Maialen Arteaga
Gallartako Casa del Marquesito eraikina eraitsi egin nahi dute, haren tokian etxebizitza berriak eraikitzeko. Etxe hori ez da beste edozein eraikin, ordea. 100 urte inguru ditu, eta Gallartako meatzarien historiarekin lotura handia du. Eraisteko asmoa gaitzetsi du Meatzaritzaren museoak, “oker izugarria” izango delakoan: “Gallartako herri zaharra hondatuta gelditu zen, burdinaren ustiaketaren ondorioz. Herria meatzaritzarekin lotzen duten azken eraikinetako bat da etxe hau”, azaldu du Meatzaritzaren museoko langilea den Aitor Uriartek.
Meatzarien iraganak pisu handia du Gallartan: “Meatzea gelditzen zaigu, museoa ere badago, baina iragan horrekin lotzen gaituen guztia mantentzea oso garrantzitsua da. Galtzen baldin badugu, gure memoriaren zati handi bat galduko da”. Uriarteren ustetan, Euskal Herrian edo Bizkaian garrantzi handirik ez badu ere, herriaren memoriarako lehentasunezko elementu historikoa da: “Gallarta herri berria da, eta, historiarako urte asko ez baditu ere, orduko arrasto zaharrenetariko bat da Casa del Marquesito. Mantendu beharra dago”. Ez da egoera honetan aurkitu den eraikin bakarra. Izan ere, duela hiru urte antzeko etxebizitza historiko bat bota zuten: Vivankotarren etxea. “Ez dago meatzarien garaiko eraikinik; Casa del Marquesito eta beste bi baino ez dira geltzen”.
“Utzikeria” besterik ez
Horren arrazoia sinplea da, Uriarterentzat: “Utzikeria, nagikeria eta ezjakintasuna daude honen atzean; eta ondorioa begi bistakoa da: memoriarik gabe gelditzen ari gara”. Ahalegina egin behar bada ere, etxebizitzak eskaintzea eta eraikin historikoak mantentzea “bateragarriak” direla deritzo Uriartek: “Casa del Marquesito bizigarri egitea eskatzen dugu, eta eraikitzen dituzten etxebizitza berriek eraikin hori errespeta dezatela”. Hori ikusita, udalak adierazi du hartutako erabakiak bat datozela Herri Antolamenduko Plan Orokorrarekin. Uriartek ez du hori zalantzan jartzen. “Hala izango da”, esan du, “baina, hori horrela bada, plan orokorra gaizki diseinatuta dagoen seinale da”. Uste du plana berritu behar dela: “Plangintza hori herriaren beharrizanetara egokitu behar da, eta ez herria planera. Planak gelditzen diren eraikin historiko urrien balioa errespetatu behar du, eta, hori ez badu egiten, plana aldatu behar da”, berretsi du Uriartek.
Casa del Marquesitori eusteko “itxaropen urria” dute. Lan kargaren ondorioz, azken tramiteetara baino ez dira iritsi: “Prozedura oso aurreratuta dago; azken orduan iritsi gara gu. Lehentasunezko beste lan batzuetan ibili gara, eta hauek mantentzea lortu dugu. Ditugun baliabideekin eta boluntario lanarekin ez gara denera iristen”, zehaztu du. Administrazioak dio eraikinak ez duela babes kultural ofizialik, baina arrazoi horrek ez du balio Uriarterentzat: “Ingurumenaren ikuspegitik parke naturalak bakarrik babestea bezala da. Ez du zentzurik”.