Zalantzak uxatzera etorriko da Zinegoak

Zalantzak uxatzera etorriko da Zinegoak

Zihara Jainaga Larrinaga

“Gizarteak bizi duen egoera hain konplexua izanik, une oro ziurgabetasuna izan dugu lagun, eta, horrek edizio berezi bihurtu du aurtengoa. Horregatik erabaki dugu oraingoan berezitasuna ez dela zerbait zehatza izango, baizik eta jaialdia bera egitea”, esan du Pau Guillen Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko zuzendariak. Jaialdiaren buru izango den azkenaldia du honako hau Guillenek. Datorren astean abiatuko dute 18. edizioa. Martxoaren 1etik 14ra hemezortzi film luze eta film laburreko sei ziklo eskainiko dituzte, besteak beste.

Zuzendariak aipatu bezala, talde antolatzailearen arrakasta aurten, hain zuzen, ez da beste urte batzuetan baino edizio handiago bat egitea, baizik eta hain konplexuak diren baldintzetan egitea. “Ahal den neurrian presentziazko jarduera eskaini ahal izateko, egoera honen aurrean leiho birtualak ireki behar dira”, aipatu du Guillenek. Hain zuzen, berritasun nabarmen bat dakar aurtengo edizioak. Lehen aldiz, jaialdian eskaintzen diren ekoizpenak Filmin plataforman ere ikusi ahalko dira. Martxoaren 5etik aurrera, hiru film sareratuko dituzte egunero, eta 72 orduz baino ez dira ikusgai egongo. “Jaialdi bateko tentsioa Filminera ere eramateko”, zuzendariak adierazi duenez. Hala ere, azpimarratu du Zinegoaken apusturik handiena aurten aurrez aurrekoa egitea izango dela.

Aurreko edizioetan bezala, hiru sail ofizial izango ditu programazioak: Fik, Dok eta Krak. Hiru sail ofizialetako hemezortzi film luze horiek Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte. Gaurkotasun handiko gaiak lantzen dituzte pelikula horiek. Film laburrei dagokionez, Zinegoak-ek Begiradak deituriko sei ziklo antolatu ditu aurten ere, bakoitza gai baten bueltan, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai. Horrez gainera, beste ziklo berezi bi ere antolatu dituzte BilboArten: batetik, Sebastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko saridunari buruzko atzera begirakoa; eta, bestetik, Brasil transbertsala ziklo berezia.

ANYÁIM TÖRTÉNETE

Belaunaldi berrien txanda

Zinegoaken sexu aniztasunari lotutako gaiak jorratzen dituzte, baina beti harago doan ikuspegiarekin. “Gizarte gisa eboluzionatzen ari gara, eta oinarrizko kontzeptuak finkatzen ari dira; horregatik guri gustatzen zaiguna da LGTBI kolektiboan egun bereziki nabarmentzen diren gaietan jartzea arreta”, azaldu du Guillenek. Hala, hemezortzigarren edizioan, edukiari dagokionez, “indarrez sartu den” zerbaiti buruz hitz egin nahi izan dute: beren identitatea duela gutxira arte kontzeptu huts ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dute begirada; hau da, beren ikuspegia sexu aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz edo genero identitatearen eraikuntzarantz modu natural batean zabaldu dutenengan.

“Belaunaldi berriek sexu hezkuntza zabala jaso dute. Tresnak eman baitzaizkie ulertzeko aniztasun sexuala osatzen duten elementuak oso zabalak direla. Aurreko belaunaldikoen zalantza berberak dituzte, baina askoz irizpide eta tresna gehiagorekin”, azaldu du Guillenek. Bestalde, jaialdia egin ahal izango duten zalantzak aurtengo edizioko leloari —Zalantza izpirik gabe—erreferentzia egiten dio, baina, bereziki, gai horri heltzen dioten lanak ikusiko dira aurten. Esaterako, Always Amber, momentu jakin batean bere identitatea igarobide batean sentitzen duen pertsona ez-binario baten ikuspuntutik lantzen den lana da. Bestalde, Mexikoko Cosas que no hacemos filmak jende gaztearen begirada bat erakusten du: agertuz doazkien tresnekin eraikitzen diren gazteak dira protagonista.

Horrez gain, aurtengo programazioan agertzen den beste ildo bat amatasun lesbikoen ingurukoa da. “Orain, pertsona asko daude amatasunaren espazio hori lesbianismotik igarotzen”, esan du Guillenek. Hala, ikuspegi ezberdinetatik amatasun lesbikoaz hitz egiten duten hiru film ikusi ahal izango dira Zinegoaken. Horietako bi dira Her Mothers eta Maes do Derik. Hungariako eta Brasilgo istorio bi kontatzen dituzte, hurrenez hurren.

LA AMANTE

Lekeition ere bai

Duela zenbait edizio abiatu zuten Zinegoaken Hedapena egitasmoa. Jaialdia bukatuta, bertan eskainitako produkzioak Euskal Herriko beste herri batzuetan ikusi ahal izaten ziren. Aurten ere mantendu dute dinamika: martxoaren 14tik aurrera, 40 herritan ikusi ahalko dira ekoizpenak. Horrez gain, jaialdiko antolatzaileek pauso bat gehiago ematea erabaki dute. “Denbora daramagu pentsatzen jaialdiari Bilbotik kanpo egoitza berriak sortzea. Hala, aurten, Zinegoak Lekeition ere egongo da, egoitza ofizial gisa, jaialdiak irauten duen bitartean”, azaldu du Guillenek.

Programazioaren zati bat bi egoitzek aldi berean partekatuko dute, martxoaren 5ean, 6an eta 7an. Han eskainiko dituzte Valentina film luzea eta Euskal Begiradak eta Emakume zuzendariak film laburren zikloak. “Hedapenak aditzera ematen zigun jaialdiarekiko gero eta interes handiagoa dagoela eta Hedapena bera apur bat motz geratzen zela”. Handituz doan jaialdiak zerbait hurbila dela sentiarazi nahi du.