Telebistarik ikusten ez duen jende asko dago; ni ez naiz horietako bat. Ordainpeko aukerak eskura izan arren, gustatu egiten zait telebista ikustea. Ez dakit edukiak gustatzen zaizkidan edota atentzio osoa eskaini gabe ikusteko ematen didan aukera. Aukeratzeko eskaintza mugatua izateak ere erakartzen nauela esango nuke. Eta aitor dezadan: ardurarik ez hartzeak ere lasaitzen nau. Hau edo beste, hori edo hura, denak balio diezadake telebistan bada; baita iragarkiek ere. Telebistaren eta bion arteko harremana sinplea eta funtzionala dela esango nuke: berak ez dit inguruan egotea baino eskatzen, eta nik ez dut interesik adierazi beharrik sentitzen. Urteetan aurrera doazen harreman ustez monogamo asko baino hobeto moldatzen garela iruditzen zait.
Duela urtebete lanetik bueltan etxera pozik bueltatu nintzela akordatzen naiz. Telebista piztu eta adi entzun genituen Espainiako gobernukide edo aholkulari zirela zioten haien diskurtsoak. Beraien bisaia serioak ikustea besterik ez zegoen esan nahi ez zutena ulertzeko: “Ez da ezer gertatzen, lasai egon, hau oso larria da, ez irten etxetik, ez da ezer gertatzen, gauza asko ari dira gertatzen, ezin da etxetik irten lanerako ez bada, egon lasai”. Franco irrati bidez entzuten zutenak bezala sentitu nintzen telebistaren parean. Ez nuen esaten ari zirena entzun nahi, baina jakin nahi nuen zer zuten esateko.
Esan dizuedan bezala, pozik itzuli nintzen etxera San Jose bezperan. Itxialdia ezarrita zegoen ordurako, eta guri etxetik lan egiteko agindua eman ziguten martxoaren 18an. Maiatzera begira nituen konpromiso eta eginbeharrak desintegratzen hasi zirela ikusi nuen, eta, ahots gora aitortzea kostatu izan zitzaidan arren, lasaitu ederra hartu nuen. Munduaren geldialdi hark ni ere geldiarazi ninduen, eta orduko bizipenak betirako ikasketa izango nituela pentsatu nuen. Harrezkero, joan da urtebete, eta nire eginbeharren zerrenda luze doa. Ikasi nuen mundua geldi zitekeela, baina ez nuen ikasi mundua gelditu beharrik gabe ni neu gelditzen.
Etxetik ezin irtenak eragin zidan lasaitua laster bihurtu zen muga. Ikusi nuenean supermerkatuko infusioen atalean Valerianarik ez zela gelditzen, egoeraren larriaz ohartzen hasi nintzen. Eginbeharren estresak beste ito gaitzake zer egin ez jakiteak. Urtebete pasatu da ordutik, eta, oraindik ere, orduan hasitako zurrunbiloan jarraitzen dugu bueltaka. Lagun batek esan dit parkeko gurasoen artean oso hedatuta dagoela etxeak saltzen dituzten webguneetan norberea baino etxe hoberen baten bila aritzea. Terrazak, balkoiak eta leiho zabalak nahi omen dituzte denek. Iazko martxotik urtebete pasatu da egutegian, baina errealitatean biharamunean gaudela dirudi.
Sabaira eroritako urak eragiten dituen hezetasun orbanen antzekoa da hau. Tantak irauten duen artean, orbanak zabaltzen jarraituko du. Zenbat eta azkarragoa ur tanta, orduan eta umelagoa izango dugu sabaia. Ea urtebete barru sabaiak ze itxura duen; ea gutako bakoitzaren teilapeetan zenbat itogin dagoen. Bien bitartean, jar dezadan telebista, eta egin dezadan hegan inora.