Inkesta frontoiari buruz

Bizkaia frontoiak pilotarientzat eta pilotarentzat egin duen ekarpenari buruz galdetu die Bizkaiko Hitza-k horietako bi kirolariri: Olatz Arrizabalagak (Gernika-Lumo, 1997) eta Danel Elezkanok (Zaratamo, 1994) uste dute herrialdean ekarpen handia egin diola pilotari.

1 Noiz jokatu zenuen lehenengoz Bizkaia frontoian?

2 Garrantzitsua al da Bizkaiak horrelako frontoi bat izatea?

3 Zer ekarpen egin dio frontoiak Bizkaiko pilotari?

4 Herrialdeak behar al zuen era horretako pilotaleku bat?

5 Lortu al du zaletasuna handitzea?

6 Belaunaldi gazteek erreferenteak gertu ikusi al izatea lagungarria izan daiteke zaletasuna handitzeko?

7 Frontoiaren ezaugarri teknikoei dagokienez, zer alde on eta txar ditu zure ustez?

OLATZ ARRIZABALAGA PILOTARIA

Olatz Arrizabalaga (pilotaria)

«Pilota bultzatzeko oso garrantzitsua da era horretako frontoi bat egotea»

1 «2014an jokatu nuen Bikotekako Palazko Euskadiko finala bertan».

2 «Bai, garrantzitsua da. Bizkaian beste kirolek indar handia dute, eta pilota bultzatzeko oso garrantzitsua da era horretako proiektu bat egotea. Egia da pilota afizionatura ez dela iritsi indar hori, baina nik uste dut badela garrantzitsua».

3 «Zaleentzat oso garrantzitsua da erreferentziazko frontoi bat izatea. Profesionalen final asko lehiatu dira frontoi honetan, eta zale gehiago joaten dira. Bizkaiko zale horientzat garrantzitsua da».

4 «Bai. Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak badituzte euren frontoi erreferenteak eta garrantzitsuak. Bizkaiak ez zeukan horrelakorik. Uste dut oso garrantzitsua dela pilotarentzat era horretako azpiegitura bat izatea».

5 «Bai. Etxetik hurbil duzun frontoira joatea errazagoa da. Bizkaitarrentzat hurbilago egonik, errazagoa da frontoi horretara joatea. Horrek bultzatuko du».

6 «Bai. Ume asko joango dira partidak ikustera, eta Bizkaiko federazioak teknifikazioa landu du. Entrenamenduak ere egin dira. Atzetik datozen umeentzat garrantzitsua da era horretako frontoi enblematiko batean jokatzea».

7 «Nire jokorako ez da oso ona. Defentsarako jokorako egokia da. Frontoia siku samarra da, eta defentsa lanean asko jokatu behar da. Hala ere, hain frontoi handia izateak beste kutsu bat ematen dio. Zale asko daudenean harmailetan, nabari da berotasun hori. Orain, hutsik [pandemiagatik], zirrara handiagoa sortzen du».

DANEL_ELEZKANO

Danel Elezkano (pilotaria)

«Urteekin ikusi da Bizkaiak behar zuela era horretako frontoi bat»

1 «2012ko abuztuaren 18an».

2 «Bai. Frontoi hau egin aurretik ez zegoen Bizkaian edo Bilbon era honetako erreferentziazko frontoirik. Donostian Atano dago; Gasteizen, Ogeta; Iruñean, Labrit; eta Bilbon, Club Deportivoko frontoia , baina ez zen ohikoa pilota profesionala hor jokatzea. Bizkaia frontoia gauza ona izan da guretzat».

3 «Bizkaiko pilotari lagundu egin dio. Umeek ere erreferentziazko frontoi bat izateak lagundu egiten du, eta orain pilota eta pala jaialdi profesional asko egoten dira. Lehen ez ziren egoten. Horrek lagundu egiten du. Gertutik ikusteak eta Bizkaian bertan era honetako frontoia izateak beti lagunduko du».

4 «Bai, beharrezkoa zen zirkuitu profesionala erakarriko zuen frontoi handi bat. Egin zen, ondo gainera, eta urteekin ikusi da Bizkaiak behar zuela era horretako frontoi bat».

5 «Baietz espero dut. Era horretako frontoi bat izateak partida profesionalak gehiagotan ekartzea eragiten du. Gazteentzat gauza polita da, eta eragiten du han jokatzeko ilusioa izatea eta gaztetatik bertan jokatzeko aukera izatea. Espero dut apurka afizioa handitzen joatea».

6 «Bai. Gazteentzat garrantzitsua da frontoi erreferente bat izatea Bizkaian; bertan jokatzeko aukera bizitzea gaztetatik; profesionalen partidak bertan ikusteko aukera izatea. Hori dena lagungarria da».

7 «Era horretako frontoi batek alde txar gutxi du. Oso handia da, eta batzuetan —gaur egungo egoeran, esaterako—, hotza da hain frontoi handia hutsik ikustea, baina nik ez nuke alde txarrik aipatuko. Nik maitasun berezia diot frontoiari: bertan egin nuen debuta, eta bertan izan nuen txapela irabazteko aukera. Nik maitasun berezia gordetzen diot. Oso frontoi ona da, oso ondo egin zen, frontoi noblea da; egia da lan eta esfortzu handia eskatzen duela. Uste dut horregatik hartzen ari dela azken urteetan hainbeste partida, eta, horien artean, horrenbeste partida garrantzitsu».