Z. Jainaga Larrinaga
1943. urtea da Hondarribian (Gipuzkoa). Martinek baserrian lan egiten du, eta haren ama Comete sarean dabil. Bizitza betiko aldatuko dion harreman bat bizi izango du Martinek pilotu iheslari batekin. Jose A.C. Amunarriz (Hondarribia, 1957) zinemagilearen Red Bay azken lanak harreman homosexual baten desio sexuala eta memoria historikoa ditu ardatz. Euskaraz egindako film laburra Zinegoaken hasierako ekitaldian emango dute.
Non du abiapuntua lanak?
Sexu aniztasunari modu berezian lotutako gaiak landu ohi ditut, eta, bereziki, desioaren gaia lantzeko asmoa nuen. Zehazki, oraindik gay kulturaren kontzientziarik ez zegoen une bat landu nahi nuen. Are gehiago, nire sorterriarekin bat egin nahiak atzera begirako bidaia bat egitea ekarri zuen. Hala konturatu nintzen 1940ko hamarkadan Bidasoa aldean oso egoera politiko interesgarria zegoela, eta istorioa une horretan girotuta dago.
Zein zen zure helburua ikusleari dagokionean?
Desio homosexualaren gaia ikertu, eta naturala dela helarazi nahi nuen, eta erakutsi askotan desio hori ez datorrela bat kulturalki funtzionatzen duten estereotipoekin. Egun, badago kultura bat orientazioaren gaiaren inguruan, baina lan honetan oraindik kultura hori ez zegoen garaia bilatu nahi nuen. Nik, gay naizen aldetik, duela urte asko desio bat sentitu nuen, eta ez nekien nola ulertu eta nola onartu; ez nuen erreferenterik. Ikusleari erakutsi nahi diot zer sentiarazten dizun nola kalifikatu ez dakizun zerbait sentitzen duzun uneak.
Nola lortu duzu?
Istorioa denbora eta leku zehatz batean kokatzean, Frantziaren eta Euskadiren arteko mugan. Baserri batean bakartuta dagoen pertsona batek bizi izango lukeen egoera edo emozioetatik abiatzen da istorioa. Kasu honetan, Martin dugu protagonista. Oso gai zinematografikoa iruditzen zitzaidan, eta nire interes bi biltzen zituen: desioa eta memoria historikoa berreskuratzea.
Gertaera historiko baten zati estali bat nabarmentzea erabaki duzu. Zergatik?
Azken boladan, aniztasunaren alorrean, gainditutako gauza asko daudela esaten da. Baina, nire ustez, oraindik asko dago egiteko. Prozesuak indibidualak dira, eta bakoitzak bere intimitatean bizi ditu, eta, askotan, bere bakardadean. Martinena bezalako prozesuak gaur egun jende askok bizi ditu. Horregatik, eskubideak lortzen ari diren sentipena berreskuratu nahi nuen, kultur maila handiagoa dagoela eta gauza asko errespetatzen direla. Baina prozesu eta une zailak direla azpimarratuz. Uste dut egungo legediak erakutsi nahi badu ere beste egoera batean bizi garela, oraindik asko direla erruduntasun handiz bizi direnak eta lan handia dagoela egiteko.