“Bakartze modulua kartzela barruko bigarren kartzela da”

“Bakartze modulua kartzela barruko bigarren kartzela da”

Maialen Arteaga

Iurdan Martitegi euskal presoa (Durango, 1980) bakartze moduluan dago uztailetik, Soto del Realgo kartzelan, Espainian. Marije Lizaso (Zarautz, Gipuzkoa, 1953), Martitegiren ama da, eta Miren Erdoiza (Durango, 1994), Durangoko Sare plataformako kidea, eta presoaren egoerak larrituta dauzka. Bakartze egoeratik irten behar duela eskatu dute biek. Zornotzan bildu dira Bizkaiko Hitza-rekin, senideen egungo bizilekuan, haren egoeraren berri emateko.

Lehenengo eta behin, zer moduz dago Iurdan Martitegi?

MARIJE LIZASO: Berak ondo dagoela esaten du, animatuta dagoela. Baina ez dakit benetan ondo dagoen ala soilik gu ez urduritzeko esaten duen.

Non dago preso? Zein izan da haren ibilbidea, eta zein da oraingo egoera?

MIREN ERDOIZA: 2001ean atxilotu zuten, eta bost urte eman zituen kartzelan. 2009an espetxeratu zuten berriro, eta iazko uztailera arte Frantziako hainbat kartzelatan egon da. Azken urteak Mont-de-Marsanen [Okzitania] eman ditu, Frantziako Estatuak euskal preso politikoak hurbildu zituelako bertara. Guztira, hamasei urteko espetxealdia, eta hiru urte eman ditu kanpoan; beraz, hemeretzi urte etxetik kanpo. Orain, berriro Espainiaratu dute, eta oso kondena luzea dauka aurretik. Bizitza erdia herritik kanpo egin du.

LIZASO: Horri guztiari gauza bat gehitzen zaio: bakartze egoera. Uztailetik darama horrela.

Zer ondorio dauka bakartuta egoteak?

LIZASO: Bakardadea da. Ezin da bere kideekin patiora irten; lau ordu ditu patioan egoteko, eta beste ordu denak, ziegan. Dauzkan lau ordu horiek bakarrik igarotzen ditu; euria egin, elurra egin, nahiz eta eguzkiak gogor jo… Patioan dagoen aterpe txiki batean egoten da, irakurtzen. Ez du besterik.

ERDOIZA: Iurdanek oso argi esaten du: bakartze modulua kartzela barruko bigarren kartzela da, eta hura orain bigarren kartzelan bizi da. Lau ordu horiek patio txiki batean ematen ditu; hor ezin da beste presoekin eta kideekin komunikatu. Ez dauka ezertarako eskubiderik: ez ekintzetarako, ez ingurukoekin komunikatzeko… Haren zeldaren ondoan Iñaki Reta presoa dago, eta harekin leihotik leihora komunikatzea da daukan aukera bakarra. Bestela, ez da beste inorekin ez gurutzatzen ez komunikatzen. Bakartuta egotea ezer egiteko eskubiderik ez izatea da.

Zergatik dago egoera horretan?

ERDOIZA: Hori da ulertzen ez duguna. Bakartze egoerak kartzelako zigor gisa daude pentsatuta: norbaitek ez baditu legeak edo arauak betetzen, bakartze egoerekin zigortzen dituzte. Iurdan Frantzian egon denean eta kartzela barruan zerbait gertatu denean, bertako zigor modulura eraman dute. Gertatzen dena zer da? Euskal preso politikoekin, historikoki, zigor hori ez dela inoiz bi astekoa izan. Gehienez, bi asterako zigor gisa daude pentsatuta. Umetan, eskolan zigortzen zaituztenean, nonbaitera eramaten zaituzte, behin-behineko zigor bat izango balitz bezala, baina kasu honetan, espetxean. Euskal preso politikoek, ordea, urteak eman dituzte bakartze egoeran. Eta ez bat, bi edo hiru; 20 edo 30 urte igaro dituzte ezohiko zigor horretan euskal preso politiko izategatik. 2020an ikusi dugu aldaketa batzuk gertatzen hasi direla arlo horretan, eta presoen eskubideak bermatzeko aurrerapausoak ematen hasi direla, eta, nahiz eta guretzat nahikoa izan ez, espetxealdia bakartuta igaro duten presoak ateratzen hasi direla. Andaluziako [Espainia] bakartze modulu guztiak, adibidez, hustuta daude, baina Iurdan iazko urtean bertan sartu dute bakartzean, eta han mantentzen dute beste denak ateratzen dituztenean. Ez dugu ulertzen.

LIZASO: Hori tratamendu bileretan erabakitzen da: presoen balorazioa egiten dute, eta bertan erabakitzen dute ea bakartuta jarraitu behar duen, modulu aldaketa bat emango dioten, beste nonbaitera eroango duten… Esan zioten bere behin betiko kartzela Soto del Realgoa zela.

Beraz, egoera hau Soto del Realera eroan dutela da?

ERDOIZA: Soto del Real ez dago espetxealdi luze bat egiteko diseinatuta. Bitarteko egonaldi baterako dago pentsatuta: epaiketa bat izan bitartean egoteko, beste kartzela batera eraman bitartean egoteko… Makrokartzela bat da. Iurdan bertara eraman zuten, zigorra beteko duen kartzela zehaztu bitarteko prozedura horrelakoa delako, eta, balorazio bilera hartatik pasatu zenean, esan zioten bere espetxealdia Soton bertan igaro beharko duela. Iurdanek ez zuen espero. Horrek esan nahi du, bakartze moduluan egon ez arren, bizitza bat egiteko pentsatuta ez dagoen kartzela batean bete beharko duela kondena.

LIZASO: Soto, berez, oso kartzela txarra da. Han egon diren preso ohiek ere esan izan dute hango bakartze modulua dela Espainiako Estatuko gogorrena. Ez dugu ulertzen nola ezarri dioten kartzela hori kondena betetzeko.

Nola eragiten dio presoari bakartuta egoteak ?

LIZASO: Ahal duen moduan darama, baina haren motibazioa husten dabiltza. Gainera, Soton, bakartze moduluan eta COVID-19aren pandemia betean. Egoera ez da ona. Senideak eta lagunak bisitan joatea energia dosi bat da presoentzat, eta hori ere debekatu egin diete. Maite duten jendearekin harremanak izan behar dituzte. Gainera, ezin dugu ezer antolatu. Egoerari buruz galdetzen dugun aldiro, bakoitzak gauza bat esaten digu: aste baterako dela, bi asterako, hirurako… Ez dakigu noiz arte egongo garen bisitarik gabe.

ERDOIZA: Iurdan gogorra da, eta indartsu dago, baina ez dago pozik.”Egun guztiak berdinak dira”, esaten du. 200 egun baino gehiago daramatza bisitak erregulatuta eduki gabe. Osasun neurrien aitzakiapean kentzen dituzte bisitak, baina ez dituzte oinarrizko osasun neurriak betetzen. Udan 32 kasu positibo egon zirela salatu genuen. Funtsean, osasun baldintzak bermatzen ez direlako daude debekuak kartzeletan. Beharrizan primitiboak baino gehiago gara; harremanak behar ditugu, eta Iurdanek duen harremanetarako aukera bakarra kartzelako langileak dira: horrek asko eragiten dio. Maitasun keinu bakarra asteko bi eskutitzak eta hamar minutuko deia dira. Bakerako eta elkarbizitzarako bidean hori irenstea oso zaila da.

Eta senideei nola eragiten dizue egoerak?

LIZASO: Urtarrilaren 14an ikusi genuen azkeneko aldiz Iurdan. Ez gaude ondo. Astean behin hitz egiten dugu harekin telefonoz, eta bi gutun bidaltzen dizkiogu astean. Urtarrileko bisita hartan besarkatzeko eskatzen zidan behin eta berriz; kontaktu fisikoa behar zuen. Iurdanek bi ume txiki dauzka: 9 urteko bat eta 2 urteko bat. Txikienak ez du aita ia ezagutzen, bisitak egiteko aukerak kendu dizkietelako. Urte batean bi aldiz ukitu ditu Iurdanek bere semea. Aitarekin egon denean ere, arraroa egin zaio, eta ama izan behar zuen ondoan. Horrek guztiak arrasto handia uzten die umeei. Umeekiko komunikazio guztia eten diote, eta horrek senideen gain uzten du zama guztia; egoera ulertzeko lanketa guztia senideok egin behar dugu, eta karga izugarria da.

ERDOIZA: Kartzela ez da inorentzako lekua, baina are gutxiago bi urteko ume batentzat. Oso arrotza egiten zaio. Ez dago ume batentzako espazio seguru bat izateko pentsatuta. Orain, aita ikusi nahi badu, ehunka kilometro egin behar ditu ume horrek, eta 40 minutuz kristal baten kontra egon. Ez dauka aitarekin komunikatzeko beste modurik. Iurdanek ezin du eskulanik egin eta hori etxera bidali, bideo deirik egin… Ez diote alternatibarik eskaintzen.

Bakartzea, beraz, tresna bat da Espainiako Estatuarentzat?

ERDOIZA: Bai, noski. Iurdan epaituta dago, eta ezarri dioten kondena betetzen ari da, baina kartzela bera bigarrenez ari da Iurdan epaitzen, eta espetxeak ez dauka legez inor epaitzeko eskubiderik. Kartzelak preso dituen pertsonen ongizatea bermatu behar du. Legea ezarri behar dute, eta, horren arabera, baldintza duinak bermatu behar dituzte. Iurdanek oso ondo dauka buruko osasuna. Urteetan erakutsi du elkarbizitzarako ez duela arazorik, eta ez dela arriskutsua. Ez luke hor egon behar.

Euskal presoa ez balitz, egoera bestelakoa litzateke?

ERDOIZA: Bai, zalantzarik gabe. Atzera begiratu besterik ez dugu egin behar. Hainbat preso ohik kontatu dute zer esan nahi duen bakartuta egoteak. Oso jarrera desegokia dutenak daude bakartuta. Preso politikoei salbuespen egoera bat ezartzen dietelako dago Iurdan egoera honetan.

Euskal Herriko jokaleku politikoa nabarmen aldatu da azkeneko urteetan. Gizartea aldatu da, baina kartzela?

ERDOIZA: Kartzela ereduak berdin jarraitzen du. Marisol Iparragirreren epaiketako testigantza horren adibide da. Hark kontatzen du nola Euskal Herriak konponbiderako erabakia hartu duen eta, aldiz, euskal presoak duela 30 urteko testuinguruan biziko balira bezala tratatzen dituztela. Iurdanek hamabost urte baino gehiago daramatza kartzelan; lehenengo graduan eta bakartuta dago oraindik, bera jaio zenean zeuden baldintza berberetan. Bakarmortua deitzen dio Iurdanek. Bakardadea oso gogorra da zuk hala erabakitzen ez duzunean. Guk eskatzen duguna da bakarmortutik atera dezatela, Euskal Herriratu dezatela, eta dagozkion eskubideak berma diezazkiotela. Herritarrak konponbiderako pausoak ematen gabiltza, eta beste aldetik ez da ia ezer mugitzen.

Zein da bakarmortu horren alternatiba?

ERDOIZA: Bakartze egoera bukatzea. Saretik Bakarmortutik arnasgunera dinamika jarriko dugu martxan. Haren bizitoki bakartiaren ideia horri arnasguneak aldarrikatzen dizkiogu: arnasgunea aurrez aurreko bisitetan seme-alabekin besarkatzeko eskubidea izatea da, patiora jendearekin irteteko aukera izatea da, Euskal Herriratzea da… Bakartzearen kontrakoak diren gauza asko dira arnasgune Iurdanentzat, eta horien alde egingo dugu.

Harremanen beharra agerian geratu da pandemian. Orain presoen egoerarekin atxikimendu handiagoa dagoela uste duzue?

ERDOIZA: Durangon nabaritu dugu jendearen hurbiltasuna, eta lehen erakusten ez zen sentsibilizazio bat. Iurdanen kasua salatzeko mobilizazioetan, jendeak oso ondo erantzun du. Baina Iurdanen korapiloa askatzeko gauza gehiago behar dira. Gizarte oso baten erantzukizuna da presoen auzia, ez senideena bakarrik.