I. Maruri Bilbao
Zelako konexioa duzu Interneterako?”. Maider Lejarretari sarri egiten dioten galdera da hori, ostatu bila bere landetxera deitzen dutenean. Arteagan du, Arratian, eta Madariaga du izena. “Hona, mendi punta honetara, ez da banda zabalik iritsi, eta ez dakit iritsiko den ere”. Esan du kalterik handiena egun duen konexioagatik ordaintzen duen kopuruan igartzen duela. “Oraintxe bertan, urtean mila euro inguruko faktura dut”. 4G teknologia du kontratatuta, telefono konpainia batekin: hau da, telefono seinale bidez jasotzen du Interneta. “Abuztuan landetxea beteta izaten dudanean, bezero bakoitzak bere gailua konektatzen du sarera, eta, sarri, borrokak egoten dira filmak ikusi ahal izateko”.
Neguan bestelako bezeroak ditu: inguruko enpresetara joaten diren teknikariak, gehienbat. Horietako askok lan egin nahi izaten dute landetxetik. “Bezero gehiago izango nituzke Internetekin horrelako arazoak izango ez banitu”. Lejarretak, landetxeaz gain, marketin agentzia bat ere badu, eta etxetik egiten du lan. “Sarritan, egun osoa behar izaten dut artxibo bat kargatu ahal izateko”. Gaineratu du seinalea banatzen duten antenak ere sarri izorratzen direla; halakoetan, konexio barik geratzen da: berak ezin lan egin, baina bezeroek ere ez, eta, horren ondorioz, bezeroak galtzeko beldur izaten da. Beraz, Lejarretak gura luke banda zabala bere etxera iristea, eta ahalik eta arinen; baina ez daki diputazioak sustatutako programa horrekin iritsiko zaion. “Udalekoekin sarri egin dut berba gai honetaz, eta, orain, ez didate ezer esan”.
Landa inguruan lan egiten duten enpresek gero eta konexio hobea behar dute, eta konexio ona edukitzeak herri horietan negozio berriak sortzen ere lagunduko luke; baita herriotako populazioa handitzen ere. Hala uste dute, esaterako, Arrietako RedMasai enpresan. Larruzko produktuak egiten dituzte, artisau eran. Berez, horretarako ez dute behar Internetik, baina bai euren produktuak saltzeko. Hainbat dendatan topatu daitezke, eta baita sarean ere. “Gero eta garrantzitsuagoa da webgune sendo bat eta sare sozialak izatea”, azpimarratu du Jose Escrichek, enpresako bazkideetako batek. Euren produktuak jende gehiagok ezagutzeko, ezinbestekoak dituzte baliabide digitalak, baina Arrietan, oraingoz, ez dago banda zabalik, eta telefono linea bidez jasotzen dute eurenean Internet. Argazkiak eta bideoak igotzeko zailtasunak izaten dituzte, adibidez. “Askotan, webgunean lanean zabiltzala, konexioak huts egiten dizu, eta ezin duzu ezer egin. XX. mendean geratu garela dirudi”.
Oraindik apur bat itxaron beharko dutela uste du, diputazioak zabaldutako mapan ez delako euren auzoa agertzen. Bermeoko Almike auzoan, berriz, aurten hasiko dira lanean. Borroka luzea izan dute hori lortzeko. “Makina bat joan-etorri egin dut nik Bilbora, jakitera gure auzoa zergatik dagoen gune gris moduan izendatuta. Eta, azkenean, argitu genuen! Auzoko lehen zenbakia duen baserrikoek badute zuntz optikoa; errepidea berritu zenean jarri zieten, antza, baina gainontzekoei, ezer ez”, azaldu du Joseba Ugalde Almikeko auzo alkateak.
“Landetxe bat dugu auzoan, enpresa eraikitzaile bateko ugazaba bat, irakasle bat… Konexio ona behar dute, baina ez dugu: Telefonicako lehengo kobrezko kable bidez jasotzen dugu Internet”. Gogorarazi du iazko udaberrian, COVID-19aren pandemia dela-eta etxeratze agindua ezarri zenean, euretako asko estu eta larri ibili zirela: “Umeek ezin jaso eskolak Internetez, ezin telelanik egin… Ahal zutenak Bermeora jaisten ziren, familiakoren baten etxera”. Egoera normalagoan, konexio premia arinagoa den arren, arazoa hor dago oraindik.
Behin-behineko irtenbidea
Orain ere auzolanean dabiltza banda zabala iritsi bitartean eguneroko premiei erantzun guran. Telefonicak gertuko baserri bati zuntz optikoa ipini dio. Banda zabala duen baserri horrekin egin dute akordioa bizilagunek: hango ugazabak 600 megako paketeak kontratatzen ditu, ez duten etxeetarako. Denen artean ordaintzen diote. Ondoren, eurek ipinitako antena bidez eramaten dute Interneteko konexio arin hori behar duten etxeetara. “Irrati frekuentzia bidezko banda zabala da erabiltzen duguna”. Etxe bakoitzari 30 megako konexioa iristen zaio. “Ez da nahikoa, baina gainontzekoen etxeetara ere banda zabala ailegatu arte, horrela moldatu beharko dugu”.