Natura, esku-eskura

Natura, esku-eskura

Oihana Cabello Barakaldo

Udaberriaren erakusgarri da Barakaldoko Natur Gela. Lore, landare eta intsektuen gune naturala bilakatu da Ramon Rubial lorategi botanikoa: zurezko landareen 300 espezie baino gehiago biltzen ditu. Besteak beste, Ginkgo biloba aurki daiteke: Ane Ruibal Natur Gelako kidearen esanetan, «benetako fosil biziduna». 270 milioi urtetik gora ditu. «Dinosauroen garaian bizi izan zen, eta azkeneko glaziazioari aurre egin ahal izan zion». Espezie hori eta beste batzuk ikusi ahalko dira lorategi botanikoa eta Munoa jauregia ezagutzeko Natur Gelak antolatu dituen bisita gidatuetan.

60.000 metro koadroko lorategian bisita gidatua egiteko aukera egongo da gaur bertan. Barikuro bisita gidatu bat egiten dute, euskaraz. Eguaztenean bisita bera gazteleraz egiteko aukera egongo da. Horrez gain, hainbat tailer egin dituzte asteotan: besteak beste, landare pozoitsuak ezagutzekoa. Ruibalen esanetan, «uste baino gehiago daude inguruan». Horietako batzuk, toxikoak izan arren, medikuntza tradizionalean ere erabili izan dira.

BARAKALDOKO LORATEGI BOTANIKOA

Natur Gelan Karmele Martinez barakaldarraren Tximeletak erakusketa ere egongo da ikusgai,  hilaren 30era arte. 25 argazkitan, tximeleta mota ugari erakusten ditu Martinezek.

Bertokoa ezagutu

Landare autoktonoei buruz jakiteko aukera eskaintzen dute Barakaldoko lorategi botanikoaren bisitek. Hala ere, mundu zabalekoak ere ikus daitezke: besteak beste, papiroa. «Mediterraneoko ihi bereizgarri hau antzinako egiptoarrek erabiltzen zuten, eskuizkribuak idazteko balio duen papiroa sortzeko», esan du Ruibalek. Pinsapoa, Jupiter zuhaitz zuria, hosto erorkorreko magnoliak, sasiakazia arrosa, indi gaztaina gorria edota azufaifoa ere ikus daitezke.

Gainera, Munoa jauregiaren inguruan diseinu ingeleseko lorategia dago. Zazpi hektareako azaleran dauden landare eta elementuak ezagutaraziko dituzte, doan.

BARAKALDOKO LORATEGI BOTANIKOA