Natalia Salazar Orbe
Mugikortasun jasangarriaren aldeko hainbat eragilek urteak daramatzate Bilbo eta inguruko herriak bidegorriz lotzeko eskean. Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean onartu zuen hiriburutik Getxora arteko bidegorria zer-nola egin aztertzeko proposamena. Sei urteren ondoren, asteon iragarri du Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo lotuko dituen bulebar bat eraikiko dutela itsasadarraren ertzean, bizikletentzako eta oinezkoentzako. Horrez gain, Erandio eta Barakaldo arteko bidea oinez zein bizikletaz egiteko zubia eraikiko dute. Unai Rementeria ahaldun nagusiak esan du bi azpiegitura horiek 2024. urtearen amaieran erabili ahalko direla.
Proiektuok egiteko, 36,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Rementeriak adierazi duenez, azpiegiturok Bilbo itsasadarreko udalerrietara zabaltzeko apustuaren parte dira. Halaber, uste du zubiak eta bulebarrak 600.000 biztanle ingururen mugikortasun aukerak hobetzen dituztela, ingurumena eta bizi kalitatea errespetatuz.
Zehaztasunik ez oraingoz
Joan den martitzenean egin zuten iragarpena, Erandion, eta Rementeriarekin batera azaldu ziren proiektuak hartuko dituen herrietako alkateak: Barakaldokoa, Amaia del Campo; Bilbokoa, Juan Mari Aburto; Erandiokoa, Aitziber Oliban; Getxokoa, Amaia Agirre, eta Leioakoa, Iban Rodriguez. Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua ere egon zen agerraldian. Hala ere, oraindik zehaztasun gutxi eman zuten. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila eraikuntza proiektua lantzen ari da orain; proiektu horrek zehaztuko ditu zubiaren eta bulebarraren ezaugarriak eta trazadurak.
Oraingoz aurreikusitakoaren arabera, 2022ko bigarren erdi aldera hasiko dituzte lanak. Oraindik ez dago jakiterik ingeniaritza proiektuak zer neurri ezarriko dituen, baina Rementeriak aurreratu du bulebarra ahalik eta zabalena izango dela, eta bereizi egingo dituztela oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak.
Gainera, zazpi kilometroko luzera izango du. Trazadura laua eta zuzena izango da; azpiegituraren zati bat itsasadarraren gainetik pasatuko da, ordea. Bulebarra egiteko 20 milioi euro beharko dituztela aurreikusi dute.
Erandio eta Barakaldo lotuko dituen azpiegitura ere aurkeztu dute. Itsasadarraren gainean bizikletek eta oinezkoek soilik erabiliko duten zubi hori egiteko, 16,5 milioi euro erabiliko ditu aldundiak. Era horretako lehen eraikuntza izango da, eta asmoa da zubia mugikorra izatea, Erandio eta Barakaldo artean ontziek nabigatzeko aukera izan dezaten.
Proiektu biak zehazteko, adituen aholkularitza izango du aldundiak: azaldu dutenez, Bredako Unibertsitateko (Herbehereak) bizikleta mugikortasunean aditua den nazioarteko taldearen eta Dutch Cyclist Embassyren eta Bizkaiko bizikletaren talde bultzatzailearen ezagutza eta esperientziaren laguntzarekin zehaztuko dute proiektua.
Alkateak, pozik
Azpiegiturek lotuko dituzten udalerrietako alkateak pozik azaldu dira proiektuon iragarpenarekin. Aitziber Oliban Erandioko alkatearen ustez, ibilbidearen segurtasuna hobetuko da, eta itsasadarraren frontearen zati handi bat berreskuratuko dute. Gainera, aukera emango du aisialdia eta garraioa modu osasungarrian garatzeko.
Barakaldoko alkate Amaia del Campok esan du albistea pozgarria dela bere herriarentzako eta itsasadarraren inguruko herri guztientzako; herritarren bizi kalitatea hobetuko duela deritzo. Uste du proiektuak indartu egiten duela itsasadarraren bi aldeen arteko loturan Barakaldok ardatz klabe gisa duen kokapena.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu du azpiegituroi esker Bilbo gehiago hurbilduko dela Erandiora, Leioara, Getxora eta Barakaldora. Konexio hori modu garbiagoan, jasangarriagoan eta osasuntsuagoan egiteko aukera ematen duela dio. Agerraldia aprobetxatu du Bilbok bizikleta erabiltzearen alde egiten duen apustua berresteko: bizikleta sarea, alokairuan eskaintzeko 550 bizikletaren zerbitzua eta abiadura muga orduko 30 kilometrora mugatzeko neurria aipatu ditu.
Amaia Agirre Getxoko alkatea proiektuak eguneroko praktikotasunera eramango dituen aldaketei begira jarri da. Haren esanetan, azpiegitura horrek getxotar askok Bilbora bizikletaz modu seguruan joateko duen nahiari erantzuten dio. Aburtoren antzera, Agirrek ere Getxo mugikortasun jasangarriaren alde egiten ari den apustua azpimarratu du.
Iban Rodriguez Leioako alkateak esan du bere herriak itsasadarrari bizkarra emateari uzteko helburua betetzen lagunduko duela. Azaldu du aspalditik lortu nahi duen helburua dela hori.