Peru Azpillaga Diez
Lehen aldiz, lan hitzarmen kolektibo batek zehaztuko ditu elikadura saltokietako banatzaileen lan eskubideak. Sektore txiki bati eragiten badio ere Bizkaian lau enpresa eta 170 langile-, hitzarmena mugarria izan daiteke banatzaileen lanaren erregulazioan. Izan ere, akordioan, irekita utzi da hitzarmena bestelako sektore batzuetara zabaltzea ere. Cebek Bizkaiko patronalak ELA eta LSB sindikatuekin adostu du akordioa.
“Sektoreko enpresa txiki batzuek, beren baldintzak hobetu nahian, mobilizatzeari ekin zioten, eta ELArekin harremanetan jarri ziren”, azaldu du Ane Zelaia ELAko kideak. “Greba bat abiatu zuten langileek, eta orduan hasitako negoziazioetan konturatu ginen sektore honetan oso zaila izango zela arazoa zentro edo enpresa mailan konpontzea; beraz, ikusi genuen sektore mailako konponbide bat bilatzea zela aterabiderik garbiena”.
Zelaiak dio supermerkatuentzat lan egiten duten enpresa horiek “lehia handia” dutela elkarren artean; “orduan, lan baldintzak enpresa batean hobetzeak, enpresa hori merkatutik ateratzea ekarriko luke”. Horrez gain, azaldu duenez, bazegoen beste arrisku bat ere: “Askotan gertatu zaigu enpresa batean hobekuntza bat negoziatu ostean dena delako supermerkatuak enpresa aldatzea erabakitzea. Ondorioz, langileak kalera joaten dira, beste batzuk sartzen dira, eta egindako borroka guztia ezerezean geratzen da”.
Hori eragozteko, hitzarmenean subrogazioa txertatzea beharrezkoa izan dela azpimarratu du ELAko kideak, lortutakoak iraun zezan. “Hala, supermerkatu batek enpresa aldatzen badu, enpresa berriak legez enpresa zaharreko langileak kontratatu beharko ditu, baldintza bertsuekin”.
“Sektore” izaera
Hitzarmenaren “sektore” izaeran jarri du arreta Cebek-eko lan harremanetako zuzendari den Mikel Anderezek ere. “Orain arte, sektore honetako enpresek beren erregulazioak zituzten, eta orain hori dena lan hitzarmen bakarrean bateratu dugu”. Berrikuntza nagusien artean, ordainketak “modu nabarmenean” handitu dituztela aipatu du, antzinatasun elementu bat moldatzearen truke. Horrekin batera, azpikontraten munduan “ohikoa” den “subrogazio klausula” ere azpimarratu nahi izan du Anderezek. “Gainerakoa homogeneizazio prozesu bat izan da, jada aplikatzen ziren baldintzekin; lan orduak, esaterako, mantendu egin dira; hori bai, malgutasuna handituz. Subrogazioa zen sektore osorako hitzarmen baten bidez soilik lor zitekeen ezaugarri bakarretakoa, eta, horregatik, bai enpresek eta bai langileek horren alde egin zuten”.
Cebek-eko arduraduna harrituta agertu da hitzarmenak izandako oihartzunagatik. “Ez diot garrantzirik kendu nahi, baina, oraingoz, sektore txiki bati eragiten dion hitzarmen bat da”, adierazi du Anderezek. “Ez dio edozein banaketa enpresari eragiten, soilik elikagaien salmentan dihardutenei, hots, supermerkatuei”, erantsi du. Esplikatu duenez, ordea, badago hitzarmena bestelako enpresa batzuei zabaltzeko aukera: “Langileen estatutuan jasotzen den eskubide bat da. Kasu honetan, elikagaiekin zerikusirik ez duten produktuen banaketan diharduten langileek, hitzarmen propiorik ez badute, eta hau aproposa dela uste badute, aukera daukate atxikitzeko edota beren hitzarmen propioa negoziatzeko”.
Zelaiak txalotu egin du akordioa, baina, nabarmendu duenez, argi du “bide luze baten lehenengo pausoa” baino ez dela. “Hitzarmenak ez die enpresa askori eragiten, hori badakigu. Joan beharko dugu detektatzen benetan zenbat diren lan hori egiten duten enpresak eta eskaintzen dituzten lan baldintzen gainetik hitzarmena aplikatzen”. Izan ere, hark azaldu duenez, banatzaileen sektorea “oso prekarioa” da. “Azpikontraten esku dago, lan baldintzak minimoak eskaintzen dituzte, eta, askotan, autonomo faltsuez baliatzen dira”.
“Hitzarmen honetan, pauso bat eman da, eta espero dugu banatzaileen sektore gehiago ere sartzea bertan”, esan du ELAko kideak. “Patronalak, eskubideak emateko orduan, ez du inoiz erraztasun handirik jartzen; horregatik, hitzarmen honetarako giltzarria izan da langileek lehenagotik abiatutako borroka. Horri esker izan dugu akordio bat lortzeko aukera.