Antsietatea

Esan dit arnasa falta zaiola sentitzen duela. Gauez, dena amatatuta eta isilik dagoenean arnasketa kontrolatzen hasten dela kontatu dit, eta luze egiten zaizkiola gauak. Arnasa luze baten ondoren, hurrengo arnasaldiak ez omen dizkio birikak berak nahi bezala betetzen, eta estutzen hasten da. Gau txar bat pasatu zuen lehenengo aldian; osasun etxera deitu zuen, arduratuta, eta erizainarekin hitz egin zuen telefonoz. Erizainak zera galdetu zion: “Arnasak kontrolatzen zaitu zu edo zuk kontrolatzen duzu arnasa?”.

Galdera bera iruditu zitzaion neurri batean gertatzen zitzaionaren erantzuna. Ez zekien berak arnasa edo arnasak bera, baina zalantza bera zen gertatzen zitzaiona. Ez zekien zer zeukan, baina ez zen ondo sentitzen. Bihotzaren taupadak azkartu egiten zaizkiola esan dit, eta horrek ere arduratzen duela. Tarteka, korrikaldi batek eragindako bihotz taupaden abiadura izaten duela egongelan eserita dagoenean. Bihotzak bera edo berak bihotza.

Antsietatea duela esan diote. Sentitzen duen larritasuna eta ondoeza haren ondorio direla azaldu diote, eta atsedena behar duela. Astebeteko baja emango dio medikuak momentuz, eta lo egiteko pilula batzuk errezetatu dizkio. Laneko estresari leporatu dio ondoeza hasieran. Gauzak lasaiago hartu behar dituela aipatu dit, lan karga neurtzen ikasi beharko lukeela, horrenbeste ez inplikatzen saiatu beharko lukeela.

Errudun sentitzen dela esan dit. Errudun, ez duelako aurreikusten jakin. Ez du ondo bizi laneko bajan egotea, eta, batez ere, txarto darama ondoeza zerk eragin dion ez jakitea. Belaun bat hautsi izan balu, argi luke non duen mina eta zerk eragin dion. Zorte apur batekin nola osatu ere azalduko lioke norbaitek, eta errekuperaziorako epe bat ere aurreikusiko lukete. Buruak eta gorputzak planto egiten dutenean, aldiz, zalantzen leihoa zabaltzen da.

Azaldu dit pandemia urte luze honek ere ez diola onik egin. Egoera aldakorrak, mugek eta beldurrek ere gainezka egin diotela uste du. Hitz egin dit mugek eragin dioten urduritasunaz, sentitu duen hutsuneaz, frustrazioaz eta nekeaz. Aipatu dit sentsazioa duela alerta egoeran daramala azken urte luze hau. Hitz egin dugu tentsioaz, triste egoteaz, haserreaz eta grisetik irten ezinaz. Eta nola ahaztu beldurra. Beldurra norbera gaixotzeari, ikara maite dituzunak gaixotzeari, beldurra norbera hiltzeari, beldurra maite dituzunak galtzeari. Ikara sufrimenduari eta sufritzeko aukerari.

Burutik oinetaraino zeharkatzen duen korapilo gero eta estuagoaz aritu zait. Hautsi gabe askatu nahiko lukeen korapilo horrekin bizi beharko du denboraldi batez. Bien bitartean, atseden hartzen ahaleginduko dela esan dit. Bere barrukoaren ardura hartu du, eta oreka lortzeko egin dezakeen guztia egingo duela badakit. Ez dugu kanpokoaz hitz egin, baina ondo baino hobeto daki bere gorputzaren kontra apurtutako olatuen astindua daramala barruan: lanaren ardurak, izan behar lukeena izan beharraren zama, eginbeharrak, konpromisoak, exijentziak… Atseden hartzen ere ikasi egiten da, eta, momentuz behintzat, geldi. Atsedenak zu eta zuk atsedena.