Peru Azpillaga Diez
Badira begi bistan ere ikusezinak direnak. Eguzkia ezkutatzeko bidean dagoen orduetan Bilboko kaleetan ohiko pasiera egitera irteten denak segur aski ez du normaltasunetik harago doan ezer sumatuko. Horrek ez du esan nahi ingurua aldatu ez denik, ordea.
Musulmanek apirilaren 13an ekin zioten ramadanari. Erlijio islamikoan dagoen hilabeterik garrantzitsuena da. Festa erlijiosoa ezagutu gabe, ez da Bilboko kaleetan haren arrastorik topatuko; baina, behin baraualdia oinarri duen usadioaren inguruko informazioa jaso ostean, ezinezkoa da ez antzematea 19:00 aldera, plastikozko poltsak eskuan, batera eta bestera doazen gazteen joan-etorria.
“Bailenetik datoz hauek, Al-Forkan eta Al Bader meskitek egiten duten elikagai banaketatik”, aipatu du Bakaye Diopek, Marzanara bidean hiru gazterekin topo egin ostean. Orain dela zazpi urte Senegaldik etorritako futbolzale amorratua da Diop, eta hura ere ramadanean murgilduta dabil. “Gu Marzanan elkartzen gara beti”, erantsi du senegaldarren komunitateari erreferentzia eginez. “Hilabete honetan, guztion artean dirua bildu, eta ogitartekoak eta kafea banatzen ditugu, doan”. Nabarmendu duenez, barauaz gain, elkartasuna da ramadanaren oinarri nagusietako bat.
Hogei bat lagun daude Marzanan bilduta, eta banan-banan agurtu ditu guztiak Diopek: “Salam Aleikum“; “Aleikum Salam“. Heldu eta gutxira, janaria banatzeari ekin diote. “Jende askok bizitza normala egiten du. Gu hemen batzen gara urte osoan, eta ramadan garaian jatekoa ematen diogu baraualdia egiten dabilen eta baliabiderik ez duen jendeari”, azaldu du.
Lehen, lokal bat zutela esplikatu du. Han prestatzen zuten jatekoa, eta banaketa egiten zuten: “Orain, kalean egin behar dugu”. Hala ere, ezin zioten banaketa egiteari utzi, pandemiarekin “areagotu” egin delako kalean dauden pertsonen kopurua.
Plastikozko poltsatxoetan ematen dute espeziaz jositako kafe senegaldarra. Senegaldarrez gain, kamerundarrak, arabiarrak eta euskaldunak ere igarotzen dira. “Guk mundu guztiari banatzen diogu jatekoa, baita ramadana egiten ez duen jendeari ere. Azken batean, elkarbanatzea da helburua; zerbait dugunok ez dutenekin konpartitzea”. Are gehiago, esan du banaketan dabiltzan kide batzuek ez dutela egiten ramadana.
Fededun petoa da Diop. Ramadana oso hilabete berezia da harentzat; “jainkoarengandik hurbilen” dagoen garaia. “Egunsentian hasten dugu baraualdia, seiak baino lehentxeago. Hortik aurrera, eguzkia ezkutatzen den arte ezin dugu jan, edan eta lehen egiten genituen beste gauza batzuk egin”. Nolabait esanda, “purifikazio” hilabete bat dela kontatu du, bekatuak alde batera utzi eta albokoari laguntzeko garaia. “Oso hilabete espirituala da, baita elkartasunezko hilabetea ere”.
Marzanatik gora, Bailen kalean, Al Forkan eta Al Bader meskitek antolatutako banaketa tokia dago. Norai elkarteak utzitako lokalaren laguntzaz, arratsaldeko zazpietatik aurrera janaria banatzen dute, doan, ramadana egiten ari direnentzat. Berdin egiten dute Atxuriko Enkarnazio plazan.
Sei eta erdiak aldera hasten da jendea Bailenera inguratzen. Poliziak abisua eman die: “Egin ezazue ilara bat”. Erronda egiten dabiltza auzotik, eta etorri bezala alde egin dute. Urduritasuna ere sumatzen da bertara joandako lagun batzuen artean, eta kazetariaren argazki kamerak ez du laguntzen. Egoera ez da erosoa, eta “errespetua” eskatu dute.
Pandemiaren eragina
Norai elkartearen barruan, boluntarioak janaria pilatzen ari dira. “Asko dira pandemiaren eraginez pobretu diren pertsonak. Lehen, kaleko salmentari edota txatarrari esker irauten zuen jendeak, eta orain are egoera okerragoan murgilduta dago”, ohartarazi du Driss Moulayk, Al Forkan meskitako arduradunak. “Hona baliabiderik ez duen jende asko etortzen da janari bila. Aurten, 400 pertsona baino gehiago zenbatu ditugu”. Udal aterpeetan edota kalean dauden pertsonak direla dio Moulayk; gehienak, mutil gazteak. “Eta hori guztia, hilabete amaierara heltzen ez diren familiak zenbatu gabe. Zoritxarrez, hainbeste jende dago kale gorrian, jada ez baita haiei buruz hitz egiten”, gaineratu du.
Tradizio bat baino gehiago, musulman batentzat ramadana betebehar bat dela esan du Moulayk. Gainera, uste du jantoki sozialak ez direla moldatzen gazteen bizimodura. “Ramadanarekin, esaterako, tuper batean eramaten dute eguerdian janaria, eta, kalean bizi direnez, hilabete oso bat ematen dute ezer berorik jan gabe”. Bilbon antolatu dituzten bi banaketa guneen bidez, hilabete hau “pixka bat alaitzen” saiatzen dira. “Haien eguneroko bizitza jada zaila da, eta ramadanean, are zailagoa. Gu laguntzen saiatzen gara, baina ezin dugu arazoa konpondu”.
Pandemiarik ez zegoenean, beste era batera bizi zuten. “Meskitan jan zezaketen, bero eta komunitatean. Ez zeuden bakarrik; babestuago zeuden. Orain, janaria hartu, eta zubi baten azpian edo udal ostaturen batean jan behar dute”, esan du, penaz, Moulayk.