Mende erdi harrobian lanean

Mende erdi harrobian lanean

Peru Azpillaga Diez

Harrobia giltzarria izan da hasiera-hasieratik Athletic futbol klubaren bilakaeran: horri esker lortu ditu bere arrakasta nagusiak. Azken 50 urteetan, Lezamako instalazioetan hezitako jokalariek osatu dute hamaikakoen zati handi bat; garaipen handien garaietan eta maila ez galtzeko borrokan sartuta ibili den garai larrienetan, Lezaman hezitako jokalariak beti izan dira funtsezkoak Athleticentzat.

Felix Oraa klubeko presidentearen agindupean sortu zen Lezamako entrenamendu gunea eta futbol eskola, duela 50 urte. Hiru zelaik eta erresidentzia eta aldagelak zituen eraikinak osatzen zuten hasierako proiektua. Gaur egun, instalazioek hamalau hektarea baino gehiago hartzen dituzte: hamahiru hektareatan banatuta dauden eta arauzko neurriak dituzten belar naturaleko lau zelai —horietako batek 3.200 ikusle hartzeko gaitasuna du—, belar artifizialeko lau zelai, pabiloi estali bat, gimnasioak, osasun-zentroa, biltegiak, aparkalekuak, taberna… Lezama handitzeko proiektu bat abian dago.

“1972an zapaldu nituen nik lehendabizikoz Lezamako instalazioak”, esanez hasi da azaltzen Xabier Fernandez Jabotxa, bere gaztetako oroitzapenetatik tiraka. Kontatu du urte hartan futbolari izateko proba bat egitera joan zela, eskolako beste hainbat lagunekin batera. “Errautsez egindako zelai batean aritu ginen; garai hartan, punta-puntakoa zen, sekulako berrikuntza”.

Gero futbolari gisa aritu ez bazen ere, Fernandezek futbolaren munduan topatu zuen ogibidea: hain zuzen, kazetari eta Athleticen komunikazio arduradun izan da. 2001ean hasi zen Athleticen lanean, eta 2019ra arte ibili zen. “Zelaia, talde kopurua, aldagelak, garraioa… Lezaman sekulako aldaketa izan da arlo guztietan”. Gogora ekarri duenez, bertan aritzen ziren hasierako gazteentzat abentura bat zen kirol instalazioetara heltzea: “Nor bere kabuz joaten zen; ume asko, trena hartuta. Benetako odisea bat zen haientzat; batez ere, herri txikietatik zihoazenentzat. Orain denetarik dago: taxiak, autobusak…”.

Lezamak 50 urte

Bere lana maiz Lezamatik kanpo egin arren, han ordu asko igarotakoa da Fernandez: “Lehen taldeko entrenamenduak zeudenean, han egon behar ginen beti. Lan egiteko orduan, nahiko erraza zen, azpiegiturak ondo mailakatuta daudelako; dena dago oso ondo antolatuta”. Hasi zenetik gaur egun arte izan diren aldaketak azpimarratu ditu, bai arlo materialean bai pertsonalari dagokionean.

“Entrenatzaile asko ezagutzeko aukera izan dut”, dio Fernandezek. “Egia da haien artean ardatz amankomunak daudela, futboleko hainbat arlotan dena asmatuta dagoelako; hala ere, sekulako berrikuntzak izan dira azken garaietan. Esate baterako, arlo fisikoak pisu handia hartu du, eta, orain beste seriotasun batekin lantzen da, oso metodo ezberdinekin. Hori instalazioetan ere nabaritu egiten da”. Era berean, Fernandezek erantsi du soropilaren egoera berebizikoa bihurtu dela entrenatzaile zein jokalarientzat. “Taldeak asko exijitzen du, eta, era berean, jokalarien eta teknikoen eskakizun maila ere igo egin da. Erosotasun aldetik, ez du lehengoarekin zerikusirik”. Kirol profesionalaren beharrak eta jokalarienak elkartu egin direla deritzo, prestakuntzaren beste arlo batzuk garrantzia hartzearekin batera: hala nola, elikadurak eta atsedenak.

Baina, horrekin guztiarekin batera, jokalarien izaera okerrerako aldatu dela uste du. “Beste mota bateko izaera bat da nagusi: hein batean, gauza batzuekiko errespetua ez da lehengoa”. Azpimarratu du lehenengo taldera igotzean zeuden “errespetu protokolo” batzuk galdu egin direla. “Hala ere, familia izaera mantendu egiten da. Toki berezi batean egotearen sentsazio hori presente dago oraindik ere, eta potentzial handia ematen dio taldeari: proiektu komun batean sartuta daude, eta horren parte sentitzen dira”.

Lezamak 50 urte

“Pixkanaka” tokia egiten

Leioako futbol klubarekin akordio batera heldu ostean, 2003an emakumeak heldu ziren Lezamara. “Gero eta protagonismo handiagoa lortu dute. Josu Urrutia presidentearen agintaldian, esaterako, lehendabiziko apustu trinkoak egin ziren arlo horretan: kontratu aldetik, dedikazio aldetik, azpiegitura aldetik… Nabarmena izan da salto hori”. Fernandezek adierazi du Lezama sortu zutenean emakumeen futbola “gauza ezezagun” bat zela: “Garbitzaileak zeuden, eta ezer gehiago ez. Orain presentzia handiagoa dute, eta ez soilik jokalari gisa: teknikariak daude, fisioterapeutak, nutrizionistak… Gero eta postu gehiago betetzen dituzte”.

Hain zuzen ere, prozesu horren parte aktibo izandakoa da Edurne Burgoa. Hamabost urtez Lezamako emakumezko futbolean entrenatzaile eta prestatzaile lanak egindakoa da. Esan du bere kirol ibilbidean Athleticen egotea “dena” izan dela. “2005ean hasi nintzenean, mota guztietako zereginak genituen. Oso gutxi ginen, eta denetarik egin behar genuen”, azaldu du. Kirol ikasketak eginda, Mutrikun (Gipuzkoa) hasi zen entrenatzaile lanetan. Handik gutxira, Lezamara heldu zen, Iñigo Juaristiren eskutik. Lezaman emandako urte guztietan, ez zuen irakasle lana utzi.

“Tokirik onenean egon naiz”, esan du Burgoak. “Oso esperientzia txikia nuen heldu nintzenean. Emakumeen futbola ere oso berria zen oraindik, eta bertan ikasi dut dakidan guztia”. Aitortu du Lezamara “oso urduri” iritsi zela, eta azpimarratu du oro har bertara heltzen den jende guztiak duela sentsazio hori. “Beste mundu bat da. Heldu nintzenean, zalantzak nituen ea ekarpenik egiteko gai izango nintzen. Uste dut beldur hori Lezamara heldu diren jokalari eta entrenatzaile askotan ikusi dudala”.

Horrekin batera, Burgoak kontatu du Lezamara heldu zenean emakumezkoen futbolak oso ibilbide laburra zeramala. Oraindik ere, gizonen eta emakumeen arteko bereizketa “nabaria” zela deritzo, baita “arrotza” ere. “Argi genuen pixkanaka egin behar genuela gure ibilbidea, eta horretan ibili gara: gutxika-gutxika pausoak ahalik eta sendoen ematen”. Gizonezkoen eremu bat zela deritzo. “Bazegoen tokia kentzen genienaren inpresio hori. Beti ibili behar zinen gauza batzuk markatzen eta jendeari ulertarazten guk ere gustuko dugula futbola”.

Lehenengo emakumeen taldea sortu eta berehala, garaipenak heldu ziren: Burgoak gogoan du nolabaiteko eztanda bat gertatu zela. “Errekonozimendu bat egon zen. Gero, moteldu egin da prozesua. Hala ere, beti saiatu gara hor mantentzen”. Era berean, azaldu du futbola ere etengabeko aldaketan egon dela: “Lezama ikaragarri aldatu da. Etengabe eguneratzea beharrezkoa da, eta instalazioek aukera hori eman digute beti”. Zentzu horretan, jokalarien alderdi fisikoari eta nutrizioari egun ematen zaion garrantziaz aritu da Burgoa: “Gorenean egon nahi baduzu, detaile horiek guztiak zaindu egin behar dira”.

mende3

Material aldetik, denetarik izan dutela esan du. Argi du izan ahal zituzten baliabiderik “onenak” izan dituztela beti. “Garaiaren arabera, gehiago edo gutxiago haserretu behar zinen jendearekin gauzak lortzeko, baina, beste klub batzuekin alderatuta, pribilegiatuak izan gara”. Burgoak ohartarazi du Athleticen filosofia kontuan izanik prestatzailerik eta entrenatzailerik onenak harrobian egon behar direla. “Lezama futbol munduan lan egiteko tokirik onenetariko bat da. Niretzat dena izan da. Exijentzia handia izan dugu beti. Garaipen handiak ere lortu ditugu, eta porrotak ere hor egon dira”.

Urteen poderioz egoera aldatu eta emakumezko jokalarien egoera profesionalizatzeko pauso garrantzitsuak eman badira ere, oraindik haien helburuetatik “urrun” daude, Burgoak aldarrikatu duenez: “Pausoak ematen ari dira, eta eskatzen genituen gauza asko lortu egin dira. Hala ere, urrun gaude oraindik, eta hori argi geratu da pandemiarekin; krisi garaietan beti dira ahulenak ondorioak gehien pairatzen dituztenak”.

Hizkuntza, “hutsune”

Euskararen inguruan galdetuta, Fernandez eta Burgoa bat etorri dira: “hutsune bat” egon da. “Oso presentzia txikia du Lezaman, eta horrek beti haserretu nau”, aitortu du Burgoak. “Egia da jokalariek badakitela euskaraz, baina ez dago erabiltzeko joerarik. Horrekin batera, egoera aldatzeko gogoa ere bota izan dut faltan”.

Fernandezek ere uste du hizkuntzaren arloan Athleticen harrobiak “gabezia” bat duela. “Azken urteetan areagotu egin da, gainera. Ez dago plan edo estrategia sendorik”. Azaldu du hasieran euskararen erabilera “oso eskasa” zela; 1980ko hamarkadan “pizkunde bat” izan zuen. “Urteen poderioz motelduz joan da hori. Inguru euskaldunetatik heltzen diren jokalariek hemen galdu egiten dute hizkuntza”.

Lezamak 50 urte