Bakoitzaren gabeziei barre

Bakoitzaren gabeziei barre

U. Gutierrez Lorenzo

Oholtza gainean zortzi kutxa, eta, kutxetara egokitu nahian, zortzi herritar. Baina, zer gertatuko litzateke bakoitzari egokitu zaigun kutxari egokitzerik ez badago? Zer gertatuko litzateke herritarrek une batez burua dagokien kutxatik aterako balute? Hausnarketarako galdera horiek jolas bihurtu eta Karrikan ikuskizuna ondu du Durangoko Karrika antzerki konpainiak. Umore absurdoa abiapuntu hartuta, norberaren beldur eta gabeziei egingo diete barre aktoreek.

Uxuri Gallastegi, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Mikel Uribelarrea, Maialen Magunagoitia eta Eider Chavez igoko dira oholtzara, eta, Patricia Urrutiaren zuzendaritzapean aritu dira jolasetik sortzen. Apirilaren 4an, domekaz, egingo dute estreinaldia Durangon, Topaklown jaialdian.

Ibilbide luzeko konpainia da Karrika, eta hogei urtetik gora daramate antzerki giroan buru belarri murgilduta; halere, erronka gisa ikusten dute estreinatzear den pieza. Uxuri Gallastegi taldekideak azaldu duenez, clowna ez dute berezko erregistroa eta lehenengoz taularatuko dute umore absurdoan oinarritutako ikuskizun bat. Erronkari gogoz heldu diote, eta apurka joan dira jolasaren dinamika barneratzen. Gallastegiren hitzetan, hainbat kasualitateren bidegurutzean azaldu da erregistro aldaketa. Jose Martin Urrutia Txotxe Karrikako zuzendari izandakoaren heriotzak taldea “umezurtz” utzi zuen.

Zuzendari berria

Kanpo gidaritza berri bila hasi zen taldea orduan, eta Topaklownen egin zuten topo gerora konpainiako zuzendari bihurtu denarekin: Patricia Urrutiarekin. “Topaklown jaialdiko ikastaro batean ezagutu genuen Patricia, eta berehala konektatu genuen harekin eta erabaki genuen pertsona egokia zela Karrikaren parte bihurtzeko”. Gidaritza aldaketaren emaitza da Karrikan.

Sortzan, jolasa izan dute abiapuntu eta lan molde. Norberaren gabezi eta beldurrei barre eginez ondu dute emanaldia, gizarte estereotipoen inguruko gogoeta absurdoa egiteko. “Norberaren gabeziak edo beldurrak abiapuntu hartu, horiez barre egiten ikasi, horrekin gozatu eta hori eraman oholtzara”, esan du Gallastegik.

Ikuskizun baten estreinaldia beti da urduritasun, emozio eta gogo pizgarri, baina Karrikan-en kasuan ezohiko gogoa eta beharra dute sortzaileek lana erakusteko. “Lau aldiz atzeratu behar izan dugu estreinaldia pandemia dela eta, ia urtebete berandu goaz, eta energia aldetik ez da batere erraza izan erritmoari eustea”.

Gorabeheren ondotik, pozik daude estreinaldirako agertokia Topaklown izango delako. “Urteak daramatzagu Topaklownen parte hartzen, eta Karrikan bertan estreinatzea ohorea eta aitortza dira guretzat”.