Arantxa Orbegozo: “Boni Macarron martxanteraren koadroak herri baten memoria kontatzen du”

Arantxa Orbegozo: “Boni Macarron martxanteraren koadroak herri baten memoria kontatzen du”

Maialen Arteaga

Arantxa Orbegozo margolariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) egin du Durangoko martxanteren omenaldirako Boni Macarronen margolana. Koadroa Andra Mariko elizpean dago orain. Macarron omentzeko ez ezik, herriaren memoria kolektiborako ariketa dela uste du artistak.

Margotzean sumatu duzunetik, nola deskribatuko zenuke Boni Macarron martxantera?

Emakume boteretsua zela iruditzen zait. Oso bizitza gogorra izan zuen, eta, kanpotik ikusita, esango nuke Doña izena merezi zuela. Aberatsek abizen gisa daukate berez, baina emakume honek ohore hori irabazi egin zuen. Inoiz ez zen ezertaz kexatu, eta beste emakumeak ahalduntzen zituen. Herriarentzat oso garrantzitsua zen; haren iritzia asko hartzen zuten kontuan. Bonik denetarik ikusi eta entzun zuen 65 urtean. Hainbat belaunaldi ikusi ditu Durangon hazten. Jakinduria handia dauka, eta oso emakume errespetatua izan da herrian. Oso umila.

Durango osoak ezagutzen zuen Boni, baina zuk ez. Kontraste handi hori zaila egin zaizu?

Egia esan, ez. Inguruko jende askorekin bildu naiz hari buruz informazioa jasotzeko. Niri ez zait gustatzen posatzen dagoen norbait margotzea; uste dut nortasuna mikro keinuetan ikusten dela. Argazkiak, bideoak eta istorioak bildu ditut, eta asko busti naiz emakume hori ezagutzeko. Proiektu honen helburua herri baten memoria kolektiboa beste era batean kontatzea da. Herriko festetan ere batailak, tiroak, gudak… oroitzen ditugu. Zergatik ez dugu benetan bihotza ukitzen digun hori omentzen? Pertsona hobeak izaten lagunduko gaituzten horiek omentzen? Halako emakume boteretsu baten ondoan, erraza izan behar du bizitzak. Bonik izan zuen bizitza gogorrarekin aurrera egin bazuen, guk nola ez?

Herriaren memoria aipatu duzu. Zergatik da herri oso batena?

Koadroa ikusi eta pertsonaiaz hizketan hastean, badirudi iraganeko garaietara eramaten gaituela. Jendea ikusi dut beste garai bateko gaiez hizketan: sirena hotsak, nola joaten ziren bizikletan lanera, eskolara… Boni Macarron martxanteraren koadroak herri baten memoria kontatzen du. Uste nuen soilik pertsona omenduko genuela, baina Boni memoriaren transmisiorako eta hizketaldirako amua izan da.

Harrera ona izan du? Gustura gelditu zara emaitzarekin?

Bai. Horretarako ezinbesteko osagai izan dira senideekin izan ditudan elkarrizketak: Boniren arima koadrora ekartzen lagundu didate. Halakoetan, bi aukera daude: koadroaren aurrean hunkitzea, edo ez. Familiari erakutsi nionean, denok egin genuen negar, eta musukatu egin zuten. Oso gustura gelditu naiz.