Ibai Maruri Bilbao
Artzentalesko herritar talde bat sinadura biltzen dabil azken hamabost egunetan, udalari herritar guztiek parte hartuko duten batzar bat eskatzeko. “Informazioa nahi dugu: zer dabiltza ur partzuergoarekin? Zenbat kostatuko zaigu partzuergoan sartzea? Zein dira partzuergoan sartzearen onurak? Zein dira ez sartzearen ondorioak? Alternatibarik ba al dago?”, azaldu du bilketa sustatu duen taldeko kide batek. Izen-abizenekin barik, inizialekin aipatzea eskatu du: I. R.
EAJ dago udal gobernuan, eta EH Bildu oposizioan, eta Hitza-ren iturriak kontatu du oposizioaren bitartez izan dutela udalaren asmoen berri: “Esan digute Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora sartzea eskatu duela. Partzuergoko langileak ikusi ditugu herrian ur hoditeriaren eta saneamendu azpiegituren egoera aztertzen”. Sinadura bilketarekin udal gobernua informazioa ematera behartu gura dutela esan du, eta ikusarazi “batzuk partzuergoan sartzearen alde dauden arren herritarren gehiengoa aurka” dagoela.
Informazioa jaso ondoren erabakia herri osoak hartzea ere nahi dute: horretarako, herri galdeketa bat antolatzeko eskatuko diote alkateari. “Artzentalesko ura ez da udalarena; herriarena da. Gehiengo osoa dute [EAJk], bai, baina herriak erabaki behar du. Batez ere, kontuan izanda EAJk azken hauteskundeetako programan jasoa utzi zuela ur partzuergora ez sartzeko konpromisoa”.
Iosu Udaeta alkateak konpromiso hori berretsi du: “Agintaldi honetan ez gara ur partzuergoan sartuko. Ura herrian kudeatzen jarraituko dugu, hitzeman genuen bezala. Hala jakinarazi diot behin eta berriz EH Bilduren udal taldeari ere”. Alkateak ukatu egin du ur partzuergoan sartzea eskatu duela, eta ez du ulertzen sinadura bilketa. “Hedabide batek argitaratu zuen sartzekoak garela, eta ondoren sortu da herrian mugimendu hau”.
Udaetak aitortu du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora jo zuela duela 6-7 hilabete, informazio eske. “Artzentalesko saneamendu sarea osatu gabe dago: %70a sarera lotu gabe dago. Europako Batasunak eta Uraren Euskal Agentziak isunak jarriko dizkigute horregatik. Ur partzuergoari galdetu diot zenbat kostatuko litzaigukeen obra horiek egiteak; besterik ez”. Urte erdi luze igaro den arren, oraindik ez diote erantzun, azaldu duenez. 2013an egin zuten partzuergora sartzeko lehen saiakera. Herria aurka agertu zen, eta orduko alkateak eten egin zuen prozedura. Orduko txostenen arabera, Artzentalesek araudia betetzeko egin beharko lituzkeen obrek milioi bat euroko kostua izango luketela esan du alkateak. “Ezinezkoa da guk ordaintzea”. Dagoeneko 42.000 euroko inbertsioa egin dute, eta laster beste 160.000 eta 200.000 artean inbertitu behar dituztela esan du.
Haren esanetan, informazioa jasotzerakoan herriari azaltzea da bere asmoa. “Baina lehenago lehertu zait gatazka hau guztia”. Herritarrei esan nahi die bi aukera dituztela: “Ur partzuergoan sar gaitezke, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko lituzke obra horiek, ondoren herritarrei fakturaren bidez kobratzeko. Edo, bestela, udalak araudia ez betetzeagatik etorriko diren isunak ordaindu ditzakete, baina ez genuke beste ezertarako dirurik izango. Nik aukera biak azaldu nahi ditut, gero herriak erabaki dezan zer nahi duen”.
Sinadura bilketako taldekide I.R.-k ez du sinesten informazioa “bestelako asmo barik” eskatu duenik. Era berean, ez du ulertzen partzuergoarekin harremanetan jarri eta urte erdira zergatik oraindik ez duen informaziorik eman. Hala ere, nahi luke luze baino lehen alkateak hitza bete eta herritarrei informazioa ematea. Eta, batik bat, hitza. Izan ere, partzuergoan sartzea “ura pribatizatzea” dela iruditzen zaie sinadura biltzen ari diren herritarrei. “Artzentalesen behar beste ur dugu, eta oso garrantzitsua da guretzat guk kudeatu ahal izatea. Pribatizatuz gero, abeltzaintza eta nekazaritza arriskuan egongo lirateke. Abeltzain guztiak gure sinadura bilketa babesten ari dira”. Esan du uraren faktura “izugarri” haziko litzatekeela, eta lehen sektoreko ekoizleetako askok ezingo luketela ordaindu.
Oposizioa, alternatiba eske
EH Bilduk ere uste du partzuergoan sartzeak arriskuan jarriko lukeela lehen sektoreko jarduera herrian: “Partzuergora sartu diren inguruko beste herri batzuetan ikusi dugu abeltzaintzak behera egin duela”, esan du Esther Martinez zinegotziak. “Ardi gutxi batzuk dituen abeltzainari esaten badiozu hilean 200-300 euroko faktura ordaindu beharko duela uragatik, kendu egingo ditu ardiak”. Ez du zalantzarik partzuergora sartzeak ura garestitzea ekarriko duela. Urtean 60 euro gehiago izango liratekeela esan diete, baina ez EH Bilduk eta ez sinadura biltzen dabilen herritar taldeak ez dute sinesten.
Oposizioko buruak alternatibak eskatu dizkio alkateari. “Partzuergoarena aipatzen dute, baina egon behar dira beste batzuk. Esan dezatela: ‘Partzuergoak hau dakar; B aukerak, hau; eta D aukerak, beste hau’. Gero, herriak erabakiko du hiruretatik zein nahi duen. Nik ez dakit zein izan daitezkeen B eta D aukerak, baina udalak badu azterketa horiek egiteko dirua, eta topa ditzala alternatibak”.
Aitortu du udalerrian inbertsio handiak egin behar direla sistema egokitzeko. Baina salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela horrelako lanik diruz laguntzen, udala partzuergoan sartuta ez badago. “Xantaia egiten dute. Europak ez du behartzen ur partzuergoan egotera, baina Uraren Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak Europako araudia moldatu dute, nahi dutelako Bizkaiko udalerri guztiak ur partzuergoan egotea”.
Enkarterrin bertan, Sopuertako kasua aipatu du Martinezek. “Ez dutela sartu nahi esan zutenean, partzuergoak egindako obrak kobratu dizkiete: hemezortzi milioi euro. Bestela, isunak eta isunak, besterik ez. Azkenean sartu egin behar izan zuten”. Gaitzetsi du partzuergoak egiten dituen obrek diputazioaren diru laguntza jasotzen dutela, baina diputazioak ez dituela diruz laguntzen partzuergora sartu nahi ez duten udalen obrak.