Ibai Maruri Bilbao
“Aurten ezin dugu txakolinari buruzko berri onik eman Bizkaian”. Bizkaiko Txakolina sor-markako Kontseilu Arautzaileko presidente Jose Luis Gomez Kerejetak 2020. urtearen balantze ezkorra egin du. Batetik, berri on bat dago: 2019an baino gehiago ekoitzi dute: 1.557.344 litro. Baina, bestetik, salmenta datuak daude: COVID-19aren pandemia dela eta, salmentek %30 egin dute behera.
Osasun larrialdiaren ondorioz, ostatu, jatetxe eta tabernak itxita egon dira denbora luzez. Txakolina merkaturatzeko bide nagusia izan ohi dute hori, eta erabat zarratu zaie hainbat hilabetetan. Kontseilu Arautzaileak alternatibak bilatu ditu, eta janari dendetan, saltoki handietan eta Interneten topatu ditu. Baina ez da nahikoa izan: “Baliabide horiek ez dituzte tabernek eta jatetxeek izan dituzten mugek eragindako galerak orekatzen”. 2021erako aurreikuspenak ez dira hobeak; “are okerragoak” direla esan du, egoera “erabat eta epe laburrean” aldatu ezean. “Bizkaiko upategiak euren gaitasunaren muga-mugan daude: irailean hurrengo mahats bilketara iritsiko dira, biltegiak beteta dituztela eta uzta berriarekin lan egiteko leku barik”.
Administrazio publikoen “babes irmoa” eskatu du; bai Eusko Jaurlaritzarena, bai Bizkaiko Foru Aldundiarena. “Badakigu COVID-19aren krisiak gizarte osoari eta jarduera ekonomikoaren zati handi bati eragin diola, baina ezin diogu uko egin egin administrazioari inplikazioa eskatzeari, bai laguntza zuzenen bidez, bai sektoreari laguntzeko neurriak bultzatuz”. Haren ustez, “premiazkoak” dira laguntza horiek, ustiategiek behar dituzten inbertsioak eta dituzten gastuak etengabeak direlako: “Txakolinak urte osoan mahastia etengabe zaintzea eskatzen digu; baita upategietan lan egitea ere. Lan horrek gastu batzuk sortzen ditu, eta upategi gutxik egin ahal izango diote aurre, diru sarrerarik lortzen ez badute”.
Egoera larria dela esan du Kontseilu Arautzaileko kide Aritza Antolinezek: “Mende laurden baino gehiagoko lana dago jokoan, mahastiak berreskuratzen eta zabaltzen egindako lana. 25 urte baino gehiago egin ditugu mahastietan eta upategietan ikertzen, gure argo tradizionala hobetzeko eta txakolina guztiok harro sentiarazten gaituen ardo bihurtzeko”.
Pandemiagatik izan ez balitz, aurtengoa urte bikaina izango litzateke Bizkaiko Txakolina jatorri izenarentzat. Ekoiztu duten edariak “kalifikazio bikainak” eskuratu dituela esan du Gomez Kerejetak. Mahatsaren ekoizpena ere 2019koa baino apur bat handiagoa izan da: hektareako batez besteko errendimendua 6.000 kilo mahatsekoa izan da. Guztira, 2.352.862 kilo mahats ekoitzi dituzte sor-markako kide diren mahastietan.
Salmentarako arazoak dituzte, bai, baina mahats bilketa ere ez zen erraza izan iazko uda bukaeran. “Pandemia betean ikasi behar izan genuen nola bildu mahatsa. Segurtasun protokolo bat jarri genuen abian, upategi eta mahasti bakoitzean berariazko planak eginez”, gogoratu du Antolinezek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ia mila PCR proba egin zituen. Segurtasun neurri horiek “kostu gehigarria” ekarri zutela azpimarratu du, eta horrek mahats bilketa garestitu ziela.
Apirilean, urteroko jaia
Osasun krisialdia gorabehera, aurten ere ez du hutsik egingo urteroko Bizkaiko Txakolinaren Egunak: ez diote uko egin nahi sor-markaren 25. urteurrena ospatzeari. Apirilean egingo dute, baina oso formatu txikian, indarrean dauden murrizketak direla eta. Ez du ohiko festaren antzik izango. Iaz txakolina sustatzeko antolatu ohi dituzten ekitaldietako asko bertan behera utzi behar izan zituztela gogoratu du Kontseilu Arautzaileko sustapen teknikari Maider Zalduondok. Aurtengo egutegia prestatzen dabiltza, baina aldizka berrikusiko dute, unean uneko egoerara egokitzeko. “Zailtasunak zailtasun, Kontseilu Arautzailetik ez diogu uko egiten upategien eskaintza enoturiskoa garatzen jarraitzeari. Ezinbesteko ikusgarritasuna ematen die hainbat upategik eskaintzen dituzten kalitatezko esperientzia enogastronomikoei: haietan gastronomiaz eta landa inguruaz goza daiteke, segurtasun arau guztiak betez”. Esatera baterako, iazko irailean, Kontseilu Arautzaileak eta Jata Ondo Uribeko landa garapenerako elkarteak Mahasti Artean jaialdia egin zuten: Bakioko mahastietan zinemaz, gastronomiaz eta musikaz gozatzeko aukera egon zen hiru egunez.