Bengoetxea eta Unzueta kenduta, Etxanobe eta Antxustegi ariko dira

Bengoetxea eta Unzueta kenduta, Etxanobe eta Antxustegi ariko dira

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko foru jarduera eta ohiturak zainduko dituztela zin eginda hartu zuten diputatu kargua, asteazken goizean, Elixabete Etxanobek eta Amaia Antxustegik. Administrazio Publikoko eta Harreman Instituzionaletako foru diputatua da lehenengoa; Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua, berriz, bigarrena. Ibone Bengoetxea ordezkatu du Etxanobek, eta Elena Unzueta, berriz, Antxustegik. Unzuetak egiten zuen bozeramaile lana Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak egingo du aurrerantzean.

“Ez dago inolako arazorik” eta “aldaketak naturaltasunez hartu behar dira”. Bi esaldiok errepikatu zituen behin eta berriz Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Bengoetxea eta Unzuetaren kargugabetzeen berri emateko aurreko egunean egin zuen prentsaurrekoan. Aldaketotarako arrazoia argitu zuen: “Bizkaiak bultzada bat beharko du laster, pandemia bukatzen denean. Bizkaiari bultzada hori emateko aldundi indartsua beharko da”.

“Haize berritua”

Rementeriaren esanetan, Bizkaiak beharrezkoa izango duen foru gobernu indartsuarentzako “haize berritu eta iniziatibaduna” nahitaezkoa izango da. “Unea etortzen denean, bete-betean egon behar gara”, esan zuen, Bilbon, pandemiaren bukaera osteko garaiari aipamen eginez. Haren ustez, hori “aldaketarekin bakarrik bermatzen da”.

Diputatu berri biek “funtsezko” bi arloren ardura izango dutela azaldu du: Bizkaiko udalekiko harremana, eta ingurumena eta iraunkortasuna. Kargua hartu berritan komunikabideei egindako adierazpenetan Etxanobek adierazi zuen ezustea izan dela beretzat izendapena, eta pozik eta ilusioz betea hartzen duela kargua.

Postutik atera dituzten bi diputatuak 2015az geroztik zeuden. Ibone Bengoetxea EiTB Media elkarte anonimo publikoko zuzendaria izango dela jakin da gero.

Soslaiak

ELIXABETE ETXANOBE

Elixabete Etxanobe. Udaletik eta Jaurlaritzatik foru aldundira
Elixabete Etxanobe (Otxandio, 1978) Otxandioko zinegotzia izan zen. Durangoko Udaleko funtzionarioa da, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako sailburuaren bi sailetan jardun du. Besteak beste, Toki Erakundeei buruzko legea osatzeko prozesuan aritu zen. 2019an, Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordetzaren ardura hartu zuen. Iaz, Segurtasun Sailera joan zen. Euskalduna da Etxanobe. EAJko kidea da.

AMAIA ANTXUSTEGI

Amaia Antxustegi. Gizarte gaietan aritua, udalean eta diputazioan
Lekeition hazi zen Amaia Antxustegi (Flandria, 1978), eta han bizi da. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Ekonomikoa ikasi zuen. Bizkaiko Foru Aldundiko langilea izan da. Emakume eta Familia zerbitzuan jardun zuen. 21 urtez izan da Lekeitioko zinegotzia. Alkateordea izan da han. Gizarte Politikak, Emakumea eta Berdintasuna sailean aritu da, besteak beste. Euskalduna da. EAJko kidea.