Ibai Maruri Bilbao
Bizkaiko anbulantzia zerbitzurik zaharrena da Bilboko Udalarena. “Ez dago zehatz esaterik noiz sortu zen, baina 100 urte baino gehiago ditu”, esan du Gorka Olabarrieta Bilboko Samur zerbitzuko kide eta ELA sindikatuko ordezkariak. Gaur egun “arriskuan” dagoela ohartarazi dute. Udal gobernuko ordezkariek zerbitzua kentzeko asmoa iradoki diete langile batzordeko kideei. Joan den astean egin zituzten lehen protestak, eta zerbitzua mantentzearen alde borrokan jarraituko dutela esan du Olabarrietak.
Udalean oposizioa osatzen duten EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren babesa jaso dute. 2012an, bi anbulantzietako bat kendu zieten. PSE-EEko egungo bozeramaile eta Bilboko bigarren alkateorde Alfonso Gil, zinegotzi sozialista zen orduan ere, baina oposizioan zegoen. Orduan, anbulantzia mantentzearen alde agertu zen. “Orain ere bildu gara harekin, eta esan digu ezin duela auzitan jarri gobernuko beste kideak [EAJk] hartutako erabakia”, azaldu du Olabarrietak. Juan Mari Aburto alkatearekin eta Amaia Agirre Segurtasun zinegotziarekin —haren sailekoak dira larrialdi zerbitzuak— batzartzen ahalegindu dira, baina, oraingoz, ez dute erantzunik jaso.
Harro daude eskaintzen duten zerbitzuaz. Deitzen zaien aldiro, hamar minutu baino lehen iristen dira tokira. Anbulantzia zerbitzuaren zeregin nagusia larrialdi deiei erantzutea da: espazio publikoan zein eraikin publikoetan —udaletxea, udal bulegoak, kiroldegiak, udaltegiak…— izaten diren istripu eta ezbeharrei arta eskaintzea. Udal suhiltzaileak larrialdi batera irteten direnean ere, haiekin joaten dira, suhiltzaileak babesteko. Prebentzio lana ere egiten dute jende asko pilatzen den ekitaldietan: Aste Nagusia, aratusteak, San Tomas azoka, futbol partidak, kontzertuak, Begoñako erromeria… Larrialdietan nola jokatu irakasteko ikastaroak ere eskaintzen dituzte.
“Orain, alderdiekin elkartu garenean, denek esan digute: ‘Hori guztia anbulantzia bakar batekin egiten duzue?’. Bai: anbulantzia bakar batekin”. Sei erizainek eta hamabi larrialdi teknikarik osatzen dute lantaldea. 2012ra arte gehiago ziren, anbulantzia bik osatzen zutelako zerbitzua. Olabarrietaren arabera, udal gobernuak uste du Osakidetzarena dela eskumen hori, eta ez eurena. 2012an, anbulantzia bakarra uztea erabaki zenean, Iñaki Azkuna zen alkatea, eta Andoni Aldekoa haren kabineteburua. “Aldekoak esan zuen anbulantzietako bat kenduko zela, baina bati eutsiko zitzaiola eta, gainera, zerbitzua indartuko zela, udalaren egitekoa zelako zerbitzu hori eskaintzea. Orduan ere, anbulantzia kentzeko argudioa izan zen ez dela euren eskumena; baina, gero, bestea mantentzeko, bazen. Etengabe kontraesanean dabiltza”. Bizkaiko Hitza saiatu da udaleko Segurtasun Sailarekin hitz egiten, zer asmo dituen jakiteko eta langile batzordearen salaketak kontrastatzeko, baina komunikazio arlokoek erantzun dute Amaia Agirre zinegotziaren agerraldia eskatuta dagoela gai horri buruz hitz egiteko, eta ez dutela adierazpenik egingo batzordearen aurrean azalpenak eman arte.
Lantaldea, osatu gabe
Haren ustez, Azkuna zenak ez zuen begiko udal anbulantzien zerbitzua. “Hark sortu zituen Osakidetzako larrialdietarako anbulantziak, Osakidetzako burua zenean. Ez zuen ulertzen Bilbok zergatik eusten zion udal anbulantzia zerbitzuari, eta alkate izan den urteetan zerbitzua kentzen ahalegindu zen. Oraingo EAJk ere gogo horri eusten dio”.
Une honetan ere zerbitzua kamustuta dagoela salatu du Olabarrietak. Apiriletik, lau erizain eta lau teknikari ez daude beharrean, COVID-19aren aurrean zaurgarriagoak direlakoan. Eta beste erizain bat gaixoaldi luze batean dago. Hutsune horiek betetzeko exijitu diote udalari. Azaldu du zerbitzua erabiltzen dutenei inkesta egiten zaiela: “Notarik altuena duen udal zerbitzua gara. Zer logika du kentzeak?”.