Ibai Maruri Bilbao
Ubide 1540an banatu zen Zeanurirengandik. Jazoera haren ondoren, ordura arte herri bietako herritarrek erabiltzen zituzten mendiak biek aprobetxatzen jarraitzeko hitzarmen bat egin zuten. Hala sortu zen Ubide eta Zeanuriko Larreen Mankomunitatea. Gaur egun lehen sektoreak indarra galdu du, baina oraindik ere badira lursail haiek aprobetxatzen dituzte baserritarrak. Eta bi udalek tinko eusten diote ia 500 urte dituen akordioari.
Hala ere, bost mende hauetan hainbatetan izan dituzte gatazkak. Eta azkena orain sortu da. Joan den azaroan, Zeanuriko Udalak bere jabetzako basoetako belardien ustiaketa arautzen duen udal ordenantza berria onartu zuen behin-behinean. Iñaki Beobide Ubideko alkateak “zentzuzkoa” ikusi du araudian egin den aldaketa: “Araudi zaharra zen, eta bazuen berritzeko eta gaurkotzeko beharra. Diputazioak agindu digu guri eta antzeko beste kasu guztiei araudia gaurkotzeko. Eta egin diren aldaketak egokiak dira. Baina ez modua”. Baina araudi aldaketa udal biek elkarrekin egin behar zutela uste du. Hori horrela, alegazioak aurkeztu dizkio Ubidek Zeanurik onartutako araudiari. Izan ere, testua oraindik ez da behin betikoa: alegazio fasean dago. EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle Mikel Mari Karrera doktoreak lagundu die prestatzen.
Karrerak ondutako alegazioaren arabera, “hainbatetan argi geratu da” kudeaketa partekatua egin behar dutela bi udalek. Hori baieztatzeko, ondoko adibideak jaso ditu. 1542an bertan, erabakiak adostu egin behar dituztela esan zieten epai batean. Herri biek ere hala onartu zuten 1790. urtean hitzartutako transijitze eskrituran. Bizkaiko Foru Aldundiaren parte hartzearekin beste birritan azpimarratu da adostasunaren premia: 1870. urtean emandako foru dekretuan eta 1904. urtean emandako arbitrai laudoan. Ubidek uste du orain hautsi egin dela adostasuna. Hau da, kudeaketa partekatua ez dela errespetatu. Euren eskubidea auzitan ipini dela uste du Iñaki Beobide Ubideko alkateak.
Zeanuriko alkate Eider Ajuriagerrak esan du, lursail horiek Zeanurirenak diren heinean, kudeaketa ere eurena dela: “Lur horiek Zeanuriko Udalarenak dira. Mankomunitatea erabilerari buruz eta lur horiek ematen dituzten fruituei buruz da, baina ez gestioari buruz”. Kudeaketa beti Zeanuriko Udalaren kontua izan dela esan du. “Nik begiratu ditut aktak, 1980. urtetik honakoak, eta ordenantza beti eroan du aurrera Zeanuriko Udalak, baita larreen gestioa ere. Eta Zeanuriko Udalak egiten ez dituen lanak Zeanuriko Abeltzain Elkarteak egin ditu. Guk argi daukagu Zeanuriko Udala dela lur horien jabea eta lur horien gestioa egiten duena”.
Eskubide kontua
Aldaketak, besteak beste, Gorbeialdeko osasun planari egokitzeko egin dira. Alkate biak ados daude: “Beharrezkoak”. Gainera, erabilerak zehaztu dira: larre horietan egon daitekeen ganadua eta abar. Baldintza horiek bete ezean, isunak ipiniko direla ere zehazten da. “Baina mamia ez da aldatu”, ohartarazi du Ajuriagerrak.
Ubideko alkateak azaldu duenez, gehienbat, Zeanuriko abeltzainak dira larreak erabiltzen dituztenak. “Ubiden orain ez dago abeltzain askorik. Guztiek dute larreak erabiltzeko eskubidea, baina 25-30 idi dituen batek baino ez du ganadua hara eroaten”. Beraz, edukiarekin ez dute arazorik, eta eragina ere ez da handia. Ubideko Udalak gura duena da kudeaketan parte izan.
Ajuriagerrak gaur-gaurkoz ez du horretarako aukerarik ikusten. Udal biek txosten bana egin dute azken urteetan, hori aztertzeko, eta uste du hori irakurri eta ikusi beharko dela zein izan daitekeen konponbidea. Hala ere, kudeaketaren ardura beti eurena izango dela esan du. “Orain arte horrela izan da”. Gaineratu du Ubidek aurkeztutako alegazioak kudeaketari lotutakoak izan direla, baina eurek araudia aldatzerakoan arlo hori ez dutela aldatu. “Aldaketak erabileraren ingurukoak izan dira soilik”.