Elkartasuna, Mungiatik Afrikaraino

Elkartasuna, Mungiatik Afrikaraino

Maialen Arteaga

Milaka kilometroren gainetik, Afrikarainoko elkartasun egitasmoa abiatu dute Mungiako Larramendi ikastolako Batxilergoko bigarren mailako ikasleek. Osasun zientzietako hamar ikaslek osatzen dute Bat Eginik proiektua. Helburua Benin herrian (Afrika) dagoen eskola bati laguntzea da. Urteak dira hainbat eragilek lehen hezkuntzarako eraikin berri bat eraiki nahi dutela han, baina, baliabide eskasiaren ondorioz, ezin izan dute Somo College ikastetxerako proiektua gauzatu.

Behar hori zutela jakinda, laguntzeko premia izan zuten ikasleek: “Ikasgai batean, taldeka proiektuak egin behar ditugu. Duela bi urte elkartasun proiektu bat egiteko baliatu zuten ikasgaia, eta, hortik abiatuta, proiektu bat hutsetik sortzea pentsatu genuen”, argitu du proiektuko kide Izaro Polo Elorrietak.

Egitasmo solidarioaren ideia buruan zeukatela, hariak lotzen hasi ziren. Klasekide baten aita, Borja Gartzia Bikuña, Beninen aritu zen Vie Pour Tous (Bizitza guztiontzat) fundazioarekin. Hari horri tira egin zioten. “Urte asko daramatza han lanean, eta fundazio horrekin elkarlanean Beningo eskolaren egoeraren berri izan genuen”, esan du Polok. Fundazioko kideek heziketa zentroaren berri eman zieten, eta argitu proiektuan laguntzeko modurik eraginkorrena diru bilketa bat egitea zela. “Eraikuntzarako eta azpiegiturarako materiala biltzea eta kontainerretan bidaltzea oso garestia da. Beraz, laguntzeko modurik onena dirua biltzea zela ondorioztatu genuen. Hortik abiatuta, jarduerak prestatzen hasi ginen”.

Mungiako Udalarekin jarri ziren harremanetan, eta diru bilketarako hainbat jarduera proposatu zizkien. COVID-19aren ezohiko egoerak, ordea, dena oztopatu du. Horregatik, pentsatu zuten diru iturri nagusia kirol jertseen salmenten bitartez lortzea.

Prozesua martxan jartzeko, hainbat azpitaldetan banatu ziren. “Hasieran, proiektuaren norabidea zehazteko lan taldeak banatuago zeuden, baina orain kirol jertseen salmentan ari gara buru-belarri. Horretan egiten dugu denok ahalegin handiena”, zehaztu du Bat Eginik proiektuko kide Aintzane Gurrutxagak. Posta elektroniko eta Instagram bidez egin daitezke eskaerak, bateginik@larramendi-ikastola.net-en.

Ikastola osoa busti

Hazia hamar kidek landatu badute ere, Larramendi ikastola osoan loratu dela diote. “Ikastolako hainbat ikasgeletan ere landu dugu Beningo eskolaren gaia. Kontzientziak astintzeko asmoa ere badu proiektuak. Hezkuntza gure eskubidea da, eta han urratu egiten da”, adierazi du Gurrutxagak. “Ikastolako gurasoekin ere batzartu gara, eta hitzaldiak egin ditugu. Ikastola guztia busti nahi genuen, eta, izenak dioen bezala, bat egin dezatela lortu”, esan du Polok.

Lankidetza horren erakusle, datozen hilabeteetan lehenengo mailako ikasleek hartuko diete lekukoa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak azterketa eta selektibitate sasoian sartuko dira. Lan karga arintzeko asmoz, lehenengo mailakoek hartuko dute proiektuaren lekukoa.

“Diru bilketaz gain, hausnarketa sakonak eragin nahi genituen, eta ikastolako familia denak inplikatu”, esan du Polok. Udala, gobernuz kanpoko erakundeak, Larramendi ikastolako zuzendaritza, irakasleak, ikasleak eta gurasoak inplikatu dituzte. Balorazio ona egin du Gurrutxagak: “Oso pozik gaude. Inguruko jendeak oso ondo erantzun du: asko lagundu du, eta oso ideia ona iruditu zaie”. Polo bat dator: “Guk lehenengo hazia erein dugu, eta espero dugu datozen urteetako ikasleek proiektuarekin jarraitzea, eta, bide honetatik jarraituz gero, agian baita Somo Collegeren eraikuntza bukatzea ere”.