Ibai Maruri Bilbao
Aurreratuta dator aurten 2020ko errenta aitorpenaren kanpaina: maiatzean barik, datorren astean hasiko da. Berrituta dator, gainera: Bizkaiko zergapetu guzti-guztiek etxean jasoko dute aitorpena eginda. “Inoiz ez da hain erraza izan”, esan du Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendari nagusiak. Berria. Erraza ipini diote leloa kanpainari. Ogasunaren eta herritarren arteko harremanak modu telematikoan egingo dira.
Bizkaiko Ogasunak egindako 900.000 errenta aitorpen inguru bidaliko ditu. Martitzenean hasita, eguneko 170.000 gutun bidaltzea da Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailaren asmoa. Herritar bakoitzak bere zerga egoitzan jasoko ditu; hau da, bizi den etxean. Beraz, apirileko lehen hamabostaldian jasoko dute eskutitza Bizkaiko zergapetu gehienek. Iaz, zergapekoen %55ek jaso zuten proposamena etxean, eta besteek euren gain hartu zuten egiteko ardura: 200.000 inguruk euren kasa osatu zuten; 63.000k bankuen bitartez egin zuten. Oraingoan, lehenengoz, guztiei egin die aitorpen proposamena ogasunak; baita langile autonomo eta aurkeztera behartuak ez daudenei ere. “Autonomoei eurek aurkezturiko diru sarreren arabera kalkulatuko diegu, eta hurrengo urtean, Batuz sistemari esker, baita BEZaren aitorpena ere. Behartuta ez daudenek, urtean 20.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek, eurek erabakiko dute komeni zaien edo ez”. Esaterako, 75 urtetik gorako bizkaitarren erdiak ez dira iristen kopuru horretara. Diputazioak 49 eskutitz eredu diseinatu ditu, zergapetuen artean dauden kasu guztietara egokitzeko: ezkonduak, ezkongabeak, gurasoak, autonomoak…
Zer iritsiko da etxera?
Apirilaren 6tik aurrera, Bizkaiko Ogasunaren gutunak etxera iristen hasiko dira; hiru orri, gutun azalaren barruan. Lehenak ogasunak egindako aitorpenaren emaitza ekarriko du: hau da, kobratu edo ordaindu beharreko kopurua. Bigarrenak BAK identifikazio sistema aktibatzeko pasahitza ekarriko du, eta ezinbestekoa da sistema aktibatzea. Hirugarren orrian zergapetuaren izenean aitorpena egin ahal izateko baimena dator: hau da, sarbide kode pertsonala. Inguruko konfiantzazko norbaitek edo aholku emaile profesional batek egitea nahi dutenek erabiliko dute.
Nola ikusi ogasunak egindakoa zuzena den?
Orain arte ohikoa zen bankura joatea. Aurrerantzean ezingo da. Ogasunarekin zuzeneko harremana izango dute zergapetuek, baina modu telematikoan. BAK identifikazio sistemari esker egingo da, bizkaia.eus/renta webgunean, Renta Bizkaia Errenta gailu eramangarrietarako aplikazioan edo 946-08 30 00 telefono zenbakira deituta. Diputazioak uste du gehienek telefonoz egingo dutela, eta indartu egin du zerbitzua: 110 behargin gehiago izango ditu, aldi berean 400 deiri erantzun ahal izateko.
Webgunean edo aplikazioan, ogasunak dituen datuak ikusiko dira. Gorriz markatuta agertuko dira falta direnak edo akatsen bat izan dezaketenak. Zerbait oker dagoela uste duen zergapetuak, zuzentzeko, ezabatzeko eta datu berriak sartzeko aukera izango du. Normalean alokairuari dagokion errenta falta izaten da.
Noiz arteko epea dago?
Ohi bezala, errenta aitorpenaren kanpaina ekainaren 30ean bukatuko da. Ordura arte dauka zergapetuak zirriborroa onesteko edo zuzentzeko aukera.
Kobratzekoa bada, noiz?
Bi aukera ditu zergapetuak. Ogasunaren proposamena zergapetuak kobratzeko bada, ez du ezinbestean onespena eman behar; ezer egiten ez badu onartu duela ulertuko du ogasunak, eta ekainaren 11n kobratuko du, ohiko kontu korrontean. Baina, onespena espresuki eman badu, onartu duenetik zazpi egunera jasoko du dirua. Hala, datorren astean bertan onartuko dutenek, apirilaren erdirako kobratuta izango dute. Diputazioak onespena ematea gura du, eta horregatik sarituko ditu hori egingo dutenak, besteei baino lehen ordainduta.
Eta ordaintzeko?
Aitorpenean ordaindu beharra atera zaien zergapetuek derrigorrezkoa dute errenta aitorpena aurkeztea. Ogasunak uztailaren 6an kobratuko die zergapetuei ordaindu behar duten kopurua. Zergapetuak ordainketa zatikatua egiteko eskatu badu, erdia kobratuko diote egun horretan, eta beste erdia azaroaren 10ean.
Telematikoaz gain, bada beste aukerarik?
Etxera iritsiko den gutuneko hirugarren orriko pasahitzarekin, senideren batek edo aholkulari batek egin dezake aitorpena, zergapetuaren ordez. Horrez gain, salbuespen kasu batzuetan ogasuneko teknikariekin aurrez aurreko txanda eska daiteke. Diputazioak espero du azken aukera hori “oso gutxi” erabiltzea.