zutenez, ez dira mugitu, egoera lehertu den arte”.
Egoera horrek arrakala bat eragin du langileen hitzarmenean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako jangeletan hitzarmen propio bat dago. Kudeaketa ez duen ikastetxeetan, berriz, ostalaritzako hitzarmena ezartzen diete: hala da Deustukoan ere. “Hitzarmen ezberdina izateak baldintza ezberdinak izatea dakar, eta gure hitzarmenean kaskarragoak dira; hori Jaurlaritzak onartu egin du”, adierazi du Itzak. Aferaren erantzukizuna norena den argitu nahi izan du: ez dutela ezer guraso elkartearen kontra. “Oso ondo iruditzen zaigu jantokia haiek kudeatzea; guri ez zaigu axola kudeaketa norena den. Nahi dugun gauza bakarra da jangela publikoetako baldintza berak izatea”.
Jangelaren baldintza desegokiei, COVID-19aren egoera eta ordutegi moldaketak gehitu zaizkie. Ondorioz, jangelako ume kopurua jaitsi egin da, eta horrek estutasun ekonomikoa eragin dio gurasoen elkarteari. “DBHkoek ez dute arratsaldez eskolarik, eta, beraz, ume kopuru hori ez da sekula jangelara bueltatuko; ume asko dira. Guraso elkarteak ezin dio egoerari aurre egin, eta Gasca enpresari abisua eman zieten”, kontatu du Itzak. Enpresa horrek jakinarazi zuen gaur arte arte iraungo zuela langileen kontratuak; jantokia itxita, eten egingo zirela.
Negoziazioak
Apirilaren 20an mobilizazioa antolatu zuten auzoan, eta zalaparta sortu zuen kasuak. Eusko Jaurlaritzaren deia jaso zuten ostean, jantokia bere gain hartuko zuela esanez. Zehaztapenik jaso ez dutela kontatu du Itzak: “Beraien ardurapean hartuko zutela esan ziguten, baina ez ziguten beste ezer zehaztu”.
Apirilaren 22rako hitzartu zuten ikastetxeko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak bilera, baina aurreratzea erabaki zuten. Bilera hartan, hurrengoa zehaztu zuten: maiatzaren 1etik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duela Deustuko ikastolako jangela. “Esperantza izpi bat” da Itzarentzat, baina oraindik gauza asko gelditzen dira kolokan, haren ustetan: “Sukaldea ezingo da erabili konpondu arte, eta 2022ko udan egingo dituzte obrak. Ordura arte kanpotik ekarriko da janaria”. Egoera berri horrek aldaketak ditu: “Ez denez han egingo janaria, ez dakigu sukaldaria kaleratuko duten, ordutegiak aldatuko diren…Gascak esan arte, ez dakigu egoera zein izango den”.