Durangoren historiaren lekukoak

Durangoren historiaren lekukoak

Maialen Arteaga

Durangoko Andra Mari elizpean egoten ziren emakume saltzaileak martxanterak dira. Gozokiak, jostailuak eta umeentzako beste hainbat gauza saltzen zituzten. Belaunaldiz belaunaldi, ofizioaren eta afizioaren lekukoa alabei transmitituz, 60 urte baino gehiago egon dira bertan. Joan den igandean, Durangoko Udalak antolatuta, omendu egin zituzten orduko saltzaile denak.

Boni Macarron martxantera horietako bat izan zen, Durangoko azken kale saltzailea, eta ikur gisa hautatu zuten igandeko omenaldirako. Umetatik azken urteetara arte, Andra Mari eliza azpian igaro zituen egunak Macarron zenak. “8 urterekin hasi zen kalean fruta saltzen, eta 11rekin merkatura joan zen, Andra Mariko elizpera. 81 urte bete zituen arte egon zen bertan”, esan du haren seme Juan Mari Palomera Macarronek. Hitz hori tradizioarekin lotzen du: “Durangon saltzeaz gain, gure ama beste saltzaileekin herriz herri ibiltzen zen; inguruko jaietara eta erromerietara joaten ziren…”.

Aitortza egiteko ordua

Durangoko hainbat istorio eta gertakariren lekuko izan zen Macarron, eta harreman estua egin zuen herritarrekin. “Gure amarentzako, aterpe hori bere etxea izan da, eta ez zen inoiz faltatu, elurra egin, euria, bero izugarria… Herritarrek oso ondo tratatzen zuten; asko maite zuten”. Boni deitzen zioten herrian, eta ilusioz joaten zela oroitzen du haren semeak: “Oso pozik joaten zen, eta ez zen inoiz gaixotzen. ‘Niri Andra Mariko aireak dena osatzen dit’, esaten zidan”. Langile gisa aitortzeko ordua izan dela iruditzen zaio Palomerari: “Zoriontasuna ematen zien umeei, eta amaren saltokia jende askoren topaleku izaten zen. Durangon gertatu ziren gauza askoren lekuko izan zen. Azken batean, goizetik gauera arte egoten zen bertan; ordu mordoa sartzen zituen. Bazen garaia horrelako zerbait egiteko”.

Maitasun eta hurbiltasun horren adibide, 1993an San Fausto jaietako txupinera izendatu zuten. “Jaietako txupinera aukeratzeko polemika handia egoten zen udalean. Orduan, herrian ezaguna zen norbaiti eskaintzea erabaki zuten, eta gure amari eskaini zioten. Txupina bota zuenean, herritar denak ‘Boni, Boni’, hasi ziren kantuka. Ama asko hunkitu zen. Ordutik, herritarren bat aukeratzen dute”.

Margolan bat eliza azpian

Omenaldirako, koadro bat egin zioten Macarroni. Arantxa Orbegozo tolosarrak egin du margolana. “Gure ama zenaren inguruan luze hitz egin genuen; nik kontatzen nionaren arabera margotzen zuen ama. Asko gustatu zitzaigun, eta Durangoko herritarrak ere txundituta gelditu ziren”, adierazi du Palomerak.

Artelana elizpeko zutabe batean geldituko da. “Bartzelonan bizi naiz ni, eta Durangora etortzen nintzenean esaten zidaten elizpea ez zela lehengo bera. Nik ere hutsik sumatzen nuen; gure amak kolorea ematen zion”. Uste du margolanarekin hutsune hori bete egin dela: “Orain biziago dago”.