Umeen eta gazteen aisia, euskaraz

Umeen eta gazteen aisia, euskaraz

Ibai Maruri Bilbao

Pandemiak hizkuntza ohiturekiko kezka eragin du, besteak beste, ume eta gazte askori euskaraz egiteko aukerak gutxitu zaizkielako. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaizaren esanetan, Harrapazank eta Ikusi eta ikasi programak horri aurre egiteko baliabide aproposak izan daitezke. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean urtero antolatzen dituen ekimen bi dira: 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat da Harrapazank, eta 16. ekitaldia du aurtengoa. 4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago Ikusi eta ikasi, eta 17. aldiz egingo da aurten. Baina modu bereziak biak ere. Osasun larrialdiak aurrez-aurreko jarduerak mugatu dituenez, hasieran online izango dira eta gerora, udaberri aldera, aurrez-aurreko jarduera batzuk ere eskainiko dituzte, orduko egoerak ahalbidetuko balu.

Narbaizaren esanetan, “aisialdi dibertigarria, hezigarria eta doakoa” eskaintzea da programa bi hauen helburua. Izan lagunekin izan familian, “kalitatezko denborapasa” eskaini nahi diete bilbotar gazteenei. Eusara aisialdiarekin eta gozamenarekin ere lotuta dagoela ikusiko dute. Aurten, gainera, Internetez eskainiko diren tailerretan hiriburutik kanpokoek ere parte hartu ahal izango dute.

Talentu lehiaketak, bideo-jokoei lotutako sormena eta hainbat gaitasun lantzeko tailerrak izango dira Harrapazank programaren ardatzak. Eszena izeneko atalean, gazteek, taldeka zein bakarka, haien gaitasunak erakutsi ditzakete, telebistako talentu lehiaketetan bezala: jantzan, musika jotzen, abesten, txisteak kontatzen, magia egiten edo dana dalakoan duten abilezia erakutsi ahal izango dute, saria lortzeko.

Adinaren arabera, bi maila sortu dituzte: 10-13 urte artekoena eta 14-18 urte artekoena. Parte hartu guradutenek bideo labur bat bidali beharko dute, otsailaren 26a baino lehen. Antolatzaileek 25 onenak aukeratuko dituzte, coach baten laguntzarekin euren gaitasunak fintzeko. Finalisten galak maiatzaren 28an eta 29an egingo dira, Bilborocken, osasun egoerak kontrakorik esan ezean.

T(r)ailerrak izeneko beste atal ere badago: 23 tailer dira, denetariko gaiak lantzeko: eskulanak, musika eta gorputz mobimendua sail nagusietan banatu dituzte. Online izango dira, otsailean eta martxoan, eta ez da aurretik izenik eman behar.

Azkenik, Harrapazank Kalean atala ere badago aurten. Kalean egiteko jarduerak dira. Osasun egoerak baimenduz gero, maiatzeko asteburuetan izango dira jarduerak: grafitti tailerrak, Parkean Party zirkuitua… Maiatzaren 22an Harrapazank jaia ospatuko dute, ganera. Aurretik izena eman behar da.

'HARRAPAZANK'

Gurasoekin edo lagunekin

Ikusi eta ikasi programan askotariko tailerrak eskainiko dituzte, 4 eta 10 urte arteko umeentzat. Asteon hasi eta apirilaren 22ra arte online eskainiko dira. Tailerrak bi mailatan banatu dituzte: Ikusi eta ikasi familian mailakoak 4 eta 8 urte artekoentzat dira, eta familian egiteko. Lagunekin mailakoak, berriz, 8 eta 10 u rte artekoentzat, eta izenak dioen bezala, lagunekin egiteko. Guztira 25 saio izango dira eta euretako bakoitza 72 orduz egongo da sarean ikusgai. Horrez gainera,maiatzetik ekainera aurrez aurreko 14 saio egingo da. Musika, magia, sukaldaritza… Askotariko gaiak landuko dituzte. Iaz bezala, Zuriñe Hidalgo izango da aurkezlea.

Maria Rivero Topaguneko teknikariak azaldu duenez, aurten sorpresa badu Ikusi eta ikasik: “Kanta bat sortu diogu, baina bukatu gabe dago. Grabatzea falta da, eta martxoaren 1etik 8ra izena emango duten familiek izango dute gero estudio profesional batean egingo den grabaketan parte hartzeko aukera”.

Ikusi eta ikasi programan eskaini den guztiarekin informazioa jasoko dute Bilboko familiek. Baita hazitxo bat ere, etxean erein dezaten. “Erein eta ondoren zaindu egin beharko dute, euskararekin bezala”, azaldu du Riverok. “Euskararen hazia da”.