Udalekuak itzuli dira

Udalekuak itzuli dira

Natalia Salazar Orbe

“Era horretako jarduerak oso onuragarriak dira umeentzat. Ahaztuko ez duten esperientzia izateaz gain, lagun berriak egitea, etxeko babesetik kanpo elkarrekin bizitzen ikastea, norbere autonomia garatzea eta etxean egiten ez dituzten jarduerekin gozatzea dira, besteak beste, udalekuen helburuak”. Nagore Zobaranen berbak dira. Ajangizen den Lurraska ingurumen zentroko koordinatzailea da. Iaz bertan behera utzi zituzten Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen udalekuak. Aurten, ordea, parte hartzeko aukera izango dute zazpi eta hamahiru urte arteko gaztetxoek, eta horien onura azpimarratu du Zobaranek. Martitzenera arte eman ahal izango da izena udaleku horietan.

Udalekuak 2021 programa uztailaren 1etik 29ra bitartean garatuko da. Osasuna bermatzeko segurtasun neurri zorrotzagoak bete beharko dituzte aterpetxeek, eta leku gutxiago izango da. Iaz, 1.360 eskaini zituzten Bizkaian. Aurten, kopuru hori asko murriztu da: 822 izango dira. Horietatik, 136 —denak euskaraz— izango dira, 2013an eta 2014an jaiotako umeentzat; 406 —366 euskaraz eta 40 elebidunak—, 2010 eta 2012 bitartean jaiotakoentzat; eta 280 —252 euskaraz, 28 elebidunak—, 2008an eta 2009an jaiotakoentzat. Hala ere, Bizkaiko umeek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako beste 11 aterpetxetara joateko ere eman ahalko dute izena.

Eskabideak, sarean

Bizkaian bost espaziotan eskainiko dituzte udalekuak: Trapagarango La Arboledan, Dimako Lapurreketan, Morgako Meakaurren, Gorlizen eta Ajangizko Lurraskan. Eskaera guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin behar dira: ebizkaia.eus webgunean. Horretarako interesa duten familiek, izena eman aurretik, identifikazio elektronikorako bitartekoren bat izan beharko dute: Izenpek emandakoa, NA elektronikoa edota beste ziurtagiri digitalen bat.

Zozketa apirilaren 27an egingo dute, 10:00etan. Horren ondoren ezarriko dute udalekuetako lekuak esleitzeko hurrenkera. Plazarik lortu ez duten eskabideak itxarote zerrendan antolatzeko hurrenkera ere orduan finkatuko dute.

Zazpi eguneko egonaldia

Bizkaiko etxeek zazpi eguneko udalekuak eskainiko dituzte, uztailean zehar banatutako lau astetan. Horietara doazen umeen familiek 130 euro ordaindu beharko dituzte. Hobariak izango dituzte diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek edota familia ugarikoek.

Zobaranek gogorarazi duenez, umeek iaz ez zuten izan udalekuetako esperientziarik bizitzeko aukerarik: “Espero dugu aurten gogoz etortzea gure udalekuetara, nahiz eta baldintzak zorrotzagoak izan”. Haienean, orain arte 130 umerentzako egonaldiak izaten zituzten, eta, aurten, 75entzako tokia izango dute. Horrez gain, ohi baino kontrol handiagoa ezarri beharko dute hainbat alorretan: “Taldeen banaketan eta logelen, norbere garbiketaren, aisialdi garaiaren eta jantokiaren antolaketan izango du eragina, batez ere, beste urte batzuekin konparatuta”.

Aldundiak joan den astean egin zuen udalekuen aurkezpena. Bertan izan ziren Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatua eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua. Han azaldu zutenez, haurrek naturarekin kontaktuan egiten diren kirol eta kultura jarduerez gozatu ahal izango dute. Besteak beste, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, mendi ibilaldiak, eskalada, rapela, tirolina, arku tiraketa, paintballa edota arrauna eta arroila jaitsiera aipatu zituzten. Ingurumenaren ezagutzan, errespetuan eta zaintzan kontzientziatzeko jarduerak ere garatuko dituzte.

Bide horretatik mintzatu da Zobaran ere, eta Lurraskako eskaintzaren berri eman du: “Gurean baserri eskolarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduerak egiten dituzte: baserriko animaliekin lan egin, haiei jaten eman, haien ezaugarriak ezagutu, garbiketa lanetan parte hartu eta zaldiz ibiltzeko aukera ere izaten dute. Ortuko lanak egiten dituzte: landatu, lurrean aritu eta sasoiko produktuak jaso. Baserriko ogia eta taloa egiten ere ikasten dute”.

Birziklatzearekin lotutako tailerrak ere eskaintzen dituzte Ajangizen, piraguetan ibiltzeko aukera izaten dute eta irteerak ere egiten dituzte. Aisialdiarekin lotutako jolasak antolatzen dituzte, besteak beste, ginkanak eta uretako jolasak. “Gauetan gau belak izaten dituzte. Abestu eta gaueko jolasak edota dantzaldiak egiteko aukera izaten dute. Haientzako dantzalekua litzatekeena. Arrakasta handia izaten du horrek”.

LURRASKAKO UDALEKUAK

Egoera epidemiologikoak baldintzatuko du zeintzuk jarduera egin ditzaketen aurtengo udalekuetan. “Aldaketak egin baino gehiago, moldaketaren bat edo beste egin beharko dugu jarduerak garatzeko orduan”. Hala azaldu du Zobaranek. Ahal bada, ohikoak dituzten irtenaldiak egingo dituzte. Hala ere, egonaldi osoa Lurraskan bertan egin beharko balute ere, adierazi du haurrek ez dutela aspertzeko tarterik izango. Eta segurtasun neurriak bermatuta daudela baieztatu du: “Gure udalekua itxia da, eta kanpoko kontakturik gabe egotea ahalbidetzen du”.

Adinen araberako arreta

Udalekuak adin guztietako umeentzako aukera oso aberasgarritzat ditu Lurraskako koordinatzaileak: “Adin bakoitzak beharrizan ezberdinak ditu, eta, horietara egokitzen bazara, udaleku arrakastatsua izango dela ziurta dezakezu. Txikienek, arreta handiagoa eskatzen dutenez, jolas asko behar izaten dute inguru eta egoera ezberdinera egokitzeko eta udalekuko erritmoa hartzeko. Nagusiagoek, ostera, jarduera bideratuak egitea gustatzen zaien arren, denbora librea izatea ere eskatzen dute. Garrantzi handia ematen diete euren arteko harremanak garatzeari”.

Adinaren araberako eskaintzei dagokienez, txikienek, 2008an eta 2009an jaiotakoek, Bizkaian aukera bakarra dute: Gorlizko aterpetxea. 2010 eta 2012 bitartean jaiotakoentzako hiru aukera daude: Meakaur, Lurraska eta Lapurreketa. 2013an eta 2014an jaiotakoek La Arboleda dute aukera bakarra Bizkaian. Handik kanpoko aukeretara jotzerik ere badute. Izena, banaka, binaka edo, gehienez, hirunaka eman dezakete umeek.