P. A. D.
Hamar urte daramatza Lhou Ben Youssefek (Tinghir, Maroko, 1995) Euskal Herrian. Bakarrik heldu zen, 15 urte zituela, eta hizkuntzak batere menperatu gabe. Gaur egun, bere egoera erregularizatzea lortu du, eta mekanikari gisa ari da lanean. Etxea eta familia atzean aspaldi utzi bazituen ere, ez dio utzi inoiz ramadana ospatzeari. Bilbon bizi da.
Txikitatik egin duzu ramadana?
Bai, familian beti egiten genuen. Dena den, hona heldu arte ez nuen inoiz osorik egin. Txikia nintzen, eta Marokoko klimarekin gogorragoa egiten da baraualdia. Hori dela eta, egun batzuetan baino ez nuen egiten. Hemen, ordea, hilabete osoa egin dut beti.
Etxekoen falta sumatzen al duzu?
Egun zailak izaten dira. Etxetik urrun denbora bat daramazunean, ohitu egiten zara, baina ramadana familiarekin ez ospatzea ez da gauza bera. Batera egoteko egunak dira; jendea gonbidatzen duzu etxera. Iaz, esaterako, kalean bizi zen lagun bat izan genuen gurekin. Baina familiagandik urrun, oso bestelakoa da.
Zer garrantzi du zuretzat?
Islamaren oinarrietako bat da. Autodiziplinaren eta autosakrifizioaren bidez arima purifikatzeko hilabetea da ramadana, Jainkoarengandik hurbilen zauden garaia. Hilabete sakratua da musulmanontzat. Horregatik da ezinbestekoa guretzat ospatzea.
Zertan datza ramadana?
Egutegi islamikoaren bederatzigarren hilabetea da. Egutegi islamikoa ilargian oinarrituta dago, eta, beraz, 29 edo 30 egun izan ditzake. Aurten, apirilaren 13an hasi zen, eta maiatzaren 12an amaituko da. Barauan oinarritutako hilabetea da, baina horrek ez du zure egunerokotasuna baldintzatu behar. Pozik egoteko garai bat da, bekaturik ez egin eta Jainkoarekin bakean egotekoa.
Zer egin daiteke eta zer ez?
Egunsentitik eguzkia desagertu bitartean baraurik egon behar duzu. Horrekin batera, egunero bezala, bost aldiz egin behar da otoi: egunsentian, eguerdian, arratsaldean, baraua apurtu baino lehen —bederatziak aldera— eta ostean —hamarrak pasatuta—. Errezoak zikloz osatuta daude, eta une bakoitzean gehiago edo gutxiago egin behar dira. Barauaz gain, badira eguzkia zeruan dagoen bitartean egin ezin diren beste gauza batzuk, hala nola sexu harremanak izatea. Azkenik, hilabete honetan inoiz baino jarrera egokiagoa izan behar duzu.
Elkartasunak ere pisua du.
Bai. Partekatzeko garaia ere bada ramadana. Ez duenarekin konpartitzekoa. Solidarioa izan behar duzu, eta albokoari lagundu.
Ba al dago baraua ez egiteko salbuespenik?
Bai, salbuespenak badaude. Esate baterako, txarto bazaude, ez duzu zertan egin. Besteak beste, gaixorik bazaude, min baduzu edota bidaiatzen ari bazara, ez da ezer gertatzen baraua egiten ez baduzu.