Kultura, estu baina aurrera

Kultura, estu baina aurrera

Peru Azpillaga

Urtea beteko da laster pandemiak Euskal Herria osasun larrialdi egoeran jarri eta egunerokotasuna goitik behera eraldatu zuenetik. COVID-19ak gizartean izandako eragina bizitzako esparru guztietan nabaritu da; unean uneko osasun neurriek bizimodua eraldatu dute. Orain, bai. Orain, ez. Orain, bai, baina era honetan. Orain, era horretan baino hobeto lehenagokoan. Orain, dena. Orain, ezer ez. Etengabeko aldaketa horien artean, bada bete-betean kaltetua izan den sektore bat: kultura. Arteen munduak erabat baldintzatuta ikusi du bere jarduna azkeneko urtean, eta horrek artistetatik harago doan oso eremu zabal bat utzi du kolokan. Esaterako, azken hilabeteetan kultur programazioak aurrera egin duen arren, kudeaketa publikoa duten aretoetan izan da, batik bat. Izan ere, kultura egitasmoak antolatzeko bete behar diren neurri bereziek estu eta larri utzi dute ohiko antzoki eta aretoen jarduna.

Zelan moldatu diren jakiteko, lau aretotako kideekin mintzatu da Bizkaiko Hitza: Ermua antzokiarekin, Igorreko Lasarte aretoarekin, Bilboko Bira kulturgunearekin eta Bermeoko kafe antzokiarekin. Ermukoak eta Igorrekoak kudeaketa publikoa daukate, eta nabarmendu dute pandemia aurretik zuten “antzeko” jardunari eutsi diotela aurten, gainontzekoek ez bezala.

“Irailean ekin genion berriz ere lanari, eta, geroztik, bi emaldi baino ez ditugu utzi behar izan bertan behera”, azaldu du Patxi Lopez Ermuko Udaleko kultur teknikariak. Erantsi du pandemiaren ondorioz iazko martxoan haien jarduna eten ostean “nolabaiteko normaltasunari” eutsi diotela irailetik, edukiera eta ordutegia moldatuta. “Hasieran oso urduri geunden. Ekonomikoki kolpe latza jaso genuen, nahiz eta kudeaketa eta programazioa publikoa izan, antzokiko langileak enpresa baten bidez daudelako azpikontratatuta”, esan du. Hala ere, mantentzea lortu dutela dio, eta, batik bat, artistengan eta konpainiengan jarri nahi izan du arreta. “Haiek bai nabaritu dutela”.

Aitortu du irailean “urduritasunez beteta” abiatu zirela, berehalako etorkizuna “zalantzaz beterik” zegoelako. “Neurriak argitaratuz joan ahala, ziurtasun handiagoarekin ibili gara, unean-unean moldatzen eta beste lasaitasun batekin programatzen”. Azpimarratu du neurri berriak kenduta “berdin” ari direla, eta, hasierako beldurrak gaindituta, herriak ere erantzun “paregabea” eman duela deritzo. “Hasieran jende gutxiago etortzen zen, baina, neurrien seriotasuna ikusi ostean, gero eta jende gehiago animatu da”.

Bermeoko Kafe Antzokia

Antzera mintzatu da Iart Gumuzio Igorreko alkatea ere. Teknikaria gaixotu egin zenez, hura ibili da herriko Lasarte aretoko programazioa kudeatzen. Iazko urriaren 15ean funtzionamendu berriarekin zabaldu zuten aretoa: “Lehen 300 pertsona sartzen ziren; orain, aurresalmenta dagoenean, 148rentzako lekua dago, bat, bi eta hiruko blokeetan banatuz aretoa. Bestela, ehunentzako tokia dago, denak banaka jesarrita”.

“Normaltasunez” aritu arren, programan aldaketa batzuk egin dituztela kontatu du: “Egoera normal batean jendetza handia bilduko lukeen ekitaldirik ez egiten saiatu gara. Esate baterako, Pirritx eta Porrotx ekarrita normalean txiki geratuko balitz aretoa, orain are gehiago”. Horregatik, beste formatu batzuk bultzatzen saiatu dira, aipatu duenez: “Intimoagoak: adibidez, bakarlari gehiago ekartzen ari gara, eta oso erantzun ona izaten ari gara”.

Publikoari lotuta, nabarmendu du hasierako beldurra gaindituta erantzuna “oso ona” izaten ari direla. Horrekin batera, Gumuziok esan du herriak ixtearen “txanponaren bi aldeak” ezagutu dituztela: “Batetik, normalean herrira etortzen zen inguruko jendea ezin izan da etorri. Baina, bestetik, herritar askok haien ohiturak aldatu dituzte, eta gehiago parte hartzen dute kultur egitasmoetan”.

Oso bestelakoa da Biraren eta Bermeoko kafe antzokiaren egoera. Haien artean antz handirik ez duten proiektuak badira ere, kudeaketa publikotik kanpo dauden ekimenak dira biak. Ostalaritzaren egoerari “oso lotuta” daude, eta egoera ekonomiko “zaila” pasatzen ari direla diote.

Igorreko lasarte antzokia

Txanponaren beste aldea

Bilbon orain dela pare bat urte euskarazko kultura bultzatzeko sortutako proiektu herritarra da Bira kulturgunea. Geroztik, gaueko giroa eta kultur eskaintza zabala uztartu ditu, eta bigarren horren antolakuntzan buru-belarri ibili da hasieratik Lutxo Egia idazlea. Kultur programatzaile izendapenetik ihesi, “kulturazaletzat” jo du bere burua. Nabarmendu duenez, iaz pandemia hasi eta hilabete batzuetara, egoera aztertu eta erabaki zuten gabezia ekonomikoen gainetik berriz ere kultura eskaintzeko apustua egin behar zutela.

Egiak ohartarazi duenez, bazekiten egoerak “hondoratu” egingo zituela ekonomikoki, gauak ematen dielako proiektua mantentzeko dirua. “Egun, proiektua oso gaizki dago ekonomikoki, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki dugu”, erantsi du. “Bilbon, administraziotik harago, euskarazko proposamenei lekua egiten dieten tokiak itxita daude, eta, era berean, toki publikoetan gauzak programatzen ari dira; hortaz, guk zergatik ez?”, egin du gogoeta Birako kideak.

“Ekonomia kontra badugu ere, aurrera egingo dugu programazioarekin, eta konponbideak bilatuko ditugu behar denean”, zehaztu du. Hori dela eta, lanean hasi ziren auzoari eta hiriari egiten zioten eskaintza berreskuratu eta artistei plaza bat eskaintzeko: “Txikia eta baldintza bereziekin, itxuraldatuta, baina plaza bat”. Gogorarazi du Bira euskarazko sorkuntza bultzatzeko sortu zutela, eta hori gero eta murritzagoa dela deritzo: “Diputazioak programatzen du, udalak ere bai… Baina denok dakigu zer programatzen den, edo, hobeto esanda, zer geratzen den kanpoan. Gu horretarako gaude: nahi duen guztiari tokia egiteko”.

Esan du oraingoz oso erantzun ona izaten ari direla, eta programazio kulturala finantzatzeko Birakide izeneko kanpaina ere jarri dute martxan. “Egoera honek bere alde onak ere izan ditu, ikusi dugulako orain arte proiektura hurbildu ez zen jendea gerturatzen eta babesa ematen ari zaigula”. Kontrako aldean, ostalaritzari oso lotuta daudela gogorarazi du: “Bitan itxi behar izan dugu, eta antolatuta genuen guztia bertan behera utzi. Saiatu gara barra itxita programatzen, baina ez digute utzi. Egoera gogorra da, eta desmotibazioa sortzen du, baina jausten garen bakoitzean altxatzeko prest gaude oraindik”.

Bira Kultur Gunea

Latzagoa da Bermeoko kafe antzokiaren egoera. Bizkaiko beste antzoki handietan bezala, osasun neurriek ez diete irekitzeko aukerarik ematen; haien proiektuaren aniztasuna eta tamaina kontuan izanik, ez zaielako errentagarria egiten. Patxi Erauzkin antzokiko kideak dio zaila dela egoera: “Kontzertuak bertan behera utzi ditugu; moldatu gara gauzaren bat egiteko, oso formatu txikian, edukiera oso mugatuta dugulako eta ordutegiek asko murrizten dutelako gure jarduna. Egin ditugu pare bat gauza, baina ikusi dugu horrela aritzea ez dela errentagarria guretzat”.

Jatetxea, gaua, kontzertuak… eskaintza zabala zeukan Bermeoko antzokiak. 700 lagunentzako lekua izatetik 80rentzako tokia izatera igaro dira orain, eta langile asko ditu. “Zenbaki horiekin, gastuak sarrerak baino handiagoak dira; diru laguntzarik gabe ezinezkoa da”. Gainera, Erauzkinek salatu du erabakiak hartzen dituztenek ez dituztela kontuan hartu: “Inork ez digu ezer galdetu, eta ez gaituzte aintzat hartu”. Esan du ez duela argirik ikusten: “Hondamendia da guretzat. Ahal dugun bitartean eutsiko diogu; ez dugu amore emango, baina ez dakigu zenbat iraun ahalko dugun”.