Merezitako azpimarra

Merezitako azpimarra

Zihara Jainaga Larrinaga

Generoari buruzko hainbat egitasmo antolatu izan ditu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak. 30 urte beteko ditu aurten museoak, eta, 1998. urtetik 21 erakusketa egin dituzte emakumeen inguruan. Oraingo honetan ere proposamen berezi bat ondu dute: Emakume artean paseatzen erakusketaren bidez, Euskal Herriaren historiarako garrantzitsuak izan diren hainbat emakumeren irudia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dute, haien lana ezagutaraziz. Besteak beste, erreginak, kirolariak eta artistak dira erakusketaren protagonista, baina, batez ere, emakume anonimoen rola azpimarratu dute. Halaber, Euskal Herrikoak izan ez baina bertako historian eragin duten emakumeei ere egin diete aipamena. Erakusketa osatzeko, museoan dituzten piezak eta baliabideak erabili dituzte.

Enara Aldaiturriaga museoko gidariaren esanetan, emakumeek betidanik izan duten rol aktiboa nabarmendu eta haien balioa aitortzea da erakusketaren helburu nagusia. “Politikan, erlijioan, kirolean, kulturan, hizkuntzan, sinesmenetan eta ohituretan azaldu dira emakumeak. Haien lana ez da puntuala izan; beti egon dira hor, eta, horregatik, garrantzitsua da jakitea zer egin duten “, azaldu du Aldaiturriagak. Gaineratu duenez, erakusketan garrantzi berezia eman zaie emakume ezezagunei, anonimoei. “Etxe denetan egon diren emakumeei”. Hala, bisitak publikoarekiko hurbiltasun berezia daukala uste du museoko gidariak.

Hain zuzen, datozen asteetarako bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketa berezi honetarako: otsailaren 21ean eta martxoaren 7an eta 20an izango dira euskarazko bisitak, 12:00etan. Parte hartu nahi duenak —oraingoz, Gernika-Lumoko herritarrek baino ez— museora deitu behar dute, tokia erreserbatzeko: 94-6255451 da zenbakia.

EMAKUME ARTEAN PASEATZEN

XVI.mendearen erdialdetik gaur egungo emakumeetarainoko ibilbidea egiten du erakusketako bisita gidatuak. Hain zuzen, blokeetan banatu dute bisita. Museoaren lehenengo solairuan hasten da, historiari dagokion zatiarekin. Lehenengo azpimarra ere bertan egin du Aldaiturriagak: “Oso gutxi landu dira historian emakumezko pertsonaiak, eta, gutxi aztertzearen ondorioz, gabezia nabaria da museoetako bildumetan”. Baina dauden horiek esangura handikoak direla nabarmendu du. Lehen solairuko atzeko aldeko izkina batean, Joana Albretekoaren koadroaren parean egiten du lehen geldialdia gidariak. Nafarroako erregina izandakoa da, eta, erlijio katolikoan hezi bazen ere, joera kalbinistara igaro zen beranduago. Hari zor zaio 1560. urtean egindako Biblia kalbinistaren euskarazko argitalpena. Ekarpen horregatik, garrantzitsua iruditu zaie museoan azpimarra egitea. Halaber, Bibliaren ale bat koadroaren aldamenean ikus daiteke.

Handik alboko aretora igarotzen da bisita: litografia batzuen aurrean paratu da gidaria. Blanche eta Helene Fillet ahizpen obrak dira. 1815ean Parisen jaiotako ahizpa haiek, 20 urterekin, Baionara iritsi ziren, eta litografoak izateagatik egin ziren ezagun. “Garai hartako argazkiak ziren litografiak, eta Filletarrek Euskal Herriko ohiturak marrazten zituzten nagusiki. Zuri-beltzean zein koloretan, detaile guztiekin”. Hala, Aldaiturriagak dioenez, lekukotza garrantzitsuak utzi zituzten, esate baterako, emakume ezezagun askoren istorioak ezagutarazten lagundu zuten: batelarienak, adibidez.

Alor guztietan

Batelariak aipatzetik erraketistei buruz hitz egitera pasatu da gidaria, eskaileretan gora. Aurrez, baina, bigarren solairura bidean Isabel II.a Espainiako erreginak eta karlistadek Euskal Herrian izandako eragina aipatu du, erreginaren koadro baten aurrean. Erraketistek, berriz, sona handia lortu zuten emakumeen kirolean. Erraketa izan zen emakumeei euskal pilotan egokitutako lehen jokoa. Profesionalak izatera iritsi ziren; era horretan, kontratuak sinatzen hasi eta mundu osoan ibili ziren. “Garrantzi handia izan zuten emakumeen eskubideen aldarrikapenean”, dio Aldaiturriagak. Erraketisten garaiko hainbat dokumentu eta material ikus daitezke Euskal Herria Museoan.

Kiroletik kulturara egiten du jauzia erakusketak; bertsolaritzara, zehazki. Aldaiturriagak azaldu du garai batean emakumeek debekatuta zeukatela bertsotan aritzea; besteak beste, Bizkaiko Foru Zaharrean irakur daiteke debeku hori. Urteen poderioz aldatu da egoera: egungo Euskal Herriko txapelduna emakumea da —Maialen Lujanbio—, eta argazkietan ikus daiteke bertsolaritzak azkeneko urteetan izan duen bilakaera.

EMAKUME ARTEAN PASEATZEN

Erakusketa bukatzeko, emakume ezezagunei erreparatzen zaie, goruaren bitartez. Baserrietan, emakumeen ardura zen tresna hori erabiltzea, lihozko arropak egiteko. Goruaren inguruan batzen ziren orduko emakumeak. “Akelarreak egiten zituztela esan izan da”. Emakumeen sozializaziorako oso garrantzitsua izan zen gorua. Are gehiago, ezinbestekoa izan zen sinesmenak eta kultura hedatzeko. “Objektu baten atzean ezkutatzen dena erakutsi nahi dugu”. Azkenik, familia bat elizatik ateratzen agertzen den koadro baten aurrean, emakume ezezagunei eta etxeko emakumeei buruzko azalpena eman du. “Bizitzaren lehendabiziko momentuetan zein bukaeran, ezinbestekoak izaten ziren”.

Aldaiturriagak, bisitan, bereziki nabarmendu du kontuak beti ez direla izan egungoak bezalakoak. Oraindik ere lan asko egin behar bada ere, bilakaera ikustea oso garrantzitsua dela esan du: “Duela oso denbora gutxi, adibidez, emakume batek ezin zuela bankuan kontu korronte bat izan”. Hala, erakusketa baliatu nahi dute argitara atera, nabarmendu eta belaunaldi berriei erakusteko aurrekoek egindako lana. “Dena zor zaie emakume hauei. Borrokatzeko izan duten grina, lanarekiko leialtasuna eta gizartean edukitako eginkizuna”. Nabarmendu du erakusketako emakumeak ez direla kasu bakanak, salbuespen hutsak; emakumeek alor guztietan izan duten eraginaren erakusle direla. Hala ere, Aldaiturriagak argi utzi du erakusketaz gaindi hainbat emakume garrantzitsu igaro direla Euskal Herriaren historian. Kasu honetan, museoak nolabait itzalean zituen erreferentziak berpiztu ditu.

EMAKUME ARTEAN PASEATZEN

Tailerrak laster

Aurrera begira, Emakume artean paseatzen erakusketa generoari buruzko tailer didaktiko bihurtzea da museoaren asmoa. “Hezkuntza dinamikak sortu nahi genituzke”, azaldu du Aldaiturriagak. Halaber, etorkizunean, generoak gero eta garrantzi handiagoa izango du museoan. Esate baterako, martxoan ekintza bereziak egingo dira emakumeen inguruan: “Batelariei buruzko familia tailer bat antolatzen ari gara, emakumeek itsas lanetan izan duten garrantzia gertutik ikusi eta ikasteko”.

EMAKUME ARTEAN PASEATZEN