“Greba egin ez duten langileei 300 euroko saria emango diete”

“Greba egin ez duten langileei 300 euroko saria emango diete”

Natalia Salazar Orbe

Euskal Herrian indarrean dagoen grebarik luzeenaren hogei protagonistetako bat da Ibai Carranza (Bilbo, 1985). Novaltia botikak banatzeko kooperatibako langilea da bilbotarra. Ostiralero egiten dituzte elkarretaratzeak, Bizkaiko hiriburuan. Gainerako lanegunetan, enpresak Zamudion duen biltegiaren aurrean jarri duten kanpalekuan elkartzen dira.

Seiehun egun bete dituzue greban. Zeintzuk dira aldarrikapenak?

Lan hitzarmen duina aldarrikatzeko egin genuen greba. Urtebetez negoziazioetan ari ginen enpresarekin —2018 hasieratik—, eta, 2019ko otsailean, euren kabuz erabaki zuten negoziazio mahaia apurtu eta Espainiako Estatuko farmazia sektoreko lan hitzarmena ezartzea. Enpresak 40 urte zeramatzan lan hitzarmen propioarekin.

Horrez gain, sinatu genuen azken lan hitzarmena txarra zen. Enpresako langilerik helduenetako asko erretiroa hartzeko zeudela, enpresak eskaintza interesgarria egin zien: langile guztiek soldatak nabarmen murriztuz gero —enpresa ekonomikoki gaizki zegoelako—, eurek erretiroa hartzean %100 jasoko zuten. Gehienak erretiroa hartu behar zuten adinekoak zirenez, bozketa irabazi egin zuten. Saldu egin gintuzten. %30 murriztu ziguten soldata. Eurek, erretiroa hartzean, murriztutako kopuru hori berreskuratzen zuten. Guk, ez.

Bestalde, enpresan sartzen ziren langile berrientzako oinarrizko soldata ezarri zuten. Guk, gutxienez, duela zenbait urte egin genituen mobilizazio batzuei esker, lortu genuen soldataren %35eko osagarri bat jasotzea. Soldata desberdintasun hori salatzen ari gara. Lanak ez ditzatela kanpora atera ere aldarrikatzen dugu, biltegiko funtzio garrantzitsu bat beste enpresa baten bidez egiten aritu baitira. Bertako langileek askoz gutxiago kobratzen zuten, eta lan baldintza oso txarrak zituzten.

Bi salaketa jarri dizkiozue enpresari. Zer egoeratan daude auziok?

Salatu genuen greba eskubidea urratzen ari zirela. Salaketa epaitegira eraman genuen, Lan Ikuskaritzak enpresara bisita egin ostean egin zuen txostena anbiguoa zelako. Baina ez ziguten eman arrazoirik. Joan den uztailean jarri genuen beste salaketa bat, eta iazko azaroan izan zen epaiketa. Dena salatu genuen bertan. Pairatutako urraketa asko pilatu genituen salaketa hartan. Greba hasita, enpresa ez zen gai eskura zituen langileekin funtzio batzuk egiteko, eta lan hori deslokalizatu egin zuen Zaragozako [Espainia] biltegira. Greba eskubidea urratzea da hori. Aldi Baterako Lan Enpresetako (ABLE) kontratu asko egin dituzte, aitzakia eta azpijoko ugari erabilita. Horrek ere grebarako eskubidea urratzen du. Enpresako agintari asko inoiz ez dira aritu biltegian lanean, eta bat-batean, denak aritu dira biltegiko peoien lanak egiten. Oso salaketa osatua zen. Epaileak ez zigun arrazoirik kendu, baina atzera bota zuen. Epai horren aurkako helegitea jarri dugu.

Grebari ekingo diozue ebazpena argitu arte?

Grebak ez du iraungitze datarik, eta aurrera jarraituko du zentzua duela ulertzen dugun bitartean; enpresari eragiten diola edo eskatzen ari garena logikoa dela uste dugun bitartean. Eta hori guztia, oraingoz, mantentzen da. Ez gara ari zorakeriarik eskatzen. Sartzen diren langile berriek ez dute soldataren %35eko osagarririk. Langile horiek hilean 930 euro jasotzen dute, eta hori ez da onargarria. Ez da logikoa langileek desberdin kobratzea lan bera egiteagatik; ez da logikoa lan hitzarmenik ez izatea… Enpresak ez du eskaintza berririk egiten; hori da arazoa. Greba hasi zenean, enpresak eskaintza bat mahaigaineratu zuen: produktibitate plus oso aldagarria, klausula eta letra txiki izugarriarekin. Enpresak hartzen zuen botere osoa bere gustura jartzeko eta kentzeko; garraio plus barregarria ere eskaini zuen, biltegi batetik besterako lekualdaketagatik. Guk ere egin genuen gure eskaria hasieran, eta gero eskari hori apaldu dugu. Haiek ez dira mugitu.

Lan Ikuskaritzari leporatu diozue enpresa zuzendaritzaren konplize izatea. Zergatik?

2019ko uztailean, greba hasi zenean, eskubide urraketa ugari antzeman genituen, eta Lan Ikuskaritzan salatu genituen. Salaketa handituz joan ginen; Lan Ikuskaritzaren atzetik ibili ginen. Une oro esaten zigun lan asko zutela, ahal zutenean egingo zutela txostena. Azkenean, martxoan argitaratu zuten, salatu eta zortzi hilabetera. Txostena oso anbiguoa zen. ABLE bidezko kontratazioak bakarrik zigortu zituen, baina zigorrik txikiena ezarri zion enpresari. Ez zen sartu gainerakoan; epaileak egin zezala esan zuen.

2020an ere gauza bera gertatu zen. Uda iritsi zen, eta enpresa hasi zen ABLE bidez langileak kontratatzen, grebalarien oporrak betetzeko. Hori jada izugarria iruditu zitzaigun. Salatu genuen, baina Lan Ikuskaritzak ez zigun kasurik egin. Salaketak ugaritu genituen, ekainean, uztailean eta abuztuan kontratazio mordoa egin zuelako enpresak. Eta, hain justu, atzo [martxoaren 3ari aipamen eginez] iritsi zitzaigun Lan Ikuskaritzaren txostena, esanez epaileak hartu behar duela erabakia, alde bien argudioekin afera berdinduta ikusten duelako; ez dela nor ebazteko.

Eutsi egingo diezue protestei. Baina orain, zer?

Tramitezko batzar bat egin dugu oraintsu enpresarekin, eta batzar hori baliatu zuen agiri mordoa emateko. Oso gogorrak dira. Lan baldintzak aldatu nahi ditu: ordutegiak aldatu nahi ditu Zamudioko biltegian eta Zaratamon duen biltegi zaharrean kokatu nahi ditu langileak. Hutsik dago beste hori. Hara lana eramateko asmorik ez zegoen; saltzen saiatzekoak ziren. Hogei grebalarietako sei Zamudioko biltegian kokatu nahi gaitu, eta beste hamaseiak, Zaratamon. Ez dakigu zer asmo duen, baina ez dauka itxura onik.

Bestalde, enpresak esan digu langileak sobera daudela, eta berehala ezarri nahi ditu negoziazioetan eskaintzen dizkigun produktibitate eta garraio plusak. Ez dugu ulertzen zergatik, hori baitzen negoziatzeko euren aukera. Azkenik, iragarri digu greba egin ez duten langileei 300 euroko saria emango dietela. Oso sari diskriminatzailea eta itsusia da. Egun bakarrean entregatu zizkiguten bonba guztiak. Ez dakigu oso ondo zein den estrategia, eta kontsulta garaian gaude orain. Enpresarekin batzartzen ari gara.