Hasi dira zuntz optikoa zabaltzen

Hasi dira zuntz optikoa zabaltzen

Ibai Maruri Bilbao

Astelehenean hasi ziren Interneterako abiadura handiko konexioa falta den tokietara hedatzeko lanean. Zuntz optikoa zabalduko da oraindik ez duten eta eremu zurietan dauden Bizkaiko 7.621 atarietara —8.190 etxebizitza—. Aurten, Mungialdera, Uribe Kostara, Arratiara eta Enkarterrira helduko da; datorren urtean, Bizkaiko gainontzeko eskualdeetara. Bi urte iraungo dute lanek: Telefonicak egingo ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduta.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du lurralde kohesioan pauso garrantzitsua dela. Herri txiki, aukera handi proiektuaren parte da. “Bizkaiko lurralde historiko osoan aukera berdintasuna eta bizi kalitatea bultzatzera bideratuta dago jarduera hau”. Azkenaldian garatutako proiektu garrantzitsuenetakotzat jo du: “Bizkaia hobea utziko die hurrengo belaunaldiei, gizarte hobea, konektatuagoa, trinkoagoa eta bizi kalitateduna lortuz”. Azpimarratu du zuntz optikoa zabaltzeari esker falta duten toki horietan ehun bat lanpostu mantenduko direla.

Aldundiak hamar milioi euro inguruko inbertsioa egin du diru laguntza baten bidez: hau da, zuntz optikoa zabaltzeko beharrezkoak diren lanen %90 ordainduko du. Rementeriak azaldu duenez, lan horiek aurten hasi eta bukatuko dira Enkarterrin, Arratian, Mungialdean eta Uribe Kostan. Era berean, Busturialdean eta Durangaldean aurten hasiko dira lanak, baina datorren urtean bukatu. Gainera, datorren urtean hasi eta bukatuko dituzte lanak Hego Uribeko, Lea Artibaiko, Txorierriko, Meatzaldeko eta Bilboaldeko etxebizitza sakabanatu guztietan. Hala, aurten 50 udalerritako 4.242 etxebizitzatara iritsiko da banda zabala; datorren urtean, beste 45 udalerritako 3.948 etxebizitzatara.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, lan horiek egiteko deitutako diru laguntza eskuratzeko eskaintzarik onena aurkeztu du Telefonica konpainiak, eta horregatik hautatu dute enpresa hori lanak egiteko. Deialdiaren oinarrietan ezarri zen bezala, zuntz optikoaren eremu zurietan sakabanatuta dauden atari guztietara zabalduko da, eta abiadura handiko konexioa eskainiko zaie. Etxe horiek, gutxienez, 300 megako konexio simetrikoa izango dute —igotzeko eta jaisteko—, datuak mugarik gabe transferitu ahal izateko. Zerbitzuaren baldintza ekonomikoak biztanle dentsitate handiko eremuetan egiten diren merkatu eskaintzen antzekoak izango dira. Alta eskaerei gehienez ere hamar egunetan erantzun beharko zaie. 24 ordu baino lehen konpondu beharko dira zerbitzua etetea ekar dezaketen arazoen %95.

zuntz info

Hutsune bila

Espainiako Gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioak ematen duen definizioaren arabera, eremu zuriak telefonia operadoreek teknologia hori hedatzea aurreikusten ez duten abiadura handiko Interneteko estaldurarik gabeko guneak dira; gune grisek, berriz, badute banda zabala, kasu batzuetan gune osora heltzen ez den arren. Ministerioak berak izendatzen du leku bat kolore bateko edo besteko. Gaur egun, gune zuri izendapena duten tokietan egingo dira lanak bi urte hautetan.

Rementeriak aurreratu duenez, zenbait gune abiadura handiko konexiorik gabe gera litezke bi fase hauek bukatutakoan, estalduratik eduki ez arren, estaldura duten eremu gisa katalogatuta daudelako eta sarbidea 5G teknologiaren garapenaren mende dagoelako. Iragarri du diputazioak udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lan egingo duela estaldurarik gabeko toki horiek detektatu eta Espainiako Gobernuari horiek gune gris barik gune zuri izendatu ditzala eskatzeko. Izendapen horrekin, diputazioak orain bezala jardun ahal izango du, faltako liratekeen etxe horietara ere abiadura handiko konexioak eramateko lanak diruz lagunduz. Horretarako, beste bost milioi euro gorde ditu. 2023ko udarako Bizkaiko etxe guztiek konexioa bermatuta izatea da helburua.