Errementarien Tunela bide berde gisa berreskuratu nahi dute

Maialen Arteaga

Bizkaia eta Kantabria (Espainia) lotzen dituen trenbide zaharra bide berde gisa egokituta dago. Bi lurraldeotako trenbideak egokitu dituzte. Bi eremuotatik kanpo gelditzen diren guneak, ordea, egokitu gabe geratu dira, eta, ondorioz, bide berdea etenda dago. Besteak beste, eremu horretan dago Errementarien Tunela.”Ofizialki bi administrazioetako batena ere ez denez, bietako inork ez du tunela konpontzeko interes handirik erakutsi”, esan du Meatzaritzaren museoko langilea den Aitor Uriartek. Bide berde gisa berreskuratu dezaten nahi du.

Sopuertako Alen kultur elkarteak tunela berritzeko eskatu du, eta kontzientziaziorako hainbat jarduera antolatu dituzte. Meatzaritzaren museoak bat egin du Sopuertako elkartearen asmoekin. Meatzaritzaren museoaren ustez, tunela egokitzeak aberastasuna ekarriko lioke inguruari: “Tunela seguru egin eta Bizkaia eta Kantabria lotzeak meatze-ondare garrantzitsuei balioa ematen lagunduko luke”.

XIX. mendeko trenbidea

Trenbidea 1899. urtekoa da. Metalak garraiatzeko sortu zuten. Lan horietarako hamar tunel baino gehiago egin behar izan zituzten. Metalaren jarduera txikitu zenean, bi lurraldeen arteko lotunea itxi zuten. Igarobidea berreskuratu beharra dagoela uste du Uriartek: “Errepide honek lotura handia dauka meatzarien memoriarekin; meatzarien konpainiek egin zuten, merkantzia garraiatu ahal izateko, eta, gerora, herritarrentzat ere bai”.

Uriartek esan duenez, egokitzapenak egiteko ez da lan handirik egin behar: “Adituen arabera, konpontzeko errazak diren moldaketak egin beharko lirateke. Behin konponduta, bide berde gisa ireki nahi dugu. Aisialdirako eskaintza oparoari bide ematen diote era honetako igarobideek”.

Euskal Herriko hainbat txokotan ere antzeko proiektuak aurki daitezke: Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen Uitziko tunela, edo Gasteiz eta Nafarroa lotzen dituen Arkijaseko tunela, esaterako.