Maialen Arregi: “Ariketa normalizatu bat izan beharko litzateke aurrerantzean”

Maialen Arregi: “Ariketa normalizatu bat izan beharko litzateke aurrerantzean”

P. Azpillaga Diez

Martxoaren 14ko herri galdeketaren informazio fasea dinamizatzen aritu da Maialen Arregi, Hiritik At kooperatibako kidea (Elorrio, 1986). 30 urteko ibilbidea izan duen prozesua laburtu, eta herritarrei informazioa “erarik objektiboen eta argienean helaraztea” izan dute helburu. Horretarako, txosten bat osatu, eta zalantzak argitzeko saioak egin dituzte.

Nolakoa izan da Durangoko herri galdeketaren inguruan Hiritik At kooperatibatik egin duzuen lana?

Hiru fase izan ditu gure lanak: lehendabizi, udalean zegoen informazioa jaso, eta txosten bat osatu dugu, proiektuaren aurrekariekin eta izandakoa ibilbidearekin. Gaur egungo egoera aztertu dugu gero, eremuak oraintxe duen determinazioa eta mahai gainean dagoen planteamendua argituz. Eta, azkenik, baiezkoa edo ezezkoa bozkatuz gero zabaltzen diren aukera posibleen zehaztapen bat garatu dugu. Hiru dokumentu horiek osatu, alde guztiekin kontrastatu, eta, saio irekien bidez, herritarrei azaldu diegu.

Zein zen saioen helburua?

Azkenean, 30 urte iraun duen proiektu bat izan da hau, eta gauza tekniko asko biltzen ditu. Horregatik, informazioa herritarrei ahalik eta erarik argien eta objektiboenean helarazteko mandatua eman zigun udalak. Saioen bidez, informazioa helarazteaz gain, kezkak jasotzen eta erantzunak ematen saiatu gara. Horretarako, webgune bat ere sortu dugu.

Zeintzuk izan dira zalantza nagusiak?

Ekonomikoak gehienbat; erabaki bat zein bestea hartzeak herrian zer ondorio izan ditzakeen, batez ere. Hor, esaterako, proiektua aldatzen bazen, jendeak uste zuen trenaren lurperatzea ordaindu beharko zela, eta horrek kezka handia sortzen zuen, oso zenbaki handiei buruz ari garelako hitz egiten. Baina eremuaren garapena eta lurperatzea ez doaz juridikoki lotuta.

Prozesu parte hartzaileetan egin ohi duzue lan; zer berezitasun du igandeko galdeketak?

Tokian-tokian egiten ditugun proiektuek beti dute herritarren parte hartzea oinarri, baina argi dago galdeketa bat beste gauza bat dela. Durangorentzat mugarri bat izango da herri galdeketa hau, baina, berez, ohiko tresna bat izan beharko litzatekeela ulertzen dugu guk; gobernantza parte hartzaile bat lortzeko bidean, ariketa normalizatu bat izan beharko litzateke aurrerantzean. Normalean, gauza txikiei buruz galdetzen zaie herritarrei, baina ez herriaren etorkizuna baldintzatu ahal duten proiektuei buruz.

Herritarrek zer dute esateko euren hiriko antolamenduaren inguruan?

Herria herritarrek nahi duten horretara moldatzeko ahalegina egin beharra dago. Areago, egungo hirigintzako tresnek parte hartzea derrigorrezkoa dela jasotzen dute plan orokor bat aldatzen denean. Beste gauza bat da parte hartze horri zer-nolako legitimitatea ematen zaion, eta egiteagatik egiten den edo benetan hori horrela izan behar dela ulertzen delako egiten den. Guk uste dugu herritarrek badutela euren herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, eta hori ez da ohikoa hirigintzan, interes pribatuak publikoei gailentzen zaizkielako.

Galdeketa ez da loteslea: horrek zer aukera uzten ditu irekita?

Ulertzen duguna da nahitaez beharko dela akordio bat. Azkenean, Eusko Jaurlaritza da lurraren jabea, eta, beraz, Durangoko Udalarekin batera, biak instituzio publikoak izanik, herritarren iritzia aintzat hartu beharko lukete.