Erreferenteek leihoak ireki zituzten

Erreferenteek leihoak ireki zituzten

Maialen Arteaga

Emakumezko erreferenteak sistemaz aurkitzea zaila da, eta erreferenteen zerrenda horretan genero eta profil jakin batzuk datoz burura. Premisa horren aurkako borrokan, Berrizko Azeri Gorriak talde feministak 34 leiho testigantza liburua kaleratu du. Erakusketa bat egin zuten iaz, eta orduan bildutako bizipenak liburu batean jasotzea erabaki dute. Berrizko 33 emakumeren bizipenak biltzen ditu: “Askotariko emakumezko erreferenteak ikusarazi nahi genituen. Arrakastatsutzat jotzen diren profiletatik eta gizonezko erreferenteetatik aldenduz, ahalik eta soslai askotarikoenak biltzen saiatu ginen. 18 urteko emakumeetatik hasi, eta 104 urteko baten bizipenetaraino”, esan du Idoia Barcelo Azeri Gorriak-eko kideak.

Lanaren aniztasun hori ez dagokio adinari soilik; emakume denak identifikatuta sentitzeko asmoz, beste hainbat perspektiba eta ertz ere eskaintzen ditu liburuak: herrian jaiotakoenak, etorkinenak, lan ordaindua egiten duten emakumeenak, soldatapeko lanik egiten ez dutenenak… Aniztasun horren erakusle dira liburuan agertzen diren hizkuntzak. Izan ere, kontakizun bakoitzaren laburpena beste zenbait hizkuntzatara itzui dute: gaztelaniara, errumanierara, arabierara eta frantsesera. “Proiektu hau erdal hiztunak euskarara hurbiltzeko bitarteko bat izatea nahi genuen”, dio Barcelok.

Hala ere, badakite ez dela erraza profil eta testigantza guztietara heltzea. “Beti uzten da norbait kanpoan”, aitortu du. Hutsune horri helduta, kanpoan geratu diren emakume guztiei egiten die aitortza izenburuko 34. zenbakiak: “Erakusketako 33 emakumeen argazki eta testigantzekin batera, 34. leihoa ispilu bat da”, argitu du Miriam Caro Azeri Gorriak-eko kideak. “Ispilu horren bitartez, Berrizko emakume guztiok erakusketaren parte garela eta leku bat dugula erakutsi nahi genuen. Nork bere burua bertan ikusten duenean proiektuaren parte sentitu dadin”.

Bizitzan sartu

Baina zergatik leihoak? “Leihoa irekitzea etxea zabaltzea dela interpretatu genuen: emakume horiek beren etxea erakutsi digute; egunerokoa eta identitatea erakutsi, beren bizitzan sartzen utzi digute; leihoak ireki dizkigute”, azaldu du Carok. Hari horri eutsita, lehen aldiz erakusketa antolatu zutenean herriko frontoiko leihoak ireki zituzten, “sistema patriarkalak etengabe bereizten dituen eremu publikoaren eta pribatuaren arteko horma gainditzeko”.

Proiektua iaz abiatu zuten arren, pandemiaren ondorioz gelditu egin zen erakusketaren plana. Iazko Martxoaren 8a prestatzen ari zirela otu zitzaien ideia. Aurten berreskuratu dute, eta harrera ona izan duela kontatu dute taldekideek: “Kultur etxean jarri dugu erakusketa, eta omenalditxo bat egin diegu herriko emakumeei. Jende ugari etorri da erakusketara eta nondik norakoak galdetzera”. Harrera ona izan du bizipenen bildumak, baina bildumaren prozesuak ere ate berriak ireki dizkie: “Aukera berriak eskaini dizkigu herriko emakumeekin harremanak estutzeko eta saretzen jarraitzeko”. Argazkiak atera eta testigantzak biltzetik haratago, mugimendu feministara hurbiltzeko eta elkar ezagutzeko balio izan die proiektuak. Harreman berri horiei esker, Azeri Gorriak taldea gehiago errotu da herrian: “Hau baino lehenago, herriko emakume horiek agian urrun ikusten gintuzten, eta guk ere bai haiek”, aitortu du Barcelok. Proiektuak fruituak eman ditu: “Orain lehen baino jende gehiago identifikatzen da Azeri Gorriak taldearekin, elkar ezagutzea lortu dugulako, eta proiektuaren parte izan direlako; bidelagun modura identifikatzen gara”, esan du Carok.

Herriko komertzioekin elkarlanean egingo dute salmenta. Liburua Berrizko hainbat taberna eta saltokitan egongo da eskuragarri, hamar euroren truke. Erakusketa hurrengo ostiralera arte, martxoaren 26 arte egongo da ikusgai, Berrizko kultur etxean.